Diruaren endogenotasuna (i)

Diru endogenoa eta estatu-teoria: txartalisten[1] teoria

 

Ikuspegi txartalisten[2] arabera, dirua estatuak sortzen du. Estatuak dirua definitzen du, bulego publikoan onartzen dena (bereziki, zergak ordaintzeko). Zergek dirurako eskaria sortzen dute eta gobernuak eskaintza hornitzen du.

 

Txartalisten ustez, dirua existitzen da estatu-zergak direla-eta (Wray 2003). Wray-k fokapen honi subiranotasun-ikuspegia deitzen dio, zeren estatuak aukeratutako kontu-unitatea izendatutako moneta jaulkitzeko estatuaren gaitasunarekin[3] lotzen baitu.

 

Kontu-unitatea estatuak aukeratzen du, zergak izendatzeko. Zergak soilik unitate horietan ordain daitezke (Wray eta Bell 2004a). Zergak ‘monetizaturik’ daude. Ez-gobernuko sektorean, aldiz, dirua kreditu/zor egoeran jaulkitzen da. Estatuak, aldiz, bere hiritarrak lehendabizi zordun egoeran jartzen ditu, zergak zor izanez, zor-ordainketetan onartutako dirua jaulki baino lehenago. Hauxe da nazio moderno guztiek erabilitako metodoa estatu-sektorera baliabideak mugitzeko. Hortaz, hala estatu-dirua nola kreditu pribatuko dirua ez da neutro. Dirua beti, izaeraz, harreman sozialetan oinarritzen da. Oso garrantzitsua den harremana[4] (Wray eta Bell 2004a).

 

Gobernuak ez du ‘behar’ diru publikoa gastatzeko; alderantziz, jendeak behar du gobernuaren dirua zergak ordaintzeko. Horrek esan nahi du zergak eta bonoen salmentak ez dutela gobernu-gastua finantzatzen[5]. Halaber, horrek esan nahi du gobernuak determina dezakeela zein terminotan jendeak zergak ordaintzeko dirua eskuratzen duela. Hortaz, politika fiskala jaulkitako diruaren kantitatearen eta diruaren balioaren determinatzailea da; aldiz, politika monetarioa interes-tasen kontuarekin aritzen da. Beraz, diruaren ikuspegi txartalistak helburu fiskal eta monetario egokietara eraman dezake. Are gehiago, aurrekontu orekatu baten alde ahalegindu barik, defizitak ‘arau’ gisa onartu behar dira. Eta politika monetarioa prezio egonkorrak lortzeko erabili barik, politika monetarioaren rola epe laburreko interes-tasa ezartzea da, politika fiskala monetaren balioa egonkortzeko erabiliko litzatekeen bitartean.

 

Txartalisten ustez, inongo merkatu mekanismok ezin du bermatu enplegu osorik. Hortaz, estatua beharrezkoa da enplegu osoa bermatu ahal izateko. Hori dela-eta, diruaren sormena estatuaren zereginarekin lortzen dute: estatu-diruaren sormenak gobernuaren gastua finantzatzen du. Ikuspegi honetan, diru endogenotasunak ‘zentzu publikoa’ dauka.

 

Dirua aktibo/pasibo gisa, zordun/hartzekodun erlazio moduan

 

Bell-en ustez ere (1998, 1 or.), dirua zordun/hartzekodun erlazioa da, dirua sortzen duena edozein delarik. Are gehiago, Bell-ek adierazten du estatu-dirua aktiboa eta pasiboa dela (1998, 1 or.). Wray-ren iritziz (1998, 14 or.), “… dirua pribatuki sortzen da alde batek zorpean egon nahi duenean eta beste alde batek zor horri eusteko nahi duenean.” Zor hori -promesa edo IOU (I owe you, alegia)- aktibo gisa edukitzen du hartzekodunak eta pasibo modura zordunak. Beraz, “diruaren sormena erlazio sozial hori paperean jasotzen duen balantze-orriko operazioa besterik ez da” (Bell 1998, 1 or.).

 

Estatu-dirua eta gobernuaren gastuak

 

Bell-ek dioenez (1998), edozeinek sor dezake dirua baldin eta berak diru hori onartzeko prest dagoen baten bat aurkitzen badu, eta estatu-dirua beti onartua izaten da, bera beharrezkoa baita zergen ordainketan. Horrela, ondasun eta bonoen erosketen bitartez, estatu-dirua jendeari hornitzen zaio: jendeak diru hori eskatzen du bere zergak ordaintzeko beharrezkoa delako.

 

Wray-k adierazten duenez (1998), estatua estatu-diruaren monopolio hornitzailea da; horrela bera gai da ondasunak erosteko bere dirua eskainiz. “AEBetako gobernua monetaren monopolio hornitzailea da, moneta hornituz berak ondasun, zerbitzuak eta akzioak jendearengandik erosten dituenean” (Wray 1988, 4 or.).

 

Zirkuitu-teorialarien arabera, endogenotasuna enpresen, bankuen eta familien arteko erlazioan datza. Estatu-diruaren sormena, alta, Altxor Publikoarekiko daukan erlazioan datza; modu horretan estatua gai da dirua sortzeko. Endogenotasun publikoa estatu, Altxor Publiko eta jendearen arteko erlazioan datza.

 

Izan ere, Wray-ren hitzetan, “Gobernu moderno batek gastatzen duenean, Altxor Publikoak emititutako txeke bat jaulkitzen du; haren pasiboa handitzen da gastuaren kopuruaren heinean eta haren aktiboa (erosketa baten kasuan) handitzen da edo beste pasiboren bat gutxitzen da (transfer sozial baten kasuan, esate baterako, segurtasun sozialeko ordainketako pasiboa gutxitua da jaulkitako segurtasun sozialeko txekearen kopuruaren arabera). Altxor Publikoko txekearen jasotzaileak ia segur txekea banku batean eskudiru bilakatuko du, edo, maizago, jasotzailearen banku-kontuan kreditatua izango da. Azken kasuan, banku-erreserbak Fed delakoak kreditatzen ditu, kontu-gordailuaren hazkundearen kopuruan” (1998, 77 or.)”. Hortaz, Wray-k dioenez, “(…) gobernu-gastua beti finantzatua da diru fiduziaroaren sormenaren bidez -eta ez zergen sarreren edo bono-salmenten bidez. Izan ere, zergak beharrezkoak dira ez gastua finantzatzeko, diru fiduziaroaren eskariari eusteko baizik.”

 

Merkataritza-bankuak bezala, zeintzuk ez baitaude mugatuta dirua sortzen dutenean, Altxor Publikoa ez dute murrizten aurreko zergek edo bonoen salmentek. “… Altxor Publikoak lehenago gastatzen du eta, aurreko zergak edo bono-salmentak kontuak hartu gabe” (Wray 1998, 78 or.).

 

Bonoen salmenten helburua banku-sistemaren erreserba gehiegi drainatzeko da, zeintzuek, partzialki, estatu-gastutik baitatoz. Zergak ez dira inolako muga estatu-diruaren sormenerako, nahiz eta sorturiko diru berria erabil daitekeen zergak ordaintzeko eta horrela deuseztatua izan. Izan ere, zergen zeregina batez ere jendearen estatu-diruaren eskaria bermatzeko da.

 

Estatuaren edo gobernuaren gastuen politikak

 

Ikuspegi txartalista batetik estatuak dirua sortzen du gastua finantzatzeko. Estatu-diruaren mekanismoak bi modutara finantzatzen ditu gobernuaren gastuak: (i) jadanik produzitutako ondasunen gobernuaren erosketa zuzena denean; eta (ii) gobernuaren enplegu zuzena denean, alegia, ELR-en gisa (employer of last resort, hots, azken baliabideko enplegatzailea).

 

Gobernu-gastuak ondasunetan

 

Gobernuak ondasunak eros edo eska ditzake eskariaren maila bat edukitzeko, enplegu osoko helburuarekin. Horrela, estatuak dirua sortzen du bere gastuak finantzatzeko, jendearen aurrean inolako kontabilitate motarik aurkeztu behar barik. Estatuak dirua sortzen duenean, ez da ezertarako erantzulea, ez bada bere ardura onartzeko zergak kitatzeko. Hala ere, estatuen gastuek kontrako ondorioak izan ditzakete, eta inflaziora edo aurrekontu gain-hedatzaileetara eraman. Izan ere, enpresek gehiegizko goi prezioak finka ditzakete edo estatuari beren produktuak ez saltzea erabaki (Wray 1998, 7-8 orr.).

 

Dena den, estatuak merkantzia batzuk aukeratu ditzake ‘euskarri’ gisa inflazioa alboratzeko –gasolioa, kasu- nahiz eta irtenbiderik hoberena, ‘euskarri’ modura, lan-indarra aukeratzea izan[6]. Aukera hori, zeinak segurtatuko bailuke enplegu osoa inflazio txikiarekin, ELR programaren bidez deskribatuta dago.

 

Gobernu-enplegu zuzena: estatua eta ELR programa

 

Employer of Last Resort (ELR) programaren helburua langabezia murriztea da, inflazio-tasa txikia bermatuz. Estatuak dirua sortzen du aurretik determinaturiko soldatapean lan egin nahi dezakeen langile bakoitzari alokairuak ordaintzeko.

 

Lehen esan bezala, gastuak finantzatzeko estatu-diruaren sormena ez dute mugatzen aurreko zergek edo bonoen salmentek. Wray-k (2000) dioenez, gobernua diruaren monopolio hornitzailea da eta beti dirua jaulki dezake edozein gauza erosteko, geroago barneko monetatan salmentarako izateko. Hau da, estatua finantza-arloan beti gai da burtsa indargetuko programa bat erabiltzeko, merkantzia berezi bat erosteko (kasu honetan, lan-indarra) eta dirua bukatuko delako inolako beldurrik barik. (Lan-indar hori saltzeko da, gobernuaren eskaintza-prezioa lortzen denean.)

 

Enpleguaren burtsa indargetuko programaren arabera, gobernuak lan egin nahi duen eta prest dagoen edozeini enplegua eskaini diezaioke.

 

ELR programak monetaren balioa egonkortuko luke, estatuak lan-indarraren prezioa ezartzen duen neurrian eta, horrela, eragina izango luke sistema pribatuko alokairuetan.

 

Wray-k dioenez (1998, 3 or.), gobernuak monetaren barneko balioa egonkortuko luke, inflaziorako presiorik gabe. Hori horrela gertatzen da ELR programan, lan-indarraren burtsa indargetu bat sortu eta mantentzen delako, lan-indar horren prezioa gobernuak ezartzen duelarik (1998, 3 or.).

 

Ondorioz, ELR-en bitartez, alokairuak ordaintzeko estatuaren diru-sormenak enplegu osoa bermatuko du. Ondasunen erosketa zuzenean gertatzen ez den bezala, (zeinak inflazio-presioak sor baititzake), ELR programa monetaren balioa egonkortzeko gai da, zeren estatuak exogenoki lan-indarraren prezioa ezartzen baitu (Wray 1998, 124 or.).

 

ELR-ri buruz ikus The war on poverty after 40 years. A Minskyan Assessment (Bell eta Wray, 2004b)[7].

 

Bibliografia

 

Bell, S. (1998) The hierarchy of money. Levy Institute’s Working paper No 231: http://www.levyinstitute.org/pubs/wp/231.pdf.

Wray, L. R.  (1998) Understanding modern money: the key to full-employment and price stability. Lyme, USA: Edward Elgar.

———–   (2000) The neo-chartalist approach to money, CFEPS Working Paper: http://www.cfeps.org/pubs/wp-pdf/WP10-Wray.pdf.

———— (2003) Seigniorage or sovereignty?, in L-P. Rochon eta S, Rossi (ed.) Modern Theories of money. The Nature and Role of money in capitalist economies, Northampton, MA: Elgar.

Wray, R. eta S. Bell  (2004a) Introduction, in R. Wray (ed.) Credit and the State theory of money. The contributions of Mitchell Innes. Northampon, MA: Elgar.

————————- (2004b) The war on poverty after 40 years. A Minskyan Assessment: http://www.levyinstitute.org/pubs/ppb78.pdf.


[1] ‘Txartalista’ eta ‘kartalista’ hitzak erabiltzen dira.

[2] Wray-ren ustez (1998), txartalisten artean honelako ekonomilariak daude: Adam Smith, G. F. Kanpp. J. M. Keynes eta H. Minsky.

[3] Jaulkipen horrek ez dauka inolako bermerik moneta edozein gauzatan (metal bitxiak edo atzerritar monetak barne) trukatuko denik. Lotura oinarrizko boterearekin da, nazio subiranoei zuzenki dagokiena. Botere subirano hori soilik estatu-nazioei dagokie eta, kasu, Microsoft bezalako enpresa erraldoiek ez daukate (Wray 2003).

[4] Ingelesez: “To put it as simply as possible, the state chooses the unit of account in which the various money-things will be denominated. In all modern economies, it does this when it chooses the unit in which taxes will be denominated. It then names what will be accepted in payment of taxes, thus ‘monetizing’ those things. And those things will then become what Knapp called the ‘valuta money’, or, the money-thing at the top of the ‘money pyramid’ used for ultimate or net clearing in the non-government sector. Of course, most transactions that do not involve the government take place on the basis of credits and debits, that is, in terms of privately issued money-things. In spite of what Friedman assumes, the privately supplied credit money is never dropped from helicopters. Its issue simultaneously puts the issuer in a credit and debit situation, and does the same (although reversed) for the party accepting the credit money. In contrast, the state first puts its subjects or citizens (as the case may be) in the position of debtors, owing taxes, before it issues the money things accepted in tax payment. This is the method used by all modern nations to move resources to the state sector. Hence, for both government-money and private credit money, it is impossible to conceive of monetary neutrality – money is always by nature representative of a social relation that must matter.”

[5] Wray-k (1988) esaten duenez, gobernu-gastua diru fiduziaroaren sormenaren bidez finantzatzen da, ez zergen sarreren edo bono-salmenten bidez.

[6] Hortaz, Wray-ren ustez (1998, 8-9 orr.), “Gobernuak prezio ‘euskarri’ bat sor dezake burtsa indargetu baten erabileraren bidez… Hala ere, burtsa indargetu gisa erabiltzeko, badago, egon, merkantzia hobe bat, eta merkantzia hori lan-indarra da.”

[7] Txartalisten eta zirkuitisten arteko berdintasunak eta ezberdintasunak hemen: https://www.unibertsitatea.net/otarrea/gizarte-zientziak/ekonomia/diruaren-endogenotasuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude