Zorrik gabeko ekonomia baterantz

Funtziona ote dezake ekonomia moderno batek zorrik gabe? Litekeena ote ekonomia batek funtzionatzea, baldin eta zorren bidez gobernuak defizitak finantzatzeko aukerarik ez badu?

2008. urteko azken hilabeteetan zehar, ia egunero, esan zaigu ekonomia ezin dela martxan jarri, ezin dela depresio ekonomikoa alboratu, baldin eta ez badira bankuak aritzen berriz ere maileguak luzatzeko. Eta, jakina denez, maileguak luzatzeak esan nahi du jendea, konpainiak eta gobernu-erakundek are zor gehiagotan sartuko direla.

Oraintsu arte, ekonomiaren helburuak hauexek izan dira: (1) bazka librea lortzea; (2) gobernua alboratzea, zergak ez ordaintzeko; eta (3) zergak lan-indarrean eta kapital industrialean jartzea.

Gaurko fikzioa ondokoa da: uste izatea ekonomia ‘errealak’ ez duela funtzionatuko ez bada finantza-sektorea bere galeretatik aterako. Zoramena da errealitate ekonomikoa zor deflazioan sartzea, hartzekodunei diru-laguntza luzatuz, beraien konputarizatutako fikziozko balantze-orriak errealitate ekonomiko baten ispiluak balira bezala.

Zor osoa da ekonomia itotzen duena. Izan ere, aktiboen merkatuan azaltzen da inflazioa nonahi, hots, akzio, bono eta higiezin errealeko prezioetan. Ondorioz, zor ordainketak errenta ondasunetan eta zerbitzuetan gastatuak izatetik desbideratuta daudenez, deflazioa azaltzen da edonon. Zor zerbitzua zurituz gero, ondasun eta zerbitzuetarako merkatua itoko da, langabezia hedatuz. 

Diruaren estatu-teoriaren arabera, diruari Estatuak (hots, gobernuak) ematen dio balioa; eta horretarako, diru hori zerga-ordaintzeko onartua izan behar da. Diruaren balioa zergapetzeari berari dagokio. Hortaz, zor arazoa ez da ebatziko harik eta arazo fiskala konpondu arte, hots, zerga sistema berri bat martxan jarri arte.

Finantza-arazoa eta arazo fiskala erabat lotuta daude. Beraz, zor osoaren arazoa, azken finean, arlo politikoan ebatziko da, zerga progresiboak martxan jarriz, bazka librea zergapetuz, gobernuak bere eginkizunari eutsiz (zergapetzeko eta dirua jaulkitzeko), eta lan-indarra eta kapital industriala zergapetzetik askatuz.

Inongo ekonomia ezin daiteke haz interes konposatuen bidez, zorra hazi den moduan. Hortaz, kreditu-inflazioak -hau da, zor arazoari irtenbidea emateko are zor gehiago sortzea-, berez, ez du gaurko problema konponduko. Irtenbidea esfera politikoan gertatuko da, inon gertatzekotan. Ez dago biderik zor osoa ordaintzerik. Dagoen irtenbide bakarra, zorrak deuseztatzea da. Hortaz, zorraren deuseztapenaz hitz egin beharra dago.

Bistan dagoenez, egunero zorrak ‘barkatzen’ dira. Gobernuek hainbat bankuri opariak (diru-laguntzak) luzatu dizkiete beraiek egindako zabor-kredituak zuritzeko. (Opari hori ez die egin langileei, ezta kapital industrialari edo eta, hipotekak direla eta, zorpean dagoen hiritar gehiengoari ere.)

Azken hamarkadan zor globala esponentzialki hazi denean, rentier klasea piramide ekonomikoaren bertizean kontzentratu da, klase horrek aberastasunaren zatia (errenta, interes, dibidendu, eta kapital irabaziak) handitu du, oligarkia berri bat osatuz. Baina gaur egungo finantza-demasiak, zerga osoak,  desarauturiko gizarte batera edo zor-peoitzara eraman gaitzake. Zor zama hain handia da ezen beraren kargaz ekonomia bera gainbehera egiten ari baita. Hortaz, modu batean zein bestean zenbait zor deuseztatuko dira. Kontua da ea deuseztapen hori finantza-sektorearen eta gainontzeko ekonomiaren artean dagoen finantza-polarizazioaren jarraipena izango den ala deuseztapen horrek rentier-ekin bukatuko duen.

Ekonomialari klasikoek nahi zuten rentier klasea alboratzea, gobernua rentier publikoa izan zedin. Egun, hori lortzea arazoa ekonomikoa baino gehiago, kontu politikoa[1] da.

Nola kudeatu dezake herrialde batek finantza-arlo garbi bat, gaur egungo aurreztaileen nahiak eta helburuak kontuan izanda? Zorrik gabeko ekonomia bat aurrezkirik gabeko ekonomia da, zeren talde baten zorra beste talde baten aurrezkia baita. Rentier klasetik ekonomia askatzea errazagoa da ekonomian nola funtzionatuko duen ikustea arazo politikoa ebaztea baino.

Zor batzuk desegiteak aurrezki batzuk deuseztatzea esan nahi du[2]. Hori ez da batere erraza izango (kasu, AEBetan populazioaren %1-ek errentaren %70a eskuratzen du eta rentier horiek ez dira prest egongo beraien ‘aurrezkiak’ deuseztatzeko). Hortaz, zoritxarrez, oraindik badirudi ekonomia fikzioan murgilduko dela, kontabilitatean fikzioari eutsiz.

Hona hemen, dena den, fikzio horrekin bukatzeko, zenbait irizpide argi: (1) zorraren deuseztapena koordinatu behar da jabego publikoarekin, zeren finantza-politika eta politika fiskala sinbiotikoak baitira; (2) bankugintza lerro produktiboetara zuzendu behar da; (3) helburu nagusia ekonomia bera ‘des-finantzialtzea’ da, zeren zor-desegiteak ‘ekitate negatiboa’ baztertuko bailuke.

Zorraren arazoa konpontzeko, zerga sistema berregituratu behar da, aktibo-prezioko inflazioarekin lotuta dagoen bazka librea zergapetzeko. Hortaz, etorkizun hurbilean arazo fiskala problema politiko nagusi bilakatuko da.

Gai izango ote gara politikoki zuzen aritzeko?


[1] Ikus Michael Hudson-en Tax program for U.S. economic recovery, in http://www.michael-hudson.com/.

[2]  Ikus Michael Hudson-en How a debt-free economy would work- the post-Soviet and German post-war examples (2009, oraindik argitaratu gabeko lana).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude