EH eta moneta propioa

Balediko Euskal Herri independente baten diru nazional gisa, gutxienez 1993tik 2002ra, hau da, euroa benetan martxan jarri arte, diru nazional horren garrantziaz hamaika biderrez aritu izan naiz[1].

Kontua da ezker abertzale separatista honek ez dituela nahasten moneta eta aktiboak, egungo ekonomista gehienek (guztiek?) egiten duten moduan. Euskal Herriaren independentziaren alde dagoen honek moneta nazionala defendatu du.

Aspalditik izan dugu kezka hau. Alegia, subiranotasun politikoak behar ote duen moneta propioa. Idatzi ere, hainbat artikulutan eta liburu oso batean gaia ukitu dugu. Baina Euskal Herriak, (oro har eta monetarioki) bitan bananduta egon denez, (hegoaldean pezeta eta Iparraldean libera), ez politikoki ez monetarioki ez du izan aukera historikoa bere moneta propioa (edozein zelarik bere izena, ogerlekoa, euskoa edo dena delakoa) jaulkitzeko. Are gehiago, ekonomialari gehienek utopiatzat hartu dute egon zitekeen aukera hori. Bakan batzuek, aldiz, oso argi izan dugu ekonomia ongi kudeatzeko, norberaren monetan edukitzea (Banku Zentral baten bidez jaulkia) beharrezko baldintza dela; ez nahikoa noski.

Euskaldunok Europar Batasunean sartu gintuzten, batzuei, hegoaldekoei, inolako kontsultarik egin gabe. (Iparraldekoak EBn egon dira hasiera-hasieratik). Orain euroa da ‘gure moneta, euroak Europar Banku Zentralak (EBZ) jaulkitzen ditu eta EBZk EB osoaren moneten kopurua kontrolatzen du. Euroak Espainiako zein Frantziako banku zentralek ere erabiltzen dituzte, EBZ izanik moneta jaulkitzaile bakarra. Frantzia eta Espainian ez dira moneta jaulkitzaileak, moneta erabiltzaileak baizik[2].

(Jakina denez, Euskal Herrian ez dugu inongo banku zentralik.)

MMT-rekin, DTM-rekin, askoz argiago daukat aspaldiko kezka hura eta sendoago moneta nazionalaren eginkizuna[3].

Hori guztiori kontuan edukiz, baita egungo egoera korapilatsua ere, zilegi bekit moneta propioaz berriz ere aritzea. Horretarako jadanik argitaratutako zenbait lan erabiliko ditut.

1. Nola irten eurogunetik, Warren Mosler-en ildotik

1997an Warren Mosler-ek proposamen bat idatzi zuen, Quebec-era begira, dolar kanadarren gunetik irteteko. Quebec-en une hartan, eta orain ere dolar kanadarra erabiltzen da, moneta gisa, hots, Kanada osoan erabiltzen den moneta bera. Berak moneta eta gobernu subiranoa kontuan hartuz, Quebec-erako moneta berri bat proposatu zuen: La Fleur izenekoa, hots, lorea.

Quebec-erako artikulua jadanik ikusi dugu[4], zeina, Mosler-ek dioenez, egun eurogunerako ere aplika baitaiteke[5].

2. Greziarako proposamena

Mosler-ek berak Grezia eurogunetik irteteko proposamen bat egin du.

Hori ere, ikusita daukagu[6].

Link berean, 10. atalean, enplegu osoa eta barneko prezio egonkortasuna mantentzeko, Mosler-en proposamenak ikus daitezke.

3. Bill Mitchell-en aholkuak

Eurolandian dagoen nahastetik atera nahirik, Mitchell-en zenbait aholku[7] ere ikus daitezke aurreko link berberean, 10. atalean.

4. Ondorioa

Euskal Herriak ere bere moneta propioa (edozein delarik haren izena) erabil lezake, printzipioz.

Horretarako lehen baldintza, sine qua non, EH errepublika independentea eratzea izango litzateke, lehen aldiz gure historian: gobernu bakar bat EH osorako, eta gobernu horrek moneta jaulkitzea, Banku Zentralaren bidez eta Altxor Publikoaren laguntzarekin.

Bigarren baldintza: EH ekonomia oso sendoa izatea Mundu mailan.

Ohartxoa:

Jadanik ikusi dugunez, goian aipaturikoa ez da daukagun aukera bakarra. Ekonomialari asko ez izutzeko, behin baino gehiagotan aipatu dut Mosler-en proposamen dotorea, euroa erabiliz[8].


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude