komunikazioetan sakontzen V

Azken aurreko komunikazioen laburpena dugu gaurkoa, 13:05 eta 13:25 tartean izango direnak.


S1 saioan ContiMarku enpresako sortzailea den Amaia Markuleta Arrula azalduko digu zein den Community Manager edo e-komunikatzaile baten zeregina. Zer nolako gaitasunak izan behar dituen, nola bilatu behar duen audientzia, nola entzun behar dien sareko erabiltzaileei haiek nahi duten informazioa zabaltzeko, nolako estrategiak erabili behar dituen mezua zabaltzeko, eta abar. Hori guztia kasu praktiko batekin azalduko digu gainera, hain zuzen ere, Itxako, Lizarrako eskubaloi taldearen kasua aurkeztuz.
Amaiari ere gaur elkarrizketa egin diote UEU365 blogean.


S2 saioan, OpenMT-2: Wikipedia eta Itzulpen Automatikoa biak elkarri laguntzen, Ixa taldea eta eu.wikipedia taldeen elkarlanaz hitz egingo digute.

Bi talde hauen ekimenaren helburua, euskarazko Wikipedia gaztelerazko Wikipediatiko informatikari buruzko 50 artikulu luzez ornitzea eta Matxin itzulpen-sistemaren corpusa aberastea.

Itzulpena era automatikoan egin ondoren, eu.wikipedia elkarteak koordinatuta zirriborro horiek zuzendu eta argitaratu egingo dira.

Komunikazio honen bidez, ekimen honen nondik-norakoak, zer egin den dagoeneko, zer dagoen egiteko eta aurrera egiteko behar dena jakiteko aukera izango dugu.


S3 saioan, bi komunikazio izango ditugu, biak, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresaren eskutik. Saio honen azkeneko komunikazioa izango da hau eta besteak baino 10 minutu gehiago iraungo du.
Lehenengoa, Elhuyar Hiztegiak Android eta Iphonetan izango da. Bertan azalduko digute zein sistema eragiletan eta nola funtzionatzen duten dagoeneko mugikorretan jar ditzakegun Elhuyarren Euskara/Gaztelania – Castellano/Vasco, Eusk/Ing-Eng/Basq eta euskara/frantsesa-français/basque hiztegiak.
Bigarrenean Opentrad itzultzaile automatikoa (es-eu hibridoa) aurkeztuko digute eta itzulpenak egiteko sistema horren azpian dauden motor eta plataforma desberdinei buruz hitz egingo digute.


Tira ba, azkenekoetara iristen ari gara. Bihar azkeneko laburpentxo saioa eta etzi… ETZI IEB!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude