Islandia: eredua ote?

 Aurreko lantxo batean Islandiako egoera[1] analizatu genuen. Bertan aipatu genuenez, “Islandiak beste herrialdeekin negozioak eta trukeak gauzatzeko, ez du erabili behar AEBetako dolarra. Hauxe da, izan ere, mundu mailan hedatzen ari den mezu berri eta sakona.”

Islandiaren eta Irlandaren egoerak parekatuko ditugu. (Gogoratu Islandiak bere moneta propioa daukala: koroa.)

Islandiak eta Irlandak, biek, zor handia jasaten dute, baina, Islandian ez bezala, Irlandako bankuetako pasiboak eurotan daude izendatuak, Irlandan erabiltzen den (eta berak kontrolatzen ez duen) monetan: eurotan.

Irlandak (baita Eurolandiako beste herrialde guztiek ere) bere moneta baztertu zuen euroa onartzean. AEBetako estatu bat bezala bihurtu zen. Beraz ez dago AEBak, Japonia, Kanada, Britainia Handia, Australia,… edo Islandia dauden egoeran. Ez dauka, barrura begira, politika monetarioa edo fiskala erabiltzeko espaziorik.

Ona beste arazo bat: badago funtsezko erlazio  bat hazkunde ekonomikoaren eta zorra zuritzeko interesak ordaintzeko ahalmenaren artean. Arriskurik gabe egoteko, gobernu ez-subirano batek, Irlandakoak kasu, ez luke ordaindu behar bere hazkunde tasa nabarmenki gainditzen duen interes tasa[2].

Izan ere, zorra zuritzearren, gobernu errentak lortzeko, ortodoxiaren arabera, gobernuak gastuak murriztu behar ditu eta zergak handitu. Horrek Irlandako hazkundeari kalte egingo dio. Are gehiago: Irlandak behar du eurotan bere aldeko fluxua gainditzea, bere kanpo balantzaren bidez, alegia, EBrekiko inportazioak murriztuz eta esportazioak handituz. Horretarako, ortodoxiaren arabera, barneko hazkundea murriztu behar da, inportazioak jaisteko eta nazioarteko lehiakortasuna areagotu. Horrek, berriz, barneko hazkundea murriztuko du, gobernuaren zorrean ordaindutako interes  tasaren azpian. Eta horixe da, hain zuzen ere, EBko elitea proposatzen ari dena.

Are okerragoa dena. Normalki, ekonomiaren hazkunde geldoak errenta-tasaren hazkunde geldoa esan nahi du. Barneko austeritateak aurrekontu defizita txartu egiten du, zeinak gobernuaren zorrean interes-tasak areagotzen dituen. Gurpil zoro bat sortu daiteke, non zor zerbitzua lehertzen baita hazkundea geldotzen den heinean eta interes tasak handitzen diren moduan.

Irlandak bere moneta subiranoa balu, gobernuaren defizitaren tamaina ez litzateke izango inolako arazoa. Irlandak ez dauka Islandiak daukan ahalmena aurrekontu defizita eramateko hazkundea areagotzearren, ezta interes-tasak jartzeko ere ekonomiari laguntzearren (EBZtik baitatorkio interes-tasen kontua). Ezin du moneta (euroa) debaluatu, nahiz eta krisian egon, Greziari, Portugali edo eta Espainiari gertatzen zaien bezala.

Hala ere,  Irlandako gobernuak aukeratu zuen bere bankuak babestea. Islandiak, aldiz, hiritarrek birritan bozkatu dute banku handiei diru-laguntza ez emateko. Gobernuaren ahalegina, beste hainbat herrialdetan bezala, atzerritar hartzekodunen diru-laguntzaren kostuak jendearengana jartzea izan zen.  Horixe da islandiarrek baztertu dutena.

Arazoa oso kezkagarria izanik ere, Islandiako kasua ‘hobea’ da Irlandakoa baino, zeren Irlandan banku-pasibo guztiak eurotan daude izendatuak, eta Irlanda ez da batere subiranoa euroarekiko.

Jakina denez, barrurako, Islandiak ez du euroa erabiltzen. Afera kanpora begira azaltzen da. Izan ere, horrelako ekonomia txikiak ezin du eurotan erakunde pribatuen izendaturiko zor guztia zuritu, batez ere banku handienen zorra. Islandiako bankuetako, eurotan inolako babesik gabe gobernuaren aldetik eta eurotan izendaturiko, segurtasunik gabeko gordailuak eskuratu zituzten zenbait kanpotarrek (bezero gehienak Britainia Handian eta Herbehereetan izanik).

Gobernuaren arabera, Islandiak Europako banku handiek egindako mailegu txarrak ordaindu behar zituen. Zorrak eurotan dauden izendatuak ez koroetan, hau da, Islandiak kontrolatzen ez duen atzerritar monetan. Baina jendeak uste izan du nahiko dela. Jadanik islandiarrek aski sufritu dute atzerritar monetan (eurotan) era ez-diskriminatu eta kontrol gabeko batez mailegatu zuten erakunde finantzarioek sorturiko finantza-krisitik. Orain, arriskuak hartu zituzten atzerritar inbertsiogile horiek, Islandiako bankuetan eurotan izendaturiko gordailu ez-aseguratuei eutsiz, bereganatu behar dute galera. Izan ere, aurreztaile batek ez badu nahi arriskutan jarri, berak soilik aktibo ziurrak bereganatu behar ditu, gobernu edo botere subirano batek bermatutako segurtasunezko aktiboak.

Islandiak nahi izan du soilik bere egoiliarren gordailuak (koroetan daudenak) bermatzea, atzerritarrek zeuzkaten gordailuetako kasuan (eurotan daudenak), Islandiako bankuek haiei ez ordaintzea ahalbidetuz. Horixe izan da jendearen bakezko ‘iraultza’ miragarria.

Nahiz eta biak, Islandia eta Irlanda, oso zordunak izan beraien bankuek atzerrira mailegu asko egin zutelako, Islandiak bere moneta dauka. Arazoa da, Islandiako bankuek atzerritar moneta batean (eurotan) egin zituztela beren kanpo maileguak, Islandiaren subiranotasun monetarioaz haratago, oso haratago, joanez. Eta orain, eurotan izendaturiko zor handi horri aurre egin behar dio. Hori ezina denez, gobernuak nahi zuenaren aurka aritu dira biztanleak.

Ondorio zuzena eta argia: Islandiako hiritarrek beren gobernuari presionatu  diote banku handiei diru-laguntzak ez gauzatzeko. (Agian, Irlandak eta Eurolandiako beste estatuek ere, hortik ikas dezakete.)

Baina tartean, hala Islandiak nola Irlandak lanpostuak behar dituzte. Horretarako, Wray-ren arabera, hoberena da lanpostuen babes orokorreko plana martxan jartzea. (Warren Mosler-ek ere aspaldian plan berezia aurkeztu zuen, gobernua employer of last resort -hots,  azken baliabideko enplegutzailea-  izanik[3]. Baita Bill Mitchell-ek[4] ere.)

Horrelako programa finantzatzeko, gobernu zentrala behar da. Eta hemen dago beste arazo bat. Gobernu subirano batek (bere monetarekin, Islandia kasu) beti horrelako programa bat finantzialki babes dezake.  Irlandak, bere moneta utzi eta gero, euroa onartu zuen, de facto, kanpoko moneta bat (euroa) onartuz. Beraz, Irlandak ezin du lanpostu berrien aldeko horrelako programa gauzatu. Moneta subiranoaren kasuan, gobernuak salmentarako edozein kantitate babes dezake bere monetan. Gobernuak konputagailuaren  teklatu-kolpeekin gastatzen du, bankuen kontuak kreditatuz.

Gainera, moneta subiranodun herrialde batentzat, interes-tasaren afera jardunbide aldakorra da, zeinak ez baitauka zer ikusirik solbentziarekin. Gobernuak interes-tasak baxuak ukan ditzake eta interesak ordaindu teklatu-kolpeen bitartez, bankuetako kontuak interesarekin kreditatuz.

Islandiak ez dauka inolako arazorik politika hori aurrera eraman ahal izateko. Irlandak, aldiz, (eta EBko beste edozein herrialdek) arazo handiak dauzka. Ezin ditu kontrolatu bere mailegu hartzearen tasak, zeintzuk merkatuetan jartzen baitira.

Beste aldetik, Irlandako kasuan, lanpostuen babes orokorreko programa berezi eta berria Irlandako gobernuak finantzatu beharko luke, Europako Banku Zentraletik finantza-laguntza baten bidez edo EBko beste erakunde berri baten bitartez (kasu, AEBetako Altxor Publikoaren antzeko erakunde berri baten bidez). Horretarako, aldiz, EBn benetako aldaketa egon beharko litzateke, EB bera beste modu batez eratuz eta EBko arazo fiskala erdigunean jarriz.

Islandia, berriz, libre dago bere lanpostuen babes orokorreko programa martxan jartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude