Udako Euskal Unibertsitateko Informatika Sailetik
jotzen dugu zuregana, IEB2011, Informatikari Euskaldunen
VIII. Bilkuraren berri emateko. Aurreko ekitaldiek izaniko
harrera onak bultzaturik, datorren udaberrian beste ekitaldi bat
antolatzea pentsatu dugu; horri buruzko informazioa eman eta parte
hartzeko gonbidapena luzatzea nahi genuke gutun honen bidez. Bilkura
datorren udaberrian, maiatzaren 12an izango da
Donostian.
Bilkuraren izenburua, oraingoan, gizarte-sareak
izango da. Informatikari euskaldunen bilkura izanik,
gizarte-sareen ikuspegi soziala eta haietan euskarak duen erabilera
alde batera utzi gabe, gizarte-sare hauen azpian dagoen teknologia
eta sare hauek eduki ditzaketen aplikazioak ere landuko dira
bilkuran. Horregatik, zortzigarren bilkura honen egitarauan,
aipatutako ikuspuntuoi buruz arituko diren hizlari adituak aurkituko
ditugu. Egunean zehar aukera ezin hobea izango dugu gizarte-sareak
euskararen presentzia zabaltzeko nola erabil ditzakegun
eztabaidatzeko. Hitzaldiak ez ezik, gizarte-sareak,
mugikortasuna eta geolokalizazioarekin lotutako esperientzia
aberasgarriak eta azken aldian garatu diren software produktu
berriak azaltzeko aukera ere izango da (komunikazio deialdia).
Gai nagusia hori izanik ere, informatikan euskaraz
jarduteak berarekin dituen bestelako gorabeherek ere izango dute
lekua jardunaldiko mintzagaien artean. Informatikaren inguruan
gabiltzanok –softwaregile eta erabiltzaile, ikasle eta irakasle,
teknikari eta beste– bildu, elkarrekin eguna eman, eta komun
ditugun arazoei erantzun eguneratu bat bilatzen saiatzea dugu, bada,
helburu nagusia.
Hori guztia dela eta, jardunaldian
parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizugu, bai zure produktua edo
esperientzia aurkezteko, zein entzule gisa etortzeko, benetan uste
baitugu informatikan euskaraz jardun
nahi dugunok biltzea garrantzi handikoa dela, elkarren interesak,
arazoak eta kezkak nondik norakoak diren jakin dezagun.
Besterik gabe, har ezazu agur bero bat.