Berotegi-efektua batzuen kezka baina guztien ardura

Berotegi-efektua klima berotzen duen prozesu natural bat da. Atmosferan dauden berotegi-efektu gasek sortzen dute, batez ere ur lurrunak, karbono dioxidoak eta metanoak. Baina azken hamarkadetan lehen prozesu naturaltzat jotzen zena orain zeharo aldatu dugu. Gure hiri eta herrietan sortzen dugun kutsadura eragin handia eta zuzena izan du prozesu honetan. Kotxea ogia erostera joateko ere hartzen dugu, gure erosotasunean pentsatzen dugu eta ez ekintza horien ondorioetan. Hori dela eta, giza jarduerak, batez ere azken hamarkada hauetan eta Ipar hemisferioan, altxarazi egin du CO2 kontzentrazioa. Ondorioz, eguzki-energia kopuru handiagoa geratzen da atmosferan harrapaturik, batez besteko tenperaturak gora egiten du eta izpi kaltegarriak errazago erortzen dira Lurrera. Ez dirudi oso inportantea, erraz esaten delako esaldi bakar batean. Baina ekar ditzakeen ondorioak oso larriak izan litezke.

Lurraren tenperatura orokorraren graduak igotzen badira, lurburuetako izotza urtu egingo lirateke, eta urtutako ur horrek itsasoetako maila igoaraziko luke. Horrek kostaldeko hiriak arriskuan ipini litzake eta baita milaka animaliaren bizia ere. Gainera, planetako gune batzuk basamortu bihurtuko lirateke.

Konponbiderik al dago honetarako? Ekidin daitekeen zerbait da? Ikerlariek erantzun horren bila darabiltzate lanean, baina atzeratzeko edo ekidin ahal izateko neurriak hartu daitezkeela jakin badakigu. Falta zaiguna kontzientziatzea da, neurri horiek barneratzea eta martxan jartzea.

Euskal Institutuak ahalegina egiten ari dela dirudi edo hori da hain zuzen maiatzaren 11an Deustuko Unibertsitatean aurkeztu zuen liburuak adierazten duena.

“Hacia una economía baja en carbono. Experiencias internacionales” da liburuaren izena eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren Energia Katedrak aurkeztu zuen.

Ekitaldian, Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordea, Emiliano Lopez Atxurra Orkestrako Energia Katedrako Patronatuko Batzordeko burua, José Luis Curbelo Orkestrako zuzendari nagusia eta Eloy Alvarez Pelegry Orkestrako Energia Katedrako zuzendaria egon ziren.

Liburuak energia sektoreko hainbat profesionalek egindako azterlanak biltzen ditu. Horietan berotegi eragineko gas igorpen txikiagoko ekonomiak dituen erronkak aurkezten dituzte, elektrizitate merkatuen egitekoa, edo energia berriztagarrien garapenaren eragina.

Berotegi eragineko gasen igorpenak murrizteko politiken aurrean elektrizitate merkatuen eta prezioak osatzeko moduaren egitekoa ere aztertzen dute. Era berean, elektrizitate sistemarentzat eta kontsumitzaileentzat agenda 2020 betetzeak ekarriko dituen kostuak zenbatzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude