Sarea josi egin genuenekoa

VII. Informatikari Euskaldunen Bilkuran, 2011eko maiatzaren 12an hain zuzen, lehendabizikoz “Sarea josten” ekitaldia antolatu genuen. Saregintza saio bat izan zen, partaideen artean harremanak sortzeko helburuarekin.

Gure asmoa gizarte-sareen eragin biderkatzaileari zukua ateratzea zen, era deszentralizatu batean edo Udako Euskal Unibertsitateko Informatika Sailaren laguntzaz “hub” batzuk sortuz.

Ekitaldia arrakastatsua zen, 40 lagun pasatxo elkartu ginen. Zazpi taldetan banatu ginen. Hurrenez hurren kontatuko dizuet.

Wikilariak

Talde honetan 6 lagun bildu ziren, hiztegigintzako bat, ekintzaile informatiko bat, enpresa munduko bat, bi ikerlari eta Wikipediako administratzaileetako bat.

Bileraren helburua euskarazko Wikipedia nola zabaldu izan zen, Wikipediaren 10 urteekin lotuta. Ideia batzuk eztabaidatu ziren, hala nola Wikilometroak edo Wikorrika bat antolatzea, gizarte-sareak erabiltzea jendea proiektuari lotzeko, Wikipediako txokoa aberastu eta abar. Aurreko batean, Informatika Sailean aipatutako ideia eztabaidatu zen, Wikipedia nola lantzeko erakusteko taller presentzial (edo bideoa) bat egitea, alegia. Beste ideia batzuk:

  • artikulu txiki asko sortzea, gero hazi egiten dira eta
  • irakaskuntzan ariketa bezala planteatzea
  • jende nagusia animatzea
  • euskararekiko militantzia bultzatzea
  • inoiz inork egin duen artikulu kolaboratiboena egitea

Bidenabar, partaideek wikipedia hilabete honetan 100.000 artikulura helduko dela jakinarazi ziguten. Bejondeigula!

Azkenik, goizean aurkeztutako OpenM2 ildoari jarraituz wikipedia indartzeko informatikako tresnak sortzea deliberatu zuten taldekideek.

Lanean jarraitzeko Wikipedia eta Informatika Saileko posta zerrenda erabiltzea deliberatu genuen.

Software-garapena

Talde honetan 7 lagunek hartu zuten parte, garatzaile eskarmentudunak gehienak.

Eztabaidaren muina proiektuak garatzeko elkarlana izan zen. Nahiz eta beste arlo batzuetan auzolanaren ohiturari jarraitzen diogun oraindik, softwarearen garapenean zail dago. Eredua ez dugu negozioetara zabaltzen jakin. Sare sozialen erabilera interesgarria iritzi zioten elkarlan hori bilatzeko. Horretarako sare sozialetan zuk duzun fidagarritasuna bertan garrantzitsua dela azpimarratu zuten. “Nick” bakoitzaren atzean zein dagoen jakitea garrantzitsua zela kontatu ziguten.

Software librea

Talde honetan 8 bat lagun elkartu ziren, batzuk ESLE inguruko enpresa mundutik, beste batzuk hacktibistak edo software librea bultzatzeko GKEetatik.

Bileraren gaietako bat software libre munduko kohesio falta izan zen. Software libreko enpresak eta “aktibista” partikularren artean elkarlana artikulatzeko modua bilatu beharko genuke. Hau gainditzeko indarrak batu egin beharko genuke, bilkurak egin, talde dinamizatzaile bat sortu eta laneko helburu zehatzekin atera, Software librearen behatokia sortzea adibidez.

Beste gai bat herritarren software libreari buruzko ezjakintasun handia izan zen. Ikastetxetatik hasita hasi beharko litzateke software librea erakusten eta batez ere software libreari buruzko kultura kolaboratzailea. Herritarrak software librea erabiltzen hasten badira instituzio publikoetan presio handiagoa egitea lortuko genuke.

Lanean jarraitzeko blogetan “Nolakoa behar luke Software Librearen behatokiak zure ustez?” galdera erantzutea deliberatu genuen, #ieb11 eta #slbehatokia etiketapean.

Lan-kontaktuak

Talde honetan 11 lagun batu ginen. Lan bila erdia, eta profila ezberdineko beste erdia.

Lana, lan baldintzak, aukeraketa prozesuak izan genituen hizpide. Harreman pertsonalen garrantziaz aritu ginen. Gizarte-sareak zeinen garrantzitsuak diren ikusi arren, bere mugak dituzte jendearen aurrean. Horregatik hartu emanetarako zerbait sortuko dugu.

Ikerketa

Talde honetan 6 bat ikerlari hartu zuten parte, EHUkoak gehienak.

Mintzagaia ikerkuntza arloen arteko komunikazio beharra izan zen. LinkedIneko euskal ikerlarien taldea proposatu zen. Agian plantea zitekeela norberak bertan informazioa jartzeko, eta beharrak botatzeko. Ikerketa-kolaborazioak sarearen bitartez hastea, zaila ikusten zen. Errazagoa ikusten zen ihardunaldi motako ekintza batekin. Horrelako bilerak ospatu dira UEUn noizbait.

Informatika eta irakaskuntza

Talde honetan 7 bat lagun elkartu ginen, lehen hezkuntzatik unibertsitatera.

Materialgintza izan zen bileraren ardatza. Irakasleok askotan antzekoak diren edukiak sortzen ditugu, lanak bikoiztu egiten ditugu (apunteak, aurkezpenak…). Zer egin dezakegu batzuek besteen materialak aprobetxatzeko? Rolak banatu (ekoizleak, edukien arduradunak izango direnak -irakasleak…- eta kudeatzaileak, eduki horiek antolatuko dituztenak). Aztertu beharko da antolaketa hau nola eraman aurrera (Eusko Jaurlaritza mantsoegia da holakoak bultzatzeko). UEUk bultza dezake ekimena? – galdetu zuten partaideek.

Saregileak

Hau izan zen talderik jendetsuena, dudarik gabe. 20 bat lagun elkartu ginen. Kazetariak gehienak, pare bat informatikari. Komunikazio eredu ezberdinetatik hurreratu ginen: EiTB, Hitza, prentsa-gabineteak, teknikariak…

Eztabaidagai gizarte-sareetako kanpaina azkarrak izan ziren, nola bideratu politika kanpaina bat gizarte-sareetan hain zuzen ere. Kontu pertsonalen edo instituzionalen arteko aldeetaz ere aritu ginen. Twitter, Tuenti eta Facebook aztertu genituen. Blogen garrantzia ardatz gisa aipatu genuen. Beste batzuk edukin biralak sortzeko ideia gustuko zuten, adibidez bideo bat, eta sustatu jendeak igo edo eta bere ezagunei postaz bidaltzea. Horrelako kanpainetan elkarreragina sustatzeko astirik ez zegoela ikusi genuen. Donostiako Bob Esponjaren kasua aipatu zen.

Lanarekin jarraitzeko LinkedIneko e-saregileak proposatzen dizuegu, aurreko batean UEUtik sortutakoa bera.

Taldekako lanan bukatuta, areto nagusian elkartu ginen guztiok, landutakoa birpasa eta komunikatzeko. Gure helburua erlazioen bitartez enpresa irekiaren ideia praktikan jarritzea izan zen, auzolanaren azpiegitura landu eta Bilkurako partaideen artean sarea jostea. Azpiegitura aske bat sortzea, etorkizunean baliabidea izan daitekeena. Uste dut hein batean lortu dugula.

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude