Diruaren endogenotasuna (ii)

Gobernu-gastu politiken eragina txartalista ikuspegian

 

Errenta netoaren sormenaren kontzepzioa orokortu daiteke estatu mailan. Horrela, parekotasun bat egin daiteke bankuek finantzaturiko enpresen produkzioaren eta Altxor Publikoak finantzaturiko gobernu gastuaren artean. Parekotasun horretan oinarriturik, gobernu-gastuen bi politikaren eragin ekonomikoa –(a) ondasunen erosketa zuzena eta (b) enplegu zuzena- konpara daiteke. (Baina parekotasun horren mugak ere aipatuko dira.)

 

a) Ondasunen erosketa zuzenen eta ELR programaren eragina

 

Estatuak egindako ondasunen erosketak eskari efektiboaren maila egonkorrari eustea du helburu, gastu pribatua ez denean nahikoa enplegu osoa bermatzeko. Estatuak ondasunak zuzenki erosten dituenean, enpresak jadanik produzitutako ondasunak erosten ditu. Horrela, estatuaren gastuak enpresen stockak gutxitzen ditu, baina ez du zuzenki produkzio berria sortu. Kasu honetan, enpresak eta estatua parekatzen badira, azkenak ez ditu alokairuak ordaintzen. Zentzu horretan argudiatu daiteke ez dela inolako errenta neto berririk sortua izan. Estatuak etorkizuneko ondasunak hornitzeko eskatzen duenean ere, etorkizuneko produkzioaren eta enpleguaren mailei eragiten die, horrela zeharkako errenta berriak sor daitezke. Hala ere, Wray-k (1998) ohartzen duenez, estatuaren ondasunen erosketak inflazio-presioetara eraman dezakete. Ondorioz, nahiz eta estatuak ondasunak eskatu, berriki sorturiko estatu-diruak partzialki inflazioa sor dezake, eta soilik alokairuen eta errenta netoen hazkunde partzialera eraman. Estatuak dirua sortuko luke inolako produkzio korrespondenterik gabe, eta horrela, gutxienez diru horren parte bat ez zaie egokituko errenta neto berriei.

 

ELR programan estatuak alokairuak ordaintzen dituenean, haren egoera enpresa baten antzekoa da. Estatuak errenta netoak sortzen ditu berak ordaintzen dituen alokairuen kopururako. Horrek ondokoa inplikatzen du, alegia, kasu honetan estatu-dirua sortua dela saltzeko izango liratekeen ondasunak eta zerbitzuak produzitzeko, estatua mega-enpresa balitz bezala.

 

Wray (2003, 13 or.) ez dago ados estatuaren azken kontzepzio horrekin, alegia, estatua ondasun eta zerbitzuak produzitzen dituen mega-enpresa delako aipu horrekin. Wray-ren ustez, estatu-dirua ez da eskatzen jendeak diru hori ondasun eta zerbitzu publikoak erosteko eskatuko duelako. Wray-ren iritziz, beste moneta guztiekin gertatzen ez den bezala, diru-estatuak, eskatua izateko, ez du behar ezertan ere ez trukakor izatea, kasu urrean edo beste ondasunetan. Hori ondoko boteretik dator: estatuak zergak inposatzeko daukan boteretik eta haien ordainketarako onartutako dirua aukeratzeko estatuak daukan boteretik. Wray-k dioenez, estatuak dirua sortzen duenean, ez dauka inolako beharrik, ez bada zergak ordaintzeko diru hori onartua izatea. Horrek ez du ukatzen diruaren izaera, aktibo/pasibo gisa, baina adierazten du estatu-dirua diru pribatutik desberdina dela.

 

b) Banku-diruaren eta estatu-diruaren arteko desberdintasuna

 

Enpresen eta estuaren diruaren sormena antzekoa da. Hori dela-eta, Parguez-ek (1998) uste du gobernuak integratu daitezkeela zirkuitu monetarioko teorian. Izan ere, bankuek ez dute behar aldez aurretiko gordailurik enpresak finantzatzeko, eta estatuak ez ditu behar aldez aurretiko zergak edo bonoen salmentak gastua baino lehenago. Kasu bietan, dirua sortua da finantzatzeko. Are gehiago, ELR kasuan, sorturiko diruak errenta neto berriak ere sortzen ditu alokairuen ordainketaren bidez.

 

Hala ere, txartalisten arabera, estatuaren rola berezia da, enpresen rolarekin konparatuz, eta berori estatu-diruaren berezitasunetik dator. Izan ere, enpresek bezalaxe, estatuak ez ditu behar aldez aurretiko baliabideak –zergak edo bonoen salmentak- gastua baino lehenago. Baina, enpresekin gertatzen denaren kontra, estatuak ez ditu behar etorkizunean bonoak saltzea edo zergak jasotzea: bonoen eta zergen rola ez da gastua finantzatzea. Ondorioz, estatuak behar den beste diru sor dezake, zeren estatu-dirua emititzeko eta zergak ordaintzeko diru hori erabiltzeko, jendeari bortxatzeko boterea baitauka.

 

Txartalistek diruaren endogenotasuna bi maila ezberdinetan azpimarratzen dute. Alde batetik, txartalistek diruaren endogenotasuna maila publikoan jartzen dute gobernu-gastua finantzatzeko. Bestetik, txartalistek gobernuei behartzen diete politika fiskalaren dimentsio finantzarioa erabiltzera, eskari agregatua kudeatzeko. Ikuspegi zabal horren barruan, kreditu-ekonomilariek behartzen dute kreditua aplikaziorik produktiboenetan erabiltzera, kasu, benetako kapital eraketa finantzatzera, eta ez burtsa-merkatua puztera.

 

Ikuspuntu txartalista edo estatu-diruaren teorian diruaren izaera subiranotasun politikoaren esferari dagokio. Gobernuak dirua janzten du, bera zergen eta kuota publikoak ordainketan onartzean[1].

 

Finantza-sistemak babestu behar dira ekonomiak zorren bidez ez suntsitzeko, zor horiek ordaintzeko medioak sortzen lagundu barik. Horretarako, beharrezkoa da produkzio medio berrietan inbertsio zuzena finantzatzeko kreditua bereiztea, soilik aktibo presioak puzten dituzten bankugintza espekulatibotik eta burtsa-merkatuaren promoziotik.

 

1960. urtea baino lehen gobernuek uste zuten beren etorkizunen jabe izango zirela. Plangintza makroekonomiko keynestarra nonahi martxan jartzen zen. Baina ‘iraultza’ bidean zegoen…

 

Izan ere, monetaristek zor publikoen mailak kritikatzen zituzten (1973an Txilen Pinochetekin, 1979an Ingalaterran Margaret Thatcher-ekin eta 1981an AEBetan Ronald Reagan-ekin). Gobernu gastuak moztu behar ziren, makroekonomia keynestarra alboratuz eta espekulazio finantzarioa bultzatuz. Eztabaida sakon bat gertatu zen: aukeraturiko erakundeek helburu publikoaren alde ekonomia planifikatu egin behar zuten ala erakunde finantzarioek beren irabaziak bilatu behar zituzten.

 

Ingalaterran, kasu, enpresa publikoei ukatu zitzaien modernizatzeko eta munduan lehiakorra izaten segitzeko behar zuten inbertsio publikoa, Nazioarteko Moneta-Fondoak (NMF) bultzaturiko austeritate-plangintzaren menpe. Enpresa publikoak saldu zitzaizkien erosle pribatuei, zeintzuk aske baitziren Altxor Publikotik maileguak hartzeko. Kreditu produktiboaren eta ez-produktiboaren arteko bereizketa klasikoa desagertu zen. Enpresa publikorako kredituak eskatzeko eta inbertsio publikoa gauzatzeko maileguak ez ziren luzatzen, burtsa-merkatua handitzen zen heinean.

 

Gertatutako ‘iraultza’ apartekoa da, gobernuak desmuntatzeko deia inoiz ikusi ez den bezalakoa izan da. Monetaristek gobernuak kontrolatu nahi dituzte, beraiek desmuntatzeko; soilik aurrezkien finantza-sektorearen bermatzaile gisa onartzen da gobernuen rola.

 

Egun diru guztia zor-dirua da, eta ezin daiteke existitu zergapetzerik gabe, eta zor publikoan eta kudeaketa monetarioan oinarririk barik.

 

Zergarik gabe eta gastu publiko finantzatzeko maileguak hartu barik, politika monetarioa ez-efektiboa izango da. Baldintza txartalista hauxe da, politika monetarioaren oinarria politika fiskal egokia dela. Politika fiskala da nagusi, politika monetarioa ondorioa izanik[2].

 

Politika monetaristek (NMFren babesean) ekonomia kanpo-zorretan jartzen dute, kapital ihesa mantentzeko. (Kasu, 1999an Errusian gertatutakoa[3].)

 

Txartalisten eta zirkuitisten arteko berdintasunak eta ezberdintasunak link honetan[4].

 

Bibliografia

Hudson, M. (2003) The Cartalist/Monetarist Debate in Historical Perspective, in E. Nell eta S. Bell (ed.) The State, The Market and The Euro, London: Edward Elgar.

Parguez, A. (1998) ELR approach and the theory of the monetary circuit, paper presented at the Eastern Economic Association Conference, New York.

Wray, L. R.  (1998) Understanding modern money: the key to full-employment and price stability. Lyme, USA: Edward Elgar.

———— (2003) Seigniorage or sovereignty?, in L-P. Rochon eta S, Rossi (ed.) Modern Theories of money. The Nature and Role of money in capitalist economies, Northampton, MA: Elgar.


[1] Ondorioztatzen da ezen, kasu, euro bezalako moneta bat martxan jartzea ekintza politikoa dela, zeinak parlamentu federal bat aurrez suposatzen baitu, ekonomia lantzeko parlamentu horrek zergak bildu eta gastatzen dituen arabera. Jakina denez, ez da hori gertatu.

[2] Hortaz, Altxor Publikoak eta Banku Zentralak, biek, egon behar dute edozein herrialde subiranotan.

[3] Michael Hudson-en hitzetan (2003), Errusian, ongi jarritako klaseek bere boterea erabili dute zorpetzea alboratzeko, NMF-ren eta Mundu Bankuaren laguntzarekin. Gobernua zorpean jarri zen, beraz enpresak pribatizatu egin dira barruko jendearentzako zorpetze barik. Petrolio- eta meatzaritza-enpresek sorturiko errenta ekonomikoa zergapetu barik, gobernuak industria eta lan-indarra zergapetu, zamatu zituen, ekonomia kolapsatu arte. Ekonomia inportazioen menpe jarri zen heinean, bizitza mantendu zuen atzerritar maileguak hartzeak. Nazioarteko finantzan AEBetako Altxor Publikoko titulu estandarren menpe, Amerikak (ez Errusiak) dolar-kredituak sortu zituen. Izan ere, Errusian eta beste herrialdeetan AEBetako paper-diru gehiagok zirkulatzen du AEBetan baino. Errusiarentzat dolar-kredituetan kargatutako moneta sendoko interesek ordainketa-balantzan drainatze kroniko bat suposatzen dute. Ordainketa-balantza orekatzeko, monetaristen ohiko bidea diru hornikuntza murriztea da eta interes-tasak altxatzea, atzerritar maileguak etor daitezen, baita atzerritar inbertsiogileei enpresa publikoak saltzea ere. Interes-tasa altuek barruko inbertsio zuzena alboratzen du, mailegatzea eta espekulazioa askoz errentagarriago bihurtuz. (Monetaristen austeritate-programek ez dituzte bereizten aurrezkiak bideratzeko bide produktiboak eta ez-produktiboak. Monetaristek ukatu egiten dute bereizketa hori.)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude