Zaharrak berri (badaezpada ere)

Azken bolada honetan etengabeko hitz jarioa dago nonahi, baita Euskal Herrian ere: krisia ‘globala’ da eta abar luzea, luzeegia, aipatuz.

Baina esan dezagun argi, garbi eta ozen: krisia, batez ere, ekonomikoa da.

Krisi ekonomikoaren jatorriaz, krisiaren kausaz, krisitik irteteko neurriez oso gutxi irakurtzen da.

Hortaz, ez galdu buruan hitz jarioaren inguruan eta begiratu ekonomiari: ekonomia errealari eta finantza ekonomiari.

Badirudi jende askok badakiela krisian gaudela.

Baina oso jende gutxik aurreikusi zuen murgilduta gauden krisi ekonomiko hau. Hala ere, gutxi batzuek asmatu zuten etorkizunean zer espero zitekeen[1].

Are jende gutxiagok jakin zuen zein zen krisiaren jatorria, zeintzuk ziren krisiaren kausak.

Zer dela eta etorri zen krisia? Hobeki esanda, zer dela eta bultzatu eta ekarri zuten krisia?

Gogoratu: krisia nahita bultzatu zuten! Nahita induzitu zuten!

Dirk Bezemer-ek gogoratu zigun maileguz emateak ekonomia erreala babestu behar zuela, ez besterik.

Finantza krisia aurreikusi zutenek (ez ortodoxiako inongo Nobel saridunek), kredituari eta zorrari begiratuz, argi zeukaten arazoa:  aktibo merkatuetan erabili zirenean, kredituek aparteko zorra sortu zuten, bera ordaintzeko ekonomia errealak zeukan ahalmenaz baino askoz haratago[2].

Bezemer-ek azpimarratzen duenez:

“… AEBetako sektore errealari maileguen tasa (…) ia konstantea izan da 1980 hamarkadatik. Aldiz, beste bankuei AEBetako bankuen mailegatzea 1980an BPGren 2,5 bider izatetik 2007an BPGren 5,8 bider izatera igo da, guztia finantza sektoreari emandako maileguen hazkundea izanik. Hortaz, AEBetako finantza sektorea 2007an hiru bider handiago izan da 1980an baino.”

Krisiaren kausak zein ziren argi edukita, krisitik ateratzeko erremedioak garbi zeuden.

Mailegatzeak ekonomia errealari eragin behar dio, ez jadanik existitzen diren aktibo, bono, titulu eta abarrei.

Izan ere, aktiboen inflazioak deflazioa dakar[3]. Ondorioz, langabezia handituz doa. Eta, gure ustez, lanpostu berriak dira susperraldiaren indize argi eta garbi bakarra.

Badaezpada ere…

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude