Gure aitonak esaten zigun “Desafiorik gure badozu… badagoz proba-lekuak“. Izan ere, desafio bat bota nien ikertzaileei aurreko mezuan: ea zientzia eta euskara normaltasunez uztartu daitezkeen erakusteko gai ziren, tesia eta Twitter bateratuz. Sei txiotan, euskaraz, egindako ikerketa lanaren berri ematea Twitterren. Norbaitek apusturik egin zuen?
Jakina da euskaldunok ez diogula ezetz esaten desafioei eta Interneteko plazan ederto erakutsi zuten ikertzaileek posible zela, ahal zutela, bazekitela egiten eta egin, egin zuten. Txikitan guztiok gara ikertzaileak, jakin-mina dugu soberan. Hura ukitu, bestea nahastu, hori frogatu… eta handitan? Handitan badaude ere ikertzen jarraitu nahi dutenak.
Hainbat gaietako xehetasunak aztertzen dabiltzan 86 parte-hartzaile itsasoratu ziren. Makina bat ordu, esfortzu eta neke suposatzen duen ikerlana 840 hizkitan azaltzeko prest. Optimizazioa beharrezkoa zen, hitz gutxitan esanahi handiko ekarpenak erraz ulertzeko moduan idatzi behar baitziren.
Azken finean, dibulgatzea zen helburua. Ezagutaraztea egiten dutena ingurukoei eta ikerkuntzan dabiltzanak ezagutzera ematea. Zientziaren dibulgazioak Interneten du tokia. Internet leku paregabea da. Duda barik. Denetarik, denetarako, denontzat, denen eskura dauden baliabideak, zerbitzuak, informazioa, materiala… topa dezakegu eta eskuratu. Ez da bigarren mailako tokia gai zientifikoak plazaratzeko.
Internetek informazioa infinitura arte zabaltzeko aukera ematen digu. Informazioa zuzendu eta eguneratzeko aukera. Interneten audientzia aktiboa dago, iruzkinak, iritziak ematen dizkio informazioa ematen duenari eta gehiago jakin nahi izanez gero, esan egiten dio ere. Eta… aktibotasunari erreparatuz, zein izan zen “Txiokatu zure tesia 6 mezutan” ekimenaren eragina?
Eraginak, emaitzak askotarikoak izan ziren. Baikorrak eta ezkorrak. Ez gaitezen itsutu. Alde batetik, ikusi genuen ikertzaileen komunitate bat egon badagoela.
Elkarren berri izateko aukera ahalbidetu zuen ekimenak.
Bestetik, hainbeste lan egin eta gero, sei txiotan urte askotako ikerketa lana di-da baten plazaratzen dela. Hainbeste esfortzu zertarako?
Kezka horri, (“ikertzeak merezi ote zuen”) erantzun arina eman zion Sustatuko editoreak: artikulu bat idatzi eta plazaratu agerkari digitalean. Elkarlana, elkarrekintza ere sortu zen sarean. Txioetan esandakoa zabaldu eta atera errendimendua egindako ikerketari.
Baina, tamalez, honek guztiak ez die balio parte-hartzaileei euren curriculumetan merituak gehitzeko. Ez dago puntu estrarik…
Bizitzan egiten dugun guztiaren eragina ezin dugu kuantifikatu “xx” puntu, euro edo puxtarritan. Matematika zehatzak ere horrela esaten digu: “Bizitzan, dena ez da konparagarria, ezta kuantifikagarria ere!”
Hala ere, datuetatik ondorio argiak atera daitezke:
- ikertzaile euskaldunak desafioei aurre egiteko gai dira.
- zientziaren dibulgazioak Interneten badu tokia eta bertan egotea beharrezkoa da.
- elkarren berri izateko aukera ematen digu dibulgazioak.
- euskara ikertzeko, dibulgatzeko, komunikatzeko eta zientzia egiteko hizkuntza ere bada.