Euskoak, euroak eta abar…

«Abertzale batek ere ez du[ela] inoiz moneta berri baten gainean hitz egin» idatzi du Txontxu Campos-ek1.

Agian abertzale batek ez. Baina ezkerreko abertzale den honek, inongo autonomismoz sinesten ez duen eta erabat separatista den honek hamaika hitzaldi, prentsa-artikulu eta liburutan hitz egin du ogerlekoaz eta euskoaz. Sabinoaz ere, diru gisa, hitz egin ahalko nukeen, izen baten azpian ez baitago ezer. Balediko Euskal Herri independente baten diru nazional gisa, gutxienez 1993tik 2002ra, hau da, euroa benetan martxan jarri arte, diru nazional horren garrantziaz hamaika biderrez aritu izan naiz. Kontua da ezker abertzale separatista honek ez dituela nahasten moneta eta aktiboak, egungo ekonomista gehienek (guztiek?) egiten duten moduan.

Euskal Herriaren independentziaren alde dagoen honek dibisa nazionala defendatu du, Euskal Herri osoan ekoizten dena ongi neurtzeko. Kontua da gure artean nominalismoa —zaharkitua eta oso atzerakoia dena— dela nagusi. Eta ekonomistek ez bide dakite eurotan ere gaur egun ongi neur daitekeela Euskal Herri osoan ekoizten dena, baldin eta egungo bankugintza modernoa modu egokiz erabiltzen bada. Hau da, batetik bankuaren bitartekaritza monetarioa eta finantzarioa nahasten ez badira, eta, bestetik, kontuan hartzen baldin bada monetak aktibo/pasiboak direla, eta ez aktibo hutsak. Horri hauxe gehitu behar zaio, alegia, langabeziaren eta inflazioaren aurka —hots, kapital finkoaren amortizazioaren kontra— hirugarren departamentu bat eratzea2.

Okerragoa dena ondokoa da, espainol ekonomista batek independentzia monetarioa aipatu duela, berak euskoa aktibo bezala aipatuz, eta hemengoak kikildu egin direla, esanez ez direla independentista, estatus berezi baten aldekoak baizik. Independentista garenok, baita independentzia monetarioaren alde gaudenok ere, eta egungo bankugintzaz arduratzen garenok badakigu, ongi jakin ere, moneta baten izenaren azpian ez dagoela ezer.

Joseba-Felix Tobar Arbulu

Ingeniaria

(BERRIAn, 2004.03.03an argitaratua)

2020ko oharra: Iparraldean ‘euskoa’, alegia, benetako faltsukeria3 hasi zirenean erabiltzen, Euskal Herriaren moneta propioaren izentzat beste izen batzuk proposatu ditut hainbat hitzalditan, azkena Balparda: Balparda: Euskal Herriko unibertso monetarioaren erdigunea.


Denbora hartan Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua zen.

2 Baieztapen hori Bernard Schmitt ekonomialariari dagokio. O tempora o mores! Gogoratu ondoko hau: Zirkuitu Teoriatik Diru Teoria Modernora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude