Abangoardiaz hitz bi

Hona hemen Andolin Eguzkitza-ri, omenaldi gisa, dedikatutako ohartxo batzuk[1]. Honetan erabat ados ginen. Abangoardia zen gaia eta, noski, borroka armatua.

XXI. mendean sartu gara, baina hemengo batzuk ez bide dira konturatu horretaz. Izan ere, topikoz beteriko panfletotxoa, ‘Egiari egia zor’ izenekoa, iritsi zait[2]. Hona hemen puntu garrantzitsuak: borroka armatua etorkizuneko ezinbesteko erreferentea izanen da, herri dinamikaren eragile eta sustatzailea da, euskal erresistentziaren eta duintasunaren ikur da eta zapalkuntzaren aurkako erresistentziaren goreneko agerpena da.

Badirudi, XIX. menderantz goazela, abiadura bizian gainera, eta oraingoz ez dakigula ezer ikasi. ‘Egia’ potoloak, borobilak eta erabatekoak agertzen dira panfletotxo horretan. Egia txikiak, partzialak, eta behin behinekoak agertu dizkigu Marcos komandante-ordeak behin baino gehiagotan.

Abangoardismo mota guztiak hilik baldin badaude, eta aspalditik gainera, hemengo batzuek ez bide dute gertaera hori ikusi nahi. ‘Egia potoloen ordez’, oso interesgarri eta adierazgarriak dira Marcos komandante-ordeak abangoardiaz, iraultzaz, erakunde armatuaz eta abarrez plazaraturiko zenbait ideia, Euskal Herriko gatazkari lotutako buruzko ideiak gainera.

Kontua 2002ko urrian hasi zen, Marcos-ek epaile espainiar baten jarrera faxista salatu zuenean[3], epaileak Euskal Herriari erabat legitimoa den kausa bategatik politikoki borrokatzea etengabe ukatzen ziolako (eta diolako!).

Epaileak erantzun eta gero, Marcos-ek desafioa luzatzen zion[4], eztabaida bat proposatuz, non Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta kulturalei topa-gune batean elkartzeko gomita luzatu baitzien.

Era berean, Marcos-ek ETAri zuzenean, hitzari aukera bat ematearren, alde bateko menia eskatu zion[5].

Euskal Herriko indar politiko, sozial, kultural eta erlijiosoei, edozein delarik haien ideologia, topa-gune horretan parte hartzeko gonbidapenaren zehaztasunak luzatzen zizkien[6], beti hitzari, eztabaidari, aparteko garrantzia emanez.

Halaber, espainiar eta euskal gizarteari, mundu osoan zehar erabiltzen den logika kriminalarekin bukatzeko horrela diotse[7]: “Gaurko munduan… bi terrore motaren artean aukeratzea behartzen gaituzte, bata kritikatuz besteari laguntzea delakoan (…) Guk badakigu aukera ez dela gauza bat ala bestea, bide berria irekitzen duena baizik…

Eta ezker abertzaleko erakunde politiko, sozial eta kulturalei luzaturiko mezuan, erakunde horiei goraipatuz, Euskal Herriaren subiranotasunaz gain, sistema justuago, demokratikoago, libreago eta gizatiarrago eraikitzeko gai direla diotse[8].

Gara egunkarian EZLN taldeari erdaraz erantzuten dio euskal erakunde armatuak, aurreko eskutitz guztiak zehazki estudiatu eta gero. Beste gauza askoren artean, honela diotso komandante-ordeari[9]: “… esta propuesta refleja una profunda falta de respeto hacia el pueblo vasco y hacia todos los que desde sus organizaciones estamos luchando de una u otra forma por la libertad.”

Marcos-ek ondokoa erantzuten du[10]: “…’Euskal Herriari errespetua’ kontuan hartu ez diogulako baieztapenari dagokionez… zeragatik izan behar du, alegia, hitzari aukera bat ematen proposatzea, elkarren kontra bide dauden egoeretatik, hitzaren hilketaz bere negozioa eta koartada egin dituztenen interesen kontra doalako.

(…) baina informatzeko prest zaudetenez, uste dut Euskal Herriari berari informatu beharko zenioketela,

… Garzón epaileak espainiar herria eta [hego] Euskal Herria ordezkatzen dituela dio.

ETAk Euskal Herria ordezkatzen duela dio, eta hitzari aukera bat emateko proposatzean iraintzen badiogu, orduan Euskal Herri osoari iraintzen diogu.

Ez dakit espainiar herria eta Euskal Herria ados ote dauden baten eta besteen bidez ordezkatuak izateko. Beraiei dagokie, ez guri.

Garzón epailearekin eta zuekin gertatzen ez den bezala, guk ez diogu inor ordezkatzen dugunik, soilik geure burua ordezkatzen dugu… ez dugu balizko ordezkatzearen atzean ezkutatzen; gehienetan ordezkatze horiek bereganatzen dira ‘ordezkatuak’ jakin barik.

Badakigu munduko abangoardiako erakunde iraultzaileen (des)kontzertuan, zapatistek ez daukagula lekurik ezta erretagoardian ere. Horrek… ase egiten gaitu.

Guri ez diozue behar errespetua exigitu… Zeuen herriarekiko errespetua irabazi behar duzue…

Guk, geurez, ez dugu inor seriotzat hartu, ezta geure buruari ere ez.

Gure borroka badauka ohore kodigo bat, antzinako geure gerlariengandik heredatua, eta, beste gauza batzuen artean, ondokoak dauzka: zibilen bizitza errespetatzea (nahiz eta gu zapaltzen gaituzten gobernuko kargu-kideak izan), baliabideak lortzeko krimena ez erabiltzea…; eta hitzei suekin ez erantzutea…”

Eztabaidarekin bukatu nahirik, hona hemen Marcos-en azken hitzak[11]: “… euskal arazoa tabua zen indar progresisten artean, eta soilik ukitua izan zitekeen ETAren terrorismoa kondenatzearren, kurioski bi gauza ahaztuz: bata, Estatuaren terrorismoa; eta bestea, ETA ez dela Euskal Herriaren subiranotasunaren alde borrokatzen duen indar bakarra.

(…) Agian egunen batean gure hitzek Euskal Herriaz eta beronen borroka politikaz eta kulturalaz sentitzen ditugun maitasuna, errespetua eta miragarritasuna islatzen ikasiko dute.

Agian egunen batean topa-gune hura gauza liteke eta, hitzari aukera bat emanez, Euskal Herriak, eta munduko beste herrialde guztiek, merezi dituzten independentzia, demokrazia, askatasun eta justiziazko biharko bideak aurki litzakete.

Soilik bere burua ordezkatzen duen edozein taldek jakin beharko luke, XXI. mende honetan, alde batetik, abangoardismoa aspalditik bukaturik, hilik, dagoela, eta, bestetik, egun, Europa honetan, desobedientzia zibila da bultzatu beharko dena, ez inolako borroka armaturik.


[1]  Ikus Katea ez da eten. Andolini: euskaraz eta plazerez. Santurtziko Udala, 2008.

Jatorrizko bertsioa BERRIAn azaldu zen, 2004. 08.25ean.

Gero Sustatu delakoan ere, 2004.08.30ean:  Egiari (beti) egia zor: Marcos komandante-ordearen ildotik, http://sustatu.com/1093424176  non koldar batzuen ‘erantzunak‘ ikus daitezkeen.

‘Erantzun‘ horiei hona hemen nire erantzuna:

joseba | 2004-09-09 : 20:50 | #7

Izengoiti baten azpian, ezizen baten barruan, goitizen baten barnean bere burua ezkutatzen duenak bere burua oso ongi definitzen du.
(Nahiz eta uztailaren hasieran bidalia izan, hots, azken
‘ekintzak’ hasi baino askoz lehenago, nire artikulutxoa BERRIAn –abuztuaren 25eko alean irakur daiteke. Baita MediaBerri izeneko webean ere.)
SUSTATU-koa esperimentu bat izan da, jakiteko zenbat koldar dauden gure herrixka honetan. Dena den, hitz gutxiago eta ekintza gehiago. Badakizue: Erakundeak behar zaituzte.”

[2] 2000eko hamarkadaren lehen urtetan izan zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude