Diru guztia kreditua da…

Diruaren izaera ezaguna dugu, nahiz eta ekonomialari asko erabat tronpatuta egon: dirua aktibo/pasibo-ko kontabilitate-erlazio bat da, non eragile batek beste  bati kreditua luzatzen dion, azken horrek zorra onartuz. Zentzu honetan esan daiteke dirua zor transferigarria dela[1].


Historikoki kreditua ez dator dirutik, testuliburuek gaizki interpretatzen duten bezala. Alderantziz, baizik. Historikoki zerga zorrak eta merkataritza zorrak monetizaturik egon ziren. Zor euskarri fisiko batzuk transferigarri bilakatu ziren eta ordainketa-medio gisa zirkulatu zuten.


Kreditua dirua baino lehenagokoa da; dirua kredituaren kategoria bat izan zen, eta oraingoz da. Oraingo bankuek lehengo tenpluak ordezkatu dituzte, baina gauza bertsua egiten dute; kredituko euskarri fisiko batzuk sortzen dituzte (orain euskarri elektronikoak), zeintzuk transferigarriak diren eta ordainketa-medio bezala onartuak izan.


Hortaz, bankuek ez dute mailegatzen aldez aurretik dagoen dirua, mailegu bat luzatzen dutenean. Alderantzizkoa da: bankuek dirua sorten dute, mailegatzen duten arabera. Errealitate hori antzinakoa da, baita gaurkoa ere. Askotan banku-gordailu gisa edo eta ‘pasibo likido’ bezala definitua, bankuek maileguak ematen dituzten heinean sortzen dute dirua. Banku-mailegu bakoitzak diru-stocka handitzen du.


Beraz, maileguek gordailuak sortzen dituzte eta maileguak gordailu horiek baino lehenagokoak dira.


Laburbilduz, uste denaren aurka, lehendabizi bankuek maileguak luzatzen dituzte, eta azken horiek banku-gordailuak sortu.


…baina kreditu guztia ez da dirua.


Beraz, kreditu-krisi bat likidezia-krisia da. Bankuak ez balira gai kreditua sortzeko, horrek ekonomiaren gaur egungo moneta elektronikoen hornidura eragotziko luke, ondasun eta zerbitzuen eragiketa oztopatuz. Hala ere, horrek ez du adierazten zorraren rola.


Diru guztia kreditua den bitartean, kreditu guztia ez da dirua. Izan ere, berriki sorturiko banku-mailegu ia guztiak ez dira erabiltzen ondasunen eta zerbitzuen ordainketarako. Soilik banku-maileguen kopuru txiki bat usatzen da banku-gordailuak sortzeko, inbertsioaren eta kontsumoaren sostengurako. Gordailu horiek zirkulatzen dute eta, oro har, onartuak dira ondasun eta zerbitzuen ordainketa-medio gisa: horiek dirua dira. Baina mailegu gehiena finantza-inbertsiorako erabiltzen da, alegia, aktiboen eta tresna finantzarioen sormenerako eta merkataritzarako.


Egun munduan dagoen likideziarik handiena finantza-merkatuetan usatzen da, ez ondasunen eta zerbitzuen transakzioetan. Finantza aktibo horiek eta instrumentu finantzario horiek ez dira, oro har, onartzen ordainketa-medio bezala: beraiek sostengatzen dituen banku-kredituaren sormena ez da, beraz, ekonomia erreala sostengatzen duen diru-sormenaren prozesuaren parte bat.


Krisi eta zorra…


Gaurko krisia ez da kreditu-krisi bat zor-krisia baizik[2]. Gaur egungo banku-diruaren izaerak esplikatzen du banku-kredituaren sormenaren eta kreditu-krisiaren arteko lotura. Izan ere, ezaguna denez, partida biko kontabilitatean aktiboak pasiboa berdindu behar du. Banku-mailegatze bakoitzak pasibo bat sortzen du bezero batentzat (bankuari ordaindu behar zaion zor bat) eta dagokion aktiboa (banku-gordailua, zeina dirua den.)


Kreditua nola erabiltzen den da garrantzitsua: horrek determinatzen du ea zor bat azalduko den ala ez. Bere burua amortizatzen duen inbertsio batean (kasu, kapital finkoaren eraketan) mailegua erabiltzen baldin bada, orduan mailegu horrek balio erantsia sortzen du produktuen eta zerbitzuen eran, eta horrela zorra ordaindu ahalko da. Alderantziz, mailegua inbertitzen bada finantza-merkatuetan, eragiketa horrek jadanik existitzen diren aktiboen prezioak altxaraziko ditu, eta jabeentzat aktibo-aberastasuna. Aktiboak inbertsiogileek askotan saleros ditzakeenez, inbertsiogile bakoitzak mailegu bat hartzen duela erosketa finantzatzeko, eragiketa bakoitzean aktiboa baliotan handi daiteke. Baina kontabilitateak erakusten duenez, zor osoa handitzen da paraleloki. Zorra berrordain daiteke baldin eta finantza-merkatuetatik ondokoa erretiratzen bada, alegia, mailegu osoak sorturiko likidezia berdintzen duen kopurua. Horrek zorra kitatzen du, eta aktiboen prezioak deflaktatu egiten ditu lehengo balioetara.


Horixe da, hain zuzen ere, aktibo-prezioko boom bati (aktibo-prezioko inflazioari) jarraitzen dion zor-deflazioko irudia. Kredituaren bi erabilerak bi egoera oso desberdin islatzen dituzte: alde batetik, merkataritza-bankuek sektore errealetan inbertitzen dutena eta, bestetik, negozio-bankuek eta titulu-merkatariek egiten duten finantza-inbertsioa.


Azpimarragarria dena hauxe da. Likidezia-hazkundearen terminoetan, finantza-inbertsioa zero-sumako jokoa da. Finantza-merkatuak soilik era jasangarri batez haz daitezke, baldin eta sektore errealean sorturiko likidezia bereganatzen badute: likidezia bere burua amortizatzen duten maileguetan oinarritzen da. Alderantziz, era ez-jasangarriaz haz daitezke, batera sektore errealetik likidezia desbideratuz eta zorpetzea areagotuz. Azken egoera hori jasanezina da, eta, segurtasun osoz, punturen batean lehertuko da, krisi-puntuan[3]. Hala ere, ez-jasangarrizko zor hori urtetan ‘jasan’ daiteke, finantza-aktiboen eta tresnen stockak handituz.


Aipatu bezala, zorraren hazkundea berriki sorturiko kredituen erabilerari dagokio, baldin eta kreditua ez bada erabiltzen inbertsio ukigarrietan.


Aipaturiko kredituen bi erabilerak funtsezkoak dira bankuen zeregina, ‘kontulari sozial’ moduan, aztertzerakoan, hurrengo batean ikusiko dugun bezala.






[1]  G. Gardiner 2006, The evolution of creditary structures and controls.




[3] Ikus Saving, asset-price inflation, and debt-induced deflation, in R. Wray and M. Forstater (ed.) (2006) Money, Financial Instability and Stabilization Policy. Halaber, ikus  http://www.nabarralde.com/es/economia/3140-ekonomia-irudietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude