Taloa ez da errenta

Atzoko Berria egunkariko gehigarri ekonomikoan (2007-01-21), Erregaiak jan du taloa izeneko artikulua publikatu zen. Bertan AEBetan etanola erregai moduan usatzeko egiten ari den ahaleginaz ziharduten. AEBetan gasolinari % 15 etanol eransten zaio, bereziki artoaren gerrikoa osatzen duten estatuetan. Horietan arto-produkzioaren zati adierazgarri bat etanola ekoizteko erabiltzen da. Politika hori indartzen ari da Bush administrazioa eta 2005ean abiatu zen plangintza baten helburua 2012rako 28.000 milioi litro etanol produzitzea da. 2006n 18.000 milioi litro ekoitzi ziren.

Artikuluan diotenez, AEBetako etanol-ekoizleak Mexikotik ari dira artoa inportatzen. Ondorioz, artoaren prezioak igo egin du eta, bide batez, mexikarren jaki nazionala den tortillarena, taloarena. Halaber, etanola gasolina baino erregai garbiagoa dela esaten da artikuluan.

Horrela al da? Hile honetako Scientific American aldizkarian publikatutako artikulu bati jaramon egiten badiogu ez edo, gutxien-gutxienik oso dudazkoa da ingurugiroarekiko etanola gasolina baino garbiagoa dela esatea.

Artoa etanol bihurtzeko prozesuak  energia asko kontsumatzen du. Energia hori erregai fosilek damaite zait handi batean: uzta kudeatu eta biltzeko, artoa produkzio-zentroetara garraiatzeko eta etanola distilatzeko, esaterako. Egin diren azterketen arabera, etanola artotik lortzeko prozesuaren ingurugiro-balantzea ez da gasolina-produzitzeak ematen duena baino hobea; ez ditu berotegi-gas gutxiago sortzen. Beraz, gasolinaren ordez etanola erretzeak ez ditu poluzio-arazo txikiagoak ekartzen. Gainera, AEBetako arto-produkzio osoa etanola lortzera bideratuko balitz ere, demagun independentzia energetiko faltsu baten izenean, bertako ibilgailuek erretzen duten errigaiaren zati txiki baino ez litzateke izango.

Matthew L. Wald artikuluaren egileak ez du, horratik, ixten bioerregaien bidea. Izan ere, zelulosaren hartzidura gobernatzen duten entzimen lana kontrolatzea eta eraginkorrago bihurtzea lortuko balitz, artoaren zurtoinak, zerealen lastoak, belarrak eta beste hondakin begetal asko izan zitezkeen prozesuaren lehengaia. Hondakinetatik abiatutako prozesuan lortutako etanolaren gasolinaren artean konparazioa egiten denena, etanola garaile irteten da.

Etanolak taloa jaten ez badu izango du etorkizuna, gainerantzean  ez da errenta, ingurugiroari laguntasun gutxi eman eta jendea gozez hiltzeko arriskuan jartzen duelako.

Informazio gehiago:
www.ethanol-gec.org/netenergy/neypimentel.pdf
www.transportation.anl.gov/pdfs/TA/345.pdf

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude