Randall Wray eta lana

Lana banatu denok lan egiteko, errentak birbanatu, langabeentzako diru-laguntzak eman… hori da behin eta berriz entzuten dena.

Hona hemen, aldiz,  Randall Wray-k dioena[1].

A)   Ohar bat, lehendabizi, subiranotasunaz.  Subiranoak, hots, estatuak, kontu-unitatea aukeratzen du, unitate horretan zergapetzen du, eta IOU delakoak unitate horretan jaulkitzen ditu.  IOU horiek erabil daitezke subiranoari, estatuari, obligazioak ordaintzeko.

B)  DTM-koek ondoko ideia baztertzen dute: gobernu subirano batek zergak erabiltzen ditu errenta ‘birbanatzeko’. Ez, zergek errenta deuseztatzen dute.

C)  Jendeak errenta eduki dezan nahi baldin bada,  lanpostuak eman behar zaizkie eta haien banku-kontuak teklatu-kolpe baten bidez areagotu.  Pentsatzen bada jende aberatsa oso aberatsa dela, haien banku-kontuak gutxitu teklatu-kolpe batez.

Baina hor arazoa azaltzen da. Oso zaila baita aberatsen aberastasuna gutxitzea. Hamaika trikimailu ezagutzen dute zergei ihes egiteko.

Gainera, demagun urtero 20 milioi dolarreko errentadun bat. Desberdintasuna nabaritzeko, zein zerga-tasa jarriko zaio? Ez %30, ezta %70 ere. %90? Hori ezinezkoa da, ez baita gauzagarri zerga lege bat onartzea horrelako terminoetan. Hortaz?

DTM-koek askotxo idatzi dute pobreziaz, errenten desberdintasunez eta aberastasunaren kontzentrazioaz goiburuan[2]. Hori dela eta, Wray-k ondokoa proposatu du:

Errenten ezberdintasuna alboratzeko, behetik hasi behar da: lanpostuak sortu. Horrek pobreziaren bi heren baztertzen ditu. Gero gradualki, denborarekin, soldatak gehitu behar dira, Lan Bermeko oinarrizko soldatak areagotu.

(Lan Bermea dela eta, gobernua da azken baliabideko enplegatzailea[3].)

Egia da goiburuan errenta handiak daudela, gero eta handiagoak. Batez ere FIRE (finance, insurance, real estate) sektoretik datozen mozkin erraldoiei esker. Beraz, sektore horretako mozkinak murriztu behar dira. Hein handi batean, eginkizun hori gobernuaren politikari dagokio, hasi kredituekin eta bukatu zerga progresiboekin.

Baina DTM-koek erakusten duen moduan, lehen eginkizuna ez da  aberatsengandik pobreengana errenta ‘birbanatzea’. Alderantziz baizik: jendeari enpleguak sortzea eta ematea, oinarrian alokairu hobeak bultzatzea, sindikalgintza sostengatzea eta babestea eta goiburuan mozkinen mugak jartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude