Tesia eta Twitter uztartzea: erronkari aurre egingo diogu?

Larunbatean mahai-inguru bat jarraitu nuen streaming bidez. Udako Euskal Unibertsitateak Natur Zientzien I. Topaketa antolatu zuen eta haren baitan “Euskara Natur Zientzietan” mahai-ingurua egin zuten. Bertan, hiru ikertzaile egon ziren: Txema Pitarke, Juan Ignacio Perez eta Jose Ramon Etxebarria. Eta zientzia dibulgazioan ari den kimikari bat: Eider Carton.

Helburu hau zuen solasaldiak: Natur Zientzietan euskaraz aritzea posiblea zen aztertzea. Saioan zehar hizkuntza eta zientziaren uztarketa hainbat eremutan planteatu zen: ikerkuntzan, ikerketa taldeetan, artikulu zientifikoen edizioan, baliabideetan, dibulgazioan, hizkuntza zientifikoaren normalizazioan eta abar. Solasaldiak eman zuen hausnarketarako baina gogoeta batzuk ekarri nahi nituzke gaur hona:

1.- Zientziaren “hizkuntza ofiziala” ingelesa da, badakigu, baina euskaraz ere komunikatu daiteke. Nazioartekotasuna eta euskaraz komunikatu eta dibulgatzeko bideak, baliabideak eta formulak egon badaude, erabili ditzagun. Jose Mari Pitarkek esan zuen bezala uztartu ditzagun zientziaren nazioartekotasuna eta euskara.

Txema Pitarke nazioartekotasuna2.- Formula magikorik ez dugu eta euskaraz aritzeko zientzian bideak ez dira errazak. Eta beste hizkuntzetan? Jose Ramon Etxebarriak azaldu zuen beste hizkuntzak ere egoera berdinean aurkitzen direla. Ez garela bakarrak. Eta egoerari buelta eman behar diogula, kontrako ikuspuntuak landu behar ditugula (“tortillari buelta eman behar diogula”). Zientzian euskaraz aritzea naturaltasunaz jorratu behar dugula.

Jose Ramon Etxebarria gure aukera da3.- Zientzia komunikatzeko baliabideak baditugu eta horrez gain, komunikatzeko interesa ere badugula azpimarratu zuen Elhuyarreko Eider Cartonek.

Eider Carton dibulgazioa4.- Komunikatzeko interesa baldin badago, nork egin behar du lan hori? Nork zabaldu eta partekatu behar ditu ikerketa-lanen emaitzak? Nork jakinarazi behar ditu? Txema Pitarkek erantzun zion galdera honi: norberak!

Pitarke zuk ez baduzu egiten inork ezLaburbilduz, zientzian euskaraz aritzea posible da, uztargarria da, interesa badago, baliabideak eta bideak baditugu eta… orain, zer?

umea-ikaratutaEuskaraz hasiko gara jo eta su artikulu zientifikoak argitaratzen? Tesiak egiten? Euskaraz funtzionatzen duten ikerketa taldeak osatzen? Ez dut uste. Solasaldiaren ostean bertan zeuden ikasleek, irakasleek, adituek eta ikertzaileek hainbat kezka, duda eta zalantza plazaratu baitzituzten.

Normaltasunez aritzeko, zientzia euskaraz egiteari suposatzen zaion lan karga erantsia, errentagarritasun eza, nekea eta bestelakoak albo batera uzten hasi beharko ginateke. “Normaltasunari” bidea zabaltzeko pertzepzio ezkorrei aurre egin beharko genioke, horrekin bide erdia egina izango genuke. Azken finean, nire ustez, zientzian euskaraz aritzearen “arazoak” eguneroko bizitzan euskaraz bizitzeak dituen arazo, kezka eta oztopo berdintsuak dituela ikusi ahal izan genuen aipatutako mahai-inguruan. Laburbilduz, barkatuko didazue, baina, zaharrak berri.

Eta ingurumari honetan zaharrak berri ekiditeko, badaude proposamen interesgarriak, esaterako, ikerketa-lanak sare sozialen bidez zabaltzeko ekimenak: “Txiokatu zure tesia 6 mezutan” lehiaketa adibidez.

Zientziaren emaitzak gizarteratzeko Tesia eta Twitter uztartzen dituen lehiaketa. Erronkari aurre egingo diogu? Sarean gauzatzen diren honako esperientziak, egiten dugunaren berri emateko landu beharreko ezinbesteko bideak dira. Juan Ignacio Perezek, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arduradunak mahai-inguruan gogora ekarri zigun: azken ikerketek diotenez, zientzia-informazioa jasotzeko Internet iturri nagusia bihurtu da, batez ere gazteentzakoJuan Ignacio Perez iturriakAzaroaren 19an tesia garatzen ari zaretenok, edo tesia azken bi-hiru urteotan defendatu duzuenok erronka bat duzue aurrean: zuen ikerketa-lana azaltzea, Twitter bidez, euskaraz, sei txiotan.

Zuek ez baduzue egiten, ez du beste inork egingo. Baliabideak badituzue, hizkuntza menperatzen duzue eta gu zuen zain egongo gara, egiten duzuenaren berri izateko asmoz. Erronkari aurre egingo diozue, zientzia eta euskara normaltasunez uztartu daitezkeela frogatzeko?

Iruzkinak (8)

  • Koldo Garcia (@koldotxu) says:

    Uxune,
    Oso interesgarria egin zait plazaratzen duzun gogoeta. Tesia euskaraz egin nuen, eta niretzat erronka oso aberasgarria izan zela beti diot. Bai, “lan karga erantsia, errentagarritasun eza, nekea eta bestelakoak” daude baina nire ustez ez euskaraz idazteagatik, baizik eta tesi bat idazteagatik. Tesiak artikulu formatoan gero eta ohikoagoak badira ere, unibertsitatearen arabera (eta unibertsitate horretako arautegiaren arabera), tesiak modu klasikoan idatzi behar dira. Eta formatu hori bai dela lan karga erantsia eta probetxu gutxikoa!
    Hizkuntzalariek gauza hauek hobeto kontrolatzen dituzte eta gogoeta sakonago bat egin dezakete, baina euskara zientzian diglosiaren betiko kontua gogorarazten dit. Egunerokoan euskara diglosian bizi da gaztelera eta frantzesaren aurrean; zientzian ingelesaren aurrean. Eta tesia zein hizkuntzatan egiterako orduan, nahita ez bada ere, euskaldunok diglosia bikoitzaren sindromepean gaudela badirudi, hautu bat egin beharrean eta hautu hori euskara bada justifikatu behar dugulu dirudi. Galdera subjektua aldatuko dut. Ingelesa zientziaren hizkuntza bada, eta tesia ingelesez egitea praktikoagoa bada, zergatik egiten dira tesiak gazteleraz? EHUn uztailean (tesi asko irakurtzen den hilabete bat) 16 tesi ingelesez irakurri ziren, 4 tesi euskaraz eta 27 gazteleraz. Ingelesa praktikoagoa bada, deigarria da horrenbesteko irtenbiderik ez duen hizkuntza batean idaztea (%57a!), ezta? Zergatik ote? Nik behintzat ez dut erantzunik.
    Orain, euskaraz tesiak ez egiteko arrazoi (aitzaki) bat ezagutzen dut baina tabu bat dena eta inork inoiz onartuko ez duena: euskarazko tesi baterako epamahai bat eratzea oso zaila da. Eta gaiaren arabera, ezinezkoa. Nik sortea, prestotasuna eta laguntza izan nuen epaimahaia guztiz euskalduna ez bazen ere euskaraz egin ahal izateko. Baina ez dakit zein neurriraino hau orokora den.
    Ez dut uste tesiak idazteko euskara arazo bat denik, baina euskaldun kopurua oztopo handia izan daiteke. Baina horrexegatik tesiak euskaraz egin behar dira, gurpil zoroa apurtzeko eta dinamika positiboan sartzeko. Gero eta tesi gehiago euskaraz, gero eta euskaldun gehiago tesien epaimahaian egoteko aukera. (Bai, euskaldun batek beste hizkuntz batean egin dezake tesia baina zergatik zure hizkuntzari uko egin zure hizkuntza erabili dezakezunean?)
    Eta txapa guzti hau erantzun batera heltzeko: bai, tesiak euskaraz txiokatu daitezke eta ziur erronkari aurre egingo diogula. Baina arazoa ez da hizkuntza izango, izatekoan hizkera eta erregistroa izango dira, baina hori sari banaketako hitzalditxorako usten dut…

    • inguma

      Eskerrik asko Koldo!
      Mahai-inguruak harritu ninduen oso. Partaideak, laurak, tesiak euskaraz egitearen aldekoak ziren eta lan honek suposatu izan duena euskararen normalizazioan eta suposatzen duena azpimarratu zuten. Hainbat arrazoi eta argudio eman zuten. Baina, galdera-erantzunen tartea hasi zenean, entzuleek egindako galderak eta iruzkinak harritu ninduten, modu suabean esateagatik. Asko ezagutzen nituen, euskara bultzatu eta landu duten ikertzaile eta irakasleak ziren asko.
      Euskaraz tesi batek suposatzen duen guzti hori, Jose Ramon Etxebarriak esan zuen, edozein hizkuntzatan eginda ere, lana suposatzen du. Baina ez dakit zergatik, ematen du, euskaraz egiteak “estra” bat dakarrela eta zuk diozun moduan, euskaraz eginez gero, hautu hori justifikatu beharren aurkitzen gara.
      Orain arte, hiru ikerketa-lan egin behar izan ditut. Laugarren bat abian dut eta inoiz ez dut izan zalantzan zein hizkuntzatan egingo nuen (eta lehena gaztelaniaz ikasten nuen karreraren barruan egin nuen).
      Egia da diozuna “euskaldun kopurua oztopo handia izan daiteke”. Mahai-inguruan ere aipatu zuten hizlariek, beharrezkoa dela hiztun komunitate bat izatea. Eta horretan bat nator zurekin “horrexegatik tesiak euskaraz egin behar dira, gurpil zoroa apurtzeko eta dinamika positiboan sartzeko”
      Katalunian egon nintzan ikasketan amaitu ondoren proiektu baten eta bertako lagun baten esaten zidan: “euskaldunak oso ezkorrak zarete, `baina’ asko jartzen dizkiozue erronkei. Ezetza ikusten duzue aurrean. Guk nahiz eta ezetza ikusi pentsatzen dugu, ezetza badugu, beraz, zer galtzen dugu eginez gero? Ezer ez! Agian, zerbait irabaziko dugu!”
      Tortillari buelta eman behar diogu. Agian #Kafepintxo batekin lortuko genuke Koldo! 🙂

  • Antton Alberdi says:

    Kaixo!

    Mahai-inguruan ez nintzen parte hartzeko tenorean buruan beste hainbat gauza baizebilzkidan, baina Topaketako buruhausteak gainetik kenduta, hemen nire iruzkina:

    Tesia egiten dihardut EHUn (3. urtea amaitzen ari naiz), Zoologia departamentuan, eta saguzar belarrihandi alpetarraren ekologia eta eboluzioari buruz. Tesi honetatik 5 artikulu zientifiko aterako dira (batzuk publiko dira jada), guztiak ingelesez, eta indexatutako aldizkari zientifikoetan. Nire taldeekin eta tesi-zuzendariekin euskaraz eztabaidatzen ditut nire tesiaren nondik-norakoak, nazioarteko ikerlariekin (kongresuetan, egonaldietan eta interneteko hartu-emanetan), berriz, ingelesez. Zein hizkuntzatan pentsatzen dudan? Egia esan gaiaren eta momentuaren arabera; gehienetan euskaraz, batzuetan ingelesez. Nire egoera pertsonalaren sarreratxoa eginda, hona nire iritzia:

    Ez dut nire tesia euskaraz egingo ezta euskaratuko ere. Zergatik? Denbora beste egiteko batzuetan inbestitzen dudalako eta inbestituko dudalako; zati handi bat euskaraz eta hein batean euskaragatik.

    Pitarkek zioen “zuk zure gaiari buruz ez baduzu euskaraz idazten, nor idatziko du ba?”. Nire erantzuna, maila zientifiko-teknikoak? Inork ez, eta ez dit batere axola. Maila dibulgatiboan? Nik neuk, honek asko axola dit. Saguzar belarrihandi alpetarraren ekologia eta eboluzioa maila zientifiko-teknikoan euskaraz idazteak inolako zentzurik ez duela iruditzen zait, haren irakurle potentzialak 3-4 lagunera mugatzen baitira ziurrenik. Ingelesez, aldiz, 300-400 edo 3000-4000 lagunera, agian.

    Lan horretan aritu beharrean askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait bestelako lan batzuetan inbestitzea nire denbora: hala nola, artikuluak idazten euskaraz, irakurtzen ingelesez (etorkizunean artikulu gehiago idatzi ahal izateko euskaraz), EuskalNatura moduko proiektuak (gazteak naturaren ezagutzan eta dibulgazioan barneratzea helburu duena) eta http://www.euskalnatura.net moduko webguneak garatzen, eta abar.

    Entzuleen arteko batek zioen “Tesia euskaraz egiten ari naiz hala egiteko beka jaso nuelako”. Nik, zorionez, aukeratzeko aukera izan dut, eta ez dut dudarik egin. Tesia? Ingelesez. Haren itzulpena euskarara? Ezta zoratuta ere! (baditut egiteko interesgarriagoak) Haren dibulgazioa? Euskaraz, dudarik gabe.

    • inguma

      Kaixo, Antton!
      Eskerrik asko zure iritzia emateagatik. Egiten duzun planteamendua bat dator mahai-inguru hartan entzulegotik egindako hausnarketekin. Eta bai, harritu egin ninduen, niretzako plateamentuak ezkorrak zirelako eta euskaldun izatearen ajeak gogora ekartzen zizkidatelako.
      Honen inguruan hitz egin izan dut ere, kimika lantzen duten lagun birekin eta ikuspuntu anitzak ditugu. Esango nuke zure ikuspuntutik hurbilago daudela, niretik baino.
      Baina, ikuspuntuak ikuspuntu, honekin ez nator bat ” Saguzar belarrihandi alpetarraren ekologia eta eboluzioa maila zientifiko-teknikoan euskaraz idazteak inolako zentzurik ez duela iruditzen zait, haren irakurle potentzialak 3-4 lagunera mugatzen baitira ziurrenik. Ingelesez, aldiz, 300-400 edo 3000-4000 lagunera, agian.”
      Zergatik ez du zentzurik euskaraz idaztea horren inguruan?
      .- Non idatzi baduzu: Ekaia aldizkaria esateko.
      .- Irakurle potentzialak gutxi direla? Barkatu, zelan dakizu hori? Azterketarik egin duzu? Eta ez baduzu egiten, gaia euskaraz ez bada plazaratzen, irakurle potentzial horien kopurua ez da gehituko. Hori seguru.
      .- Maila zientifiko-teknikoak euskaraz jorratu dutenei, ez bazitzaien axola izango hori egitea, gaur egun zure tesi zuzendariarekin eta taldekideekin euskaraz zure gaiari buruz eztabaidatzea zaila izango zenuke. Ala ez duzue termino zientifikorik erabiltzen zuen arteko berbaldietan?

      Inguma datu-basean ari naiz produkzio zientifikoa katalogatzen eta joera oso argia da. Ikertzaile gazte batzuk badaude euskaraz tesia egiten dutena (agian askok beka lortu dutelako) eta gero ez dute besterik egiten euskaraz. Ez artikulu zientifiko, ez dibulgazioa. Eta bilakaera ezkorra da euskarazko produkzio zientifikoari dagokiona, batez ere, jakintza-arlo batzuetan.

      Niri ez dit bost axola joera honek. Guztiz kontrakoa, pena ematen dit eta arduratzen nau. Hizkuntza gutxitua da euskara, ez dezagun gutxiestu guk geuk.

      Nik baikorra izan nahi dut eta, hemendik urte batzuetara “Saguzar belarrihandi alpetarraren ekologia eta eboluzioari buruz” euskaraz artikulu zientifiko bat katalogatzen dudanean datu-basean eta egilea Joxerra Aihartza barik, Antton Alberdi bada deituko zaitut zoriontzeko eta eskerrak emateko, ez izan zalantzarik!

      • Antton Alberdi says:

        Lehentasun-kontua delakoan nago Uxune. Egunak 24 ordu ditu, eta esfortzuak denbora-tarte horri doitu behar zaizkio. Egunak 26 ordu izan balitu ere, dena den, 2 ordu extra horiek beste zerbaitetan inbestituko nituzke; sentitzen dut. Iruditzen zait denbora tarte hori tesia euskaratzen igaro beharrean beste zeregin batzuetan igarotzea interesgarriagoa dela. Aurreko mezuan aipatu ez ditudan beste adibide batzuk: Natur Zientzien (euskaldunen) Topaketa antolatzen, edo mugikorrerako aplikazioak (euskaldunek erabiltzekoak) garatzen, esaterako.

        Ez dut nere lan zientifikoa euskaldunentzat soilik egin nahi, mundu guztiarentzat baizik, eta gaur egun, gustatu ala ez, mundu zientifikoaren hizkuntza ingelesa da. Española edo frantsesa izan banintz ez litzaidake burutik pasa ere egingo (hala espero dut) nire artikuluak españolez edo frantsesez publikatzea. Euskalduna izanda zergatik bai? Konplexua hor dagoela esango nuke…. Ez zait iruditzen euskararen “prestigioa” hizkuntza horretan publikatzen diren ikerketa zientifiko-teknikoen kopuruan neurtu beharko litzatekeenik. Munduaren noranzkoaren kontra arraun egitea ondo dago batzuetan, baina aldeko eta kontrakoak, pertsonalak eta kolektiboak, neurtu behar direlakoan nago.

        Errentagarritasunean dago kontua nire ustez. Nire helburu profesionala, momentu honetan, gogoko dudan gai batean postdoc postu bat lortzea da gogoko dudan laborategi batean. Danimarkan, Ingalaterran edo Kanadan. Horretarako inpaktudun artikuluak behar ditut, ingelesez, eta ahal izanez gero prestigiodun aldizkarietan. Horren arabera neurtzen gaituzte, zer egingo diogu ba…

        Terminologiari dagokionez, berriz, ez daukat inolako konplexurik “foreginga”, “commutinga” edota “biasa” erabiltzeko. Hala hitz egiten dut euskaraz nire ikerketa-gaiari buruz mintzatzean. Dena den, ez zait gaizki iruditzen gai zientifiko-tekniko zehatz horiei buruzko terminologia edo erabilpen-lanak sortzea, irakaskuntzan edo kudeaketan erabilgarriak izan daitezkeenak. Dena den, ez nau asko kezkatzen.

        Jende aurrean euskararen aldeko hitz potoloak jaurti eta eguneroko bizitzan euskaldunen artean euskaraz egiten ez duten horiek kezkatzen naute gehiago…

        • inguma

          Antton,
          “Errentagarritasunean dago kontua nire ustez.”
          “Horretarako inpaktudun artikuluak behar ditut, ingelesez, eta ahal izanez gero prestigiodun aldizkarietan”
          Gai horri “artikulitis” sindromea esaten zaio. Jon Mattin Matxainek kimikan doktoreak idatzi zuen moduan.

          Noski etorkizunera begira lan egiten ari zarela eta Juan Ignacio Perezek mahai-inguru haretan esan zuen zure berdina galdetu ziotenean ea zein zen euskaraz zientzia egiteko oztopoa. Berak “denbora” esan zuen. Zuk bezala, egunak ematen duenerako ematen du.

          Nik ez diotsut euskaldunentzako bakarrik egiteko lan zientifikoak, ezta tesia itzultzeko. Zuk diozun mundu guztiarentzako egin nahi duzula, ba ni neu hor nago, talde horretan, baina euskaraz ulertuko dut, ingelesez ez naiz ailegatuko gaia ondo ulertzen.

          Euskarazko aldizkariak inpaktu indizietan kontuan har ditzaten lanean dihardute hainbat eragile eta batzuk badaude hori lortzen (naiz eta ez zait baloratzeko modu hori gustatzen), unibertsitateekin ere lantzen ibili gara euskarazko artikuluak kontuan har ditzaten, baita Unibasq-erekin ere. Zerbaitetan ibili bagabiltza baina ez badugu bat egiten bidean, ez dut uste emaitza handirik lortuko dugunik.

          Udaberrian, Carlos Santamaria Zentruak antolatuta ikertzaile gazteei aholkuak emateko, adituen hitzaldi-sorta bat prestatu zuten. Bertan, zuk aipatzen duzun inpaktuaren gaia plazaratu zen. Bertan zegoen hizlariak, esan zigun: “guztiok nahi duzue XXX aldizkaritan argitaratu, ospe eta izen handiko argitalpenetan plazaratu lana. Zuen moduan milaka daude, eta gero eta zailagoa duzue lortzea. Argitaratu aldizkari “txikiagoetan”, “xumeagoak”, baina argituratu zuen hizkuntzan eta beste baten. Bidea ireki behar da eta hori eginez egiten da. Errazago hartuko dute zuen artikulua bidean ibiltzen hasiak bazerete, ospe handiko XXX aldizkari horretan.”

          Gai honek askorako ematen du, ez duzu uste?
          Aurrez-aurre aurkitzen garenean, hurrengo bileran jarrai dezakegu! 😉

          Eskerrik asko!

  • Antton Alberdi says:

    Interes sozio-politiko-ekonomiko-ideologikoak daudela egungo zientzia-sisteman? Dudarik ez; baina oraingoz ez dut ezagutzen esparrurik milioika lagun barneratzen dituenik interes horiek ezagutu ere egiten ez dituenik.

    Gaur egun nik ezagutzen dudan publiko bati begira publikatzen dut. Badakit nor diren nire gaiaren bueltan dabiltzan ikerlariak eta haiekin eztabaidatu behar ditut nire hipotesiak, emaitzak eta ondorioak. Haiek baloratuko dute nire ikerketa zientifikoa balekoa den hala ez. Eta horiek suitzarrak, austriarrak, ingelesak, kanadarrak, estatubatuarrak, suediarrak eta danimarkarrak dira. Litekeena da nire ikerketaren ondoriak okerrak izatea, hori da zientziaren oinarrietako bat, faltsugarria izan beharra dauka; eta faltsutzeko gaitasuna dutenak aipatutako horiek dira gaur egun. Asko eskertzen dizut nire ikerlana ezagutzeko eta ulertzeko gogoa, baina eman beharreko pausuak horiek direlakoan nago Uxune. Epaitu dezatela nire lana gai honen inguruan munduan ezagutza sakonena duten “peer”-ek. Horien balekoa jasotzen badu, askoz ere probabilitate handiagoa izango du nire lanak denboran iraun dezan. Saguzarren ekologian, organismo alpetarren biogeografian, filogeografian eta modelizazio ekologikoan ezagutza txikia dutenek epaituz gero, ziurrenik erraz asko publikatuko dut aldizkari “xume” batean. Ziurrenik, ordea, askoz ere lehenago faltsutuko dute nire lana bere garaian behar zuen bahea pasa ez duelako.

    Beraz, lehendabizi muin zientifikoaren berrespena jaso, eta ondoren publikatuko ditut dibulgazio artikuluak EuskalNaturan, Elhuyarren eta gainerako komunikabideetan.

    Ale! Eztabaida honen testigua beste norbaiti pasako diot. Kuadrotxoa estutzen-estutzen ari zaigu eta laster ez gara kabitu ere egingo!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude