Joxemi Zumalabe gogoan

1. Joxemi zendu zen, 1993

1993ko urtarrilaren 12an zendu zen Joxemi.

1993.01.13an, Gasteizko Historia Fakultatetik faxen bidez ohar bat bidali nuen 20:32an Euskaldun Egunkaria-ra.

Ez zen argitaratu.

Hona hemen ohartxoa:

Joxemi joan zaiguk!

Aspaldian ezagutu nian Joxemi. Franco denboran jende askotxo bertze zeregin desberdinetan aritzen zen bitartean, gure Joxemi euskal mugimenduan, euskarazko mugimenduan alegia, buru belarri sarturik zegoan. Demokrazia formalaren lilurapenetik aldendurik, ohizko alderdi politikoetan eta sindikatuetan deus guti atera zitekeela bazekian berak. Beraz, euskal kulturan, bertze politika mota bat asmatzen eta gauzatzen aritu zuan; hortik zetozek, hain zuzen ere, berak Argia-ri emandako kutsu berezia eta, sasi guztien gainetik Euskaldun Egunkaria honen sarreran eta bizitzan Joxemik izan duen aparteko garrantzia.

Une honetan, lagun, adiskide eta aberkide irripartsu hori joan zaigunean, tristatu egiten nauk.

Gurekin baina, Joxemiren itzala geldituko duk betiko: berak maite zuen Euskaldunen Egunkaria.

Ez adiorik.

2. Autonomoekin solasean, 1997

Jexux Arrizabalaga eta Anjel Murias-ek Autonomoekin solasean liburua argitaratu zuten, Txalaparta editorialean, 1997an.

Hona hemen XYZ batek zioena Joxemiz (160 or., elkarrizketa 1994ko uztailean eginda1):

G -Gaurko egoerara iritsi baino lehen, zergatik uste duk mugimendu horrek porrot egin zuela, esan baliteke porrot egin zuela? Alegia, bakoitzak bere aldetik jo zian, asanbladak egiten utzi zitzaionean eta abar. Zergatik?

XYZ.-Nolabait, egon zen erakunde horizontal hura desagertu egin zuan, batzuk emakume mugimenduan, besteak ekologi mugimenduan, uste diat asko euskararen aldeko mugimenduetan. Aipatu nahi nikek Joxemi Zumalabe. Bera zuan gurekin ibiltzen zen bat, lehenengotik Zeruko Argia, Argia bihurtzen bera ibili zela, Argia publikatzen eta beti ere euskararen arloan lan egiten eta beti bi aurpegi horiek lotu nahiz, Euskaldunon Egunkarian, HB inguruan eta noizbait irakurri diat Minos-en zegoela. Guztiok geunden prozesu berean; Minos ez zuan guretzat helburu bat, prozesu bat baizik..

Bego aipu hori.

3. Ipurtargiaren itzal luzea, 2003

Lorea Agirrek Ipurtargiaren itzal luzea liburua2 plazaratu zuen, Euskaldun Egunkaria-ren eskutik, 2003an.

Hona hemen Lorea Agirrek Jeronimoz dioena:

Jeronimoren borroka

Giro horretatik modu naturalean eman zuen hurrengo urratsa Joxemik. 1971n, ETAn sartu zen beste asko bezala. Aurreko urtean erakundea banatu berri zen: ETA V eta ETA VI. Joxemi seigarrenenera etorri zen, horrek biltzen zuelako militantziaren zatirik handiena. Donostia inguruko sextakoek jakin zuten bazela donostiar ikasle bat, Aurrera girokoa, argia zena eta borrokan sartu nahi zuena. Hitzordua Gernikako Arbola pasealekuan egin zuten. Gazte borrokalari baten itxuraz agertu omen zen: bizarra eta txima luzeak, panazko galtza grisak, kremailerarekiko langile jertsea, txiruka botak eta makutoa zintzilik. Klandestinitaterako ez zen piura egokiena. Batzuek, bohemio itxura zuela diote; besteek, zabarra zela janzkeran; beste batzuek, berriz, zabarretan zabarrena. Ezizena: Jeronimo. Gidari izateko dohainak bazituen, nonbait. Teoriko ona zela berehala konturatu ziren taldean. Ordurako nahiko mamitua zuen literatura ezkertiar eta iraultzailea gehientsuena. Eskolan ikasle kaskarra izanagatik, politikan sartu zenean hasi zen bete-betean ikasten: hartu liburua edo txostena, irakurri, azpimarratu, ulertu, memorizatu. Irakurle amorratua izan zen garai haietan. Maldarik ez gustuko bidean. Kintxok gogoan du egunero biltzen zirela liburuak eta irakurketak, eta ideologia eta taktika kontuak hausnartzera. Beste zereginik ez zuten. Joxemik egun osoa ematen zuen horretan: liberatu izan gabe liberatuta zegoen. Goizeko bederatzietan joaten zen Kintxo Joxemiren etxera. Hura esnatu —normalean lo egoten baitzen, goizeko ordu txikiak arte irakurtzen aritzen zelako—, eta han hasten ziren bezperan irakurritakoaren inguruko txostenak egiten. Ez beti, hala ere. “Joxemi ez zen oso diziplinatua, eta askotan irakurri beharrekoa ez beste zerbaitekin etorriko zen”. Hau eta bestea. Hainbesteko jakin-mina zuen, edozer zitzaion interesgarri. Pilar arduratzen zen “mantenuaz eta horniketaz”, baina bazkaldu nork bere etxean egiten zuten. Joxemiren etxetik pasatutako guztiek dute gogoan Pilar, baita Kintxok ere. Gurasoek zerbaitetan bazebilela, jakin, jakingo zuten, baina askatasun osoa ematen zioten Joxemiri, eta inoiz ez ziren kontu eske etorri. Bazkaldu eta gero, beti Aurrera tabernara kafesnea hartzera. Ez zuen inoiz huts egingo.

Joxemik Herriak eta auzoak atala zuen bere gain. Lana politikoa zen erabat: batzarrak antolatu, eztabaidak bultzatu, grebak eta manifak antolatu, jendearekin harremanetan jarri, txostenak eta propaganda banatu… Horretaz gainera, Minoen ildo politikoa zehazteko prozesuan ere hartu zuen parte Joxemik, bereziki Gipuzkoako zuzendaritzara iritsi zenean. Minoetakoa zen. Hain zuzen, ETA sextan sartu eta gutxira, beste banaketa bat gertatu zen: mayoak eta minoak. Mayoek troskismoaren alde egin zuten, eta hortik Liga Troskista Iraultzailea sortu zuten. Minoek aukera abertzaleagoa egin zuten, eta ez ziren eredu batean definitu. Definizio falta hori zen minoen ezaugarrietako bat. Definitze prozesu bat jarri zuten abian, eta gutxi-asko eredu propio baten beharra aldarrikatu zuten, Sobiet Batasuna, Txina, Vietnam edo dena delako eredua zuzenean erabili beharrean. Indefinizio hori definitzeko, Joxemik denetarik irakurri zuen: marxismoa, leninismoa, troskismoa, anarkismoa, maoismoa, komunismoa, sozialismoa. Joxemik pentsatzen zuen klasikoetara jo behar zela, iturrietara, eta ez eredu jakinetara, eta gero euren eredu propioa egin behar zutela. Joxemik bere burua anarko-komunista gisa lerratzen zuen. Azkenik, ez zen definizio prozesu hori burutu, minoak desegin egin zirelako, inon horrela erabaki ez bazen ere.

Bego aipu hori ere.

4. Larraitz (2013.01.14an)

Ekitaldi xumea eta ederra, Joxemi gogoratuz.

Space

(Bideoa linkean3.)

5. Hamaika ikusteko (eta entzuteko!) jaio gaituk

Hitz potolo batzuk entzun ziren Larraitzen.

Dirudienez, Joxemi Kas-eko militantea zen. Kas-eko zuzendaritzan egon zen…

Batzuei tripak dardarka hasi zitzaizkigun horrelakoak entzuterakoan.

Egia izatekotan ere, soberan zeuden hitz horiek guztiak.

Entzun zenez, Euskaldunen Egunkaria-k asko zor bide zion Kas-i.

(Hitz zehatzak ahantzi ditut, nahita: niretzat errepika ezinak baitira.)

Lagun batzuen artean Larraitzen bertan komentatu genuen bezala, jarrera batzuk ez dira aldatu, ez aldatzen, ez aldatuko. Eta aldatzekotan, okerrera!

6. Oroimen goxoak

Historiak eta istorioak.

Harrigarria badirudi ere, ohartxo bat argitaratzeak ala ez argitaratzeak ba bide dauka atzeko istorio bat, gero eta argiago eta gardenago dena.

Joxemiren itzala politikakeria eta itsukeria guztietatik at egon zen, dago eta egongo da, malgré eux.

Joxemiren lagunak izateko aukera izan dugunok beti izango dugu geure barnean berarekin pasatutako hainbat eta hainbat une goxo oso ongi gordeta eta zainduta.

Joxemiren oroimen goxo horiei eustea da gure afera: guri dagokigu kontu hori, ez beste inori.

Bego hau ere.

Santurtzin, 2013.01.14an

donejurgi (joseba felix tobar-arbulu)

(2018.08.03an eguneratua)


2 Orain interneten ikus daiteke: http://armiarma.com/joxemi/itzal/.

Ikus http://berria.info/albisteak/74577/joxemi_zumalabe_gogoan.htm.