EBZ, Europako bankuak eta Bundesbank

 

i)                    Ortodoxiak, The Economist aldizkariak[1], dioena:

(a) Euroguneak orain banku zentral bat dauka, EBZ, azken baliabideko mailegu emailea izateko prest dagoena. Prestutasun hori baldintzazkoa da. Baina lehen aldiz EBZ-k argi utzi du prest dagoela eskusartzeko, mugarik gabe, baldin eta beharrezkoa bada.

(b) Arazo bat dago, alta: euroguneko herrialde batek baldintzak betetzen ez baditu, EBZ-k utziko du herrialde horren bonoak erosteko? Hori egiten badu, EBZ-k, berak gelditu nahi duen merkatu panikoari eragingo dio; eta egiten ez badu, potentzialki ordaindu ezinezko zorra metatuko du. Dilema horrek EBZ-ren eta Bundesbank-en arteko tentsioan presionatuko du.

(c) Izan ere, Alemaniarrak (eta Ipar Europako beste batzuk ere) kezkatuago bilakatuko lirateke, baldin eta EBZ bono pilo bat erosten hasten baldin bada.

ii)                   W. Mosler-ek dioena jadanik ikusia dugu[2].

Mosler-ek dioenaz harago, Bill Mitchell-ek zenbait ohar plazaratu berri du.

iii)                  B. Mitchell-en oharrak[3]:

(d)  EBZ-ren erreskate planak porrot egingo du. Zeren berak ez baitio funtsezko arazoari aurre egin (i.e., hego Europa depresioan dago, eta hortik irteteko bide bakarra aurrekontu defizitak  handitu behar dira). EBZ-k mugarik gabeko bonoak erosiko ditu baina soilik baldin eta herrialdeak austeritate fiskalean murgiltzen badira, eta baldintza horrek haien etorkizuneko hazkundea are gehiago txartuko du.

(e) EBZ-ren erabakiak uko egiten dio arazo errealari (hazkunde ezari). Herrialde bat bizirik mantenduko da astiroago hiltzeko. Badakite horrelako herrialde bati behartzen bazaio bono pribatuko merkatuekin aritzeko fondoak irabaztearren, haren aurrekontu defizita estaltzeko, eurogunea gainbehera joango dela.

(f) Hego Europa jadanik depresioan dago eta ez da ikusten depresio horren bukaera, inondik inora.

(g) Ez dago  inolako zentzurik Europako herrialdeei depresio handiagoan erortzen behartzeko, ezta egoera horretatik hurbil dauden herrialdeak lerro hori igarotzea behartzeko ere.

(h) Ironia hauxe da: Alemaniak uste du EBZ-eko Mario Draghi proposatzen ari dena prolifikoa dela, eta izatez,  Draghi elite neoliberalaren parte garrantzitsua da.

(i) Troika apurtzailearen parte gisa, EBZ-k eurogunean hazkunde negatiboko estrategia bultzatzea aukeratu du, austeritate fiskala ekonomiarik ahulenetan behartuz.

(j) Hortaz, gobernu zorretan, mugarik gabeko kantitatea erosiko dutela esan arren, hori soilik egingo dute baldin eta Europako estatu kideak depresioan baldin badaude. Hori ez da inolako erreskate plana.

(k) Egungo paradigma nagusiak oinarrizko ulermenetik  gure atentzioa desbideratu du, alegia,  gastuak errenta berdintzen duela dioenetik, zeinak enplegua sortzen duen; baita gobernu politikak zuzenki gastuari eragin dioela dioenetik ere, hots, politika fiskaletik.

(l) Beraz, baldin eta ez-gobernuko gastua ez baldin bada nahikoa hazkundeak langabezia beherako mailetara eramateko, bistako irtenbidea da politika fiskala hutsunea bete behar duela.

(m) Hain bistakoa eta sinplea da ezen neoliberalek eraikin konplexuko teoria bat muntatu behar izan dutela eta egia hori ez onartzekotan mehatxuak barreiatu nonahi. Hortaz, gezurren letania bat jasotzen ari gara: gobernuek maileguak hartu behar dituztela fondoak gastuak finantzatzeko, horrek interes tasak altxarazten dituela, horrek gure semeen eta horien semeen etorkizuna baldintzatzen duela, hori inflaziogilea dela, hondatzailea dela, horrek geldiezinezko zerga zamak sortuko dituela, pizgarri pribatua hondoratuko duela, gure askatasunaren galera ekarriko duela, gure ospe nazionala apurtuko duela eta gure buruak defendatzeko ahalmena kaltetuko duela, eta abar eta abar.

(n)  Munduan hazkundea ahula edo negatiboa da zeren gobernuak austeritate fiskalean sartu baitira garai honetan, non sektore pribatua gastu are kontserbatzaileagora itzultzen ari baita. Ez dago inolako ‘politika monetarioren’ misterioa. Politika monetarioa erreminta antzu da eskari agregatua manipulatzeko, bereziki maileguz hartzeko nahi gutxi dagoenean.

Ondorioak:

(ñ) EBZ-ren planak ez du funtzionatuko, arazorik handienari aurre egiten ez diolako.

(o) Hazkundea behar da Europan.

(p) Herrialdeek ezin dute langabeziaren tasa %20 baino altuagoan etengabe manetendu.

(q) Gazteen langabezia tasa %50 baino handiagoa da, haien etorkizuna arriskutan jarriz.

(r) Herrialdeak austeritateko neurriak hartzeko behartzeak, zeintzuek etengabeko depresioa segurtatzen duten,  ez du inolako irtenbiderik suposatzen.

(s) EBZ-k hobe izan zukeen mugarik gabeko bono erosketekin batera, beste plan bat aurkeztea, alegia, hazkundea gehien behar den herrialdeetarako hazkunde-plana segurtatzea.

iv)                  B. Mitchell-ek bankuei buruz dioena[4]:

(t)  Ongi funtzionatzen duen moneta sistema federal batean, banku zentralak ez luke nahita hazkundea geldiaraziko.  Alderantziz, sorturiko kalteari laguntza eskaini behar dio; are gehiago baldin eta eskaintza horren baldintza gisa, aldez aurretik, kalte handiagoa kausatu bada.

(u)  Euroguneak ulertu behar duena hauxe da: bankuen helburu bakarra ordainketa sistema bat eratzea da, eta kreditua merezi duten bezeroei maileguak hornitzea.  Kontu handia izan behar dute beti  arrazoizko kreditu arriskua zer den jakiteko. Puntu horretan, bankuak estu erregulatu beharko lirateke.

Zentzu horretan,

(v) Soilik mailegu hartzaileei zuzen maileguak ematea permititu behar zaie.  Mailegu guztiak erakutsi behar dira eta balantze orrietan gorde. Horrek hirugarren alderdiko komisioak geldiaraziko ditu, zentzuek zerikusia izan bailezakete bankuak ‘burtsalari’ gisa aritzean eta mailegu edo eta beste aktibo finantzarioak saltzean, mozkinak lortzeko. Bankugintzaren oraingo krisia arlo horretan sortu da (sortu dute!) eta erregulatzea zaila eta garestia da. Bankuak itzuli beharko lirateke aspaldian izan ziren izaerara.

(w) Bankuei debekatu beharko litzaieke edozein aktibo finantzario berme gisa onartzea, maileguak  babesteko.  Bermea mailegua aurreratzen den aktiboaren gaineko errentaren balio estimatua izan beharko litzateke. Horrek bankuei behartuko lieke kreditu arriskua osoki baloratzea.

(x) Bankuei debekatuko beharko litzaieke balantze-orritik kanpoko aktiboak edukitzea, kasu erregulazioa saihestu dezaketen finantza konpainiako zenbait adar berezitan edukitzea.

(y) Bankuei beti debekatu beharko litzaieke kreditu ordaintze ezeko  asegurutan tratu egitea. Hori arriskua balioztatzen duenari dagokio.

(z) Bankuak mugatuak egon beharko lirateke maileguak hornitzeko eta ez aritzeko beste edozein merkataritza jardueratan.

Ez dago inongo zentzu publikorik bankuak goian aipaturiko jardueretatik kanpo aritzeko.  Orduan, eta soilik orduan, EBZ-k, krisiaren kasuan, azken baliabideko mailegu emailearen rola jokatu ahalko du.

Hala ere, Europako eztabaida oso urrun dago bankugintzaren modelo horretatik, eta horrela segituko du modu oso aldrebestu eta erratu bat babesten, kolapsoaren zain.

Zer esan Euskal Herriaz?

Hemengo eztabaida (!!??), nonbait kokatzekotan, joan den mendean kokatzen da: bankuak eta aurrezki kutxak nazionalizatzea, publifikatzea eta abar luzetxoa, luzeegia.

 Noiz arte?

               

Iruzkinak (2)

  • joseba

    Penagarria, lotsagarria eta ulertezina izena ez jartzea, ez sinatzea. Blog hau UEU-ri dagokio eta duintasunez edozein iritzi, erantzun edo eta kritika egiterakoan, guztiok sinatu behar dugu.
    Dena den, link horretan argi erakusten da nola funtzionatzen duen ortodoxiak, bere mailarik puruenean, eta botere oso handia duen Bundesbank-en.
    Okerrena, ortodoxia hilgarri hori da nagusia Europako Batasunean, eta aspaldian esan bezala, ortodoxia horrek putzura eramango gaitu, aldez aurretik sakoneko neurriak hartzen ez badira.
    Neurriok DTM-ko ekonomialariek orain dela asko plazaratu zituzten.

    joseba

Utzi erantzuna Demurrage(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude