BI MUNDU, BI IKUSPEGI

Miresten ditudan bakarrak lehengo eta oraingo zientzi gizon eta emakumeak dira, ez inongo politikaririk. Gizon eta emakume horien artean, agian gehien harritzen nautenak Bohr eta Einstein dira. Bi gizon erraldoi horien artean ikaragarrizko eztabaida zientifiko egon zen. Izan ere, Bohr eta beste zenbaitek asmaturiko Mekanika Kuantikoaren aurka, Einstein altxatu zen behin eta berriz, teoria hori osoa ez zelakoan eta beste bat eraiki nahiz. Einstein-ek zenbait experimentu imajinatu asmatu zuen. Agian ezagunena, Einstein-Podolski-Rosen paradoxa dateke, 1935an argitaratua. Paradoxa horren bidez frogatu nahi zen edozein partikulak ba dauzkala, une berean, posizio eta momentu lineal (abiadura, nahi bada) zehatz eta konkretuak. Urteak pasa dira experimentu horren alde eta kontrako argudioak emanik, eta bakarrik joan den hamarkadan, 1982an hain zuzen ere, frogatu egin da, behin betiko, Bohr-ek arrazoia zeukala, eta mundu kuantikoan, “kuantoi” baten posizioa zehazki ezagutzen bada, momentu lineala (edo abiadura) ezezaguna dela erabat. Horrek Heisenberg-en desberdintzei arlo kuantikoan aparteko garrantzia ematen die. Hau da, mundu horretan agertzen diren fenomenoak bereziak dira eta gure mundu klasikoan erabiltzen ditugun kategoriak aplikaezinak dira mundu kuantikoan.

Argi dago, mundu politikoa ez dela Fisikan ikertzen dena. Analogiaz edo, zertxobait esatera ausartuko nintzateke, zeren mundu politikoan ere arloak eta marko ezberdinak baitaude. Kasurako, Urliak esan dezake oraingo marko politikoarekin, zeinaren bitartez Hego Euskal Herri bitan zatiturik dagoen, independentziarantz abia daitekeela. Hau da, Autonomi Estatutua eta Hobakuntza Forala direla medio, hots, bi arlo oso konkretuok direla bide, zeintzu, marko orokorrean, Espainiar Konstituzioak babesten (zentzu guztietan) dituen, Euskal Herriaren independentziarantz abia daitekeela.

Mekanika Kuantikoaren eta Mekanika Klasikoaren artean gertatzen denaren antzera, politika mailan ere antzeko zerbait agertzen da. Mekanika Kuantikoaren mundua ezin iker eta azal daiteke Fisika Klasikoa erabiliz. Halaber, Euskal Herriaren independentzia ezin koka daiteke Espainiar Konstituzioaren marko legalean, beste marko bat behar du, zeina, definizioz, Estatutuaren marko eta Hobakuntza Foralaren markotik kanpo dagoen. Hori holaxe dela frogatzeko, ez dut uste Bohr bat edo eta Einstein bat behar ditugunik.

Lehengo parekatzeari jarraituz esan dezakegunez, Estatutua edo eta Hobakuntza Forala ongi finka badaitez, orduan independentzia ezinezkoa izanen dela. Eta alderantziz, independentzia ongi zehatz badezagu, ezinezkoa izanen dela Estatutua (edo eta Hobakuntza Forala) finkatzea.

Arazoa, beraz, ez da abiapuntua zer nolakoa izanen den. Kontua da, independentziaren eta autonomiaren munduak bi mundu desberdin direla, zeinak bere ikuspegi berezi eta aldaezinarekin. Arlo batean agertzen diren ezaugarriak, ezin neur daitezke bestean daudenekin. Bi kategori mota desberdinetako bi arlo desberdinak dira. Bata bestearekin neurtzea, zirkulua karratu bilakatzea litzateke, eta hori, ume guztiok dakitenez, ezinezkoa da.

Are okerrago litzateke, “geroko gero” delako hartan ibili nahi izatea. Halako zerbait, alegia: ongi zehatz ditzagun Estatutua eta Hobakuntza Forala, eta gero (noiz?) lotuko gatzaizkio independentziari. Argudiatzeko (?) era hau, demagogia hutsa besterik ez da.

Argi gera bedi, behin betiko, Mekanika Kuantikoan gertatzen den antzera, bi mundu desberdinen aurrean aurkitzen garela, eta batetik bestera iragaitera ezinezkoa dela, malgrè zenbait politikero.

Gauza bertsua esan daiteke legitimotasunaz eta legaltasunaz. Ohizko maila super-ofizialean eta super-ortodoxoan, esan behar da, autodeterminazio eskubidea eskubide demokratikoa dela, eta bera onartzen ez duen sistema ez dela sistema demokratikoa. Halaber, eskubide hori herri oso bati dagokiola, eta ez inolako alderdiri. Beraz, legitimotasunaz hitz egiten denean, argi izan bedi, autodeterminazio-eskubidea herri osoari dagokiola. Autodeterminazio-eskubidea lortzen ez duen bitartean, herri horrek har ditzakeen bide guztiak zilegiak dira, legitimoak dira, nahiz eta batzu, marko kontretu batetan, ezlegaltzat hartuak izan. Legaltasuna Estatuak (Estatuek) markatzen duen (duten) bitartean, (autodeterminazioarekiko) legitimotasuna herriari dagokio ez inolako alderdiri, ez eta alderdi-zopa edo eta porrusaldari ere.

Barka nazatela Bohr-ek eta Einstein-ek beraien izenak erabiltzearren, baina politikeroen eta kazetari kaxkarren ausartkeria gehiegixkoa dela uste dut.

(In Mekanika Kuantikoaren zenbait berezitasun, 1993an argitaratua)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude