Zenbat eta hurbilago egon Eskoziako erreferendumaren data, orduan eta datu eta adierazpen ekonomiko gehiago azaltzen dira. Hona bi adierazpen interesgarri: Lehena John Swinney-k egina, esanez independentziari buruzko eztabaidaren bihotzean ekonomia dagoela[1]. Datu batzuk ere plazaratu zituen: Eskoziak zergatan gehiago ordaintzen dio Britainia Handiari azken horretatik gastutan jasotzen duena baino[2]. Bigarrena Nicola Sturgeon-ek egina[3], esanez “Eskozia independente batek Britainia Handiko gobernuarekin lan egingo zukeen Eskoziako Royal Bank porrotetik salbatzeko”, zeren “Mundu errealean, jendea bateratzen baita bankuak bermatzeko.” (Ongi uler bedi hau: bankua bermatzea, hots, bankuari diru publikoa ematea.) Gainera, “Kontua da Eskoziako Royal Bank-eko burua eskoziarra dela, haren jardueraren %90 Ingalaterran dagoelarik.” Eta errematatzekoa: “Eskoziako Royal Bank bermatu zen, ez banku eskoziarra zelako, Britainia Handiko finantza osoa bermatzeko baizik.” Galdera batzuk: Zein da afera: bankuak bermatzea ala independentzia? Islandiak bermatu ote zituen bere bankuak? Eta azken galdera: Eskozia eredu ekonomiko eta finantzarioa ote Euskal Herrirako?