ELA, argi eta garbi

Adolfo Munoz-en Neoliberalismoaren oposizio izateko borondaterik ez1

… ikusten ari gara eztabaida politikoa gero eta hutsalagoa dela, eta ia dena erlatibismoak estaltzen duela. (…).

Europa olde guztiz kontserbadorea ari da pairatzen. (…) Syrizak Troikaren aurrean kapitulatu egin zuen, eta Europan ez dugu ikusten eskuina geldiarazteko gauza den ezkerrik.

(…) EAEn EAJk izango du boterea, eta funtsezko gaiak orain arteko moduan PSE-EErekin eta PPrekin hitzartuko ditu (fiskalitatea, aurrekontuak, murrizketak, AHT, Kontzertuaren erabilpena, Kutxabank…).(…)

Nafarroan, berriz, aldaketaren gobernuak 2017rako fiskalitate injustuaren fruitu diren aurrekontu batzuk proposatu ditu. Zorra ordaindu beharrak eta defizit mugak zerga-erreforma sakon eta progresibo bat egitera derrigortu beharko luke1, iruzurrari jazartzeko helburuaz… baina ez da halakorik egingo. Kontrara, erabaki den erreformak ez du ia eraginik diru-bilketan eta ez du balio europar batez besteko presio fiskalarekiko dagoen defizit izugarria murrizteko. Podemosek eta EH Bilduk erreforma babestu dute, eta eredutzat aurkezten dute Espainiarako eta EAErako, hurrenez hurren. Hori bada indar progresisten alternatiba fiskala, sistemarentzat guztiz jasangarria izango da, eta aldaketa politiko eta soziala erabat ezinezkoa gertatuko da.

Beraz, neoliberalismoa indartsu dago eta oposizioari ez dio beldur handirik. Posizio eroso horretatik euskal eremuan erabaki du urrats bat aurrera egitea eta sindikalismo erreibindikatiboaren aurka Margaret Thatcherren eskuliburua aplikatzea: “Diziplina eta bake soziala” nahi dute.

Confebaskek ELA eta LAB legez kanpo jarri nahi izan zituen… “fiskalitatea” eta “AHT” eztabaidatzen genuelako, edota elkarrizketa sozialeko mahaian parte hartzen ez genuelako. Urkulluren gobernuak, berriz, 2014ko irailean egin zuen agiri batean esaten zuen mugimendu sindikala bat etorri behar zela gobernuaren politikekin, eta bestela, zigorra ezarri behar zitzaiola. Bada, Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk uztailaren 22an sinatutako akordioaren xedea da sindikalismo erreibindikatiboa zigortzea. Gobernuak eta patronalak gutxiengoan dauden eta finantzazio publikoa behar duten sindikatuen babesa bilatzen dute, asmo batekin: izan dadila patronala, eta ez euskal langileak, lan-hitzarmenak negoziatuko dituzten solaskideak. Hau astakeria bat da. Ez daukate eskrupulurik, ezta printzipiorik ere; klase-interesen ondorioz gobernua eta patronala bat datoz: euren gizarte ereduan ez dute lekurik posizio kritikoak erabateko askatasunez erabakitzen dituzten sindikatuek.

Baina besterik ere gertatu da. ELArentzat deigarria da horren gertakari larria -patronalari botere handiagoa ematearren hauteskunde sindikalak gutxiestea- ezker politikoarentzat ia ustekabean pasatzea. Ez al zaie axola?

EH Bildu akordio orokorrak ari da eskaintzen politika neoliberalak egiten jarraituko duen gobernuari; Thatcherren eskuliburua sindikalismo abertzalearen aurka aplikatuko duen berberari. Elkarrekin-Ahal Duguk, berriz, uztailaren 22ko akordioaz ez du ezer askorik esan, izan ere, gai sindikala “konplexua” omen baita. Jaurlaritza lasai egon daiteke; halako garrantzia duten gaiak ez dira eztabaida politikoan agertzen.

Euskal ezker politikoak neoliberalismoaren alternatiba sindikalismo erreibindikatiborik gabe eraiki nahi ote du? Prozesu subiranista langile-klaserik gabe? Edota, akaso, erabaki du eskuinarekin akordioak lortu ahal izateko sindikalismoaren helburuak traba besterik ez direla? Hau ere egitateak juzkatzea da. Gauza larriak ari dira gertatzen, baina horiei buruzko pedagogiarik ez da egiten, borondate politikorik ez dagoelako. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk ukatu egiten diote sindikalismo erreibindikatiboari “gauza publikoez” interpelatzeko eskubidea; argudio merke bat ematen dute horretarako: ez omen gara hauteskunde politikoetara aurkezten. Goitik beherako demokratak. Confebaski ez diote halakorik eskatzen. Beldurgarria da gure agintarien defizit demokratikoa, eta kezkatzekoa ezkerreko indar politikoek hau nola erlatibizatzen duten.

(…)

Inoiz ez dugu esan beste aukera erraza denik. Baina bide horretatik ezin da jo borondaterik ez badago, eta euskal neoliberalismoari aurre egiteko ez dugu ikusten borondaterik, indarrik eta proiektu politikorik. Hau esan beharra dago. Pairatzen dugun aldi neoliberalaren xedea da proiektu politiko, sozial eta sindikal eraldatzaileak desegitea. Errealitate honek ere gogoeta eskatzen du.

Argi eta garbi, gutxienez aipatutako zatian!


1 Ikus http://www.ela.eus/eu/aktualitatea/iritziak/neoliberalismoaren-oposizio-izateko-borondaterik-ez.

2 Ez nahitaez, gure iritziz, hau da, DTM-koen iritziz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude