Digresioa: idaztea, eskribitzea, natur zientziak, gizarte zientziak, literatura, poesia eta abar

Barkatuko didazu, irakurle, baina azken hilabeteotan zurrunbilo batean erabat murgilduta egon naizenez, digresio edo excursus modura, zilegi bekit ondokoa aipatzea.

Margaret Atwood kanadar idazleak dioenez,”If you want to be a writer, you should go into the largest library you can find and stand there contemplating the books that have been written. Then you should ask yourself, “Do I have anything to add?” I you have the arrogance or the humility to say yes, you will know you have the vocation,” alegia,  “Idazle izan nahi baldin baduzu, topa dezakezun liburutegirik handienera sartu behar duzu, eta idatzi diren liburuak hor so eginez egon. Orduan zeure buruari galdetu behar diozu, Badaukat ezer gehitzeko? Baietz esateko harrokeria edo umiltasuna badaukazu, ezagutuko duzu bokazioa duzula.”

Aski ote?

Graham Greem-ek honela laburbiltzen du idazlearen jarrera: “The important thing is to write about things that matter”,  hots, gauza mamitsuaz idaztea da garrantzitsua.

Zeintzuk ote dira garrantzizko gauza horiek?

Natur zientzietan ez dago eztabaidarik handirik, badagoelako metodo zientifikoa zientzia eta sasi-zientzia bereizteko[1], hots zientzia eta zaborra argi banatzeko.

Baina gizarte zientzietan?

Gizarte zientzien izenean, ia denetarik ikusi dugu, baita pairatu ere. Kasurako, 2002ko uztailean New York Review of Books delakoan S. Kinzer-ek artikulu interesgarri bat argitaratu zuen Nikaraguaz, Country without Heroes izenekoa[2]. Bertan Nikaragua osoaren porrota agertzen du autoreak, hasi fronte sandinistarekin eta azken ilusio izpirik gabeko jendearekin bukatu. Tartean,  odola, hilak, zaurituak, elbarrituak, gosea, miseria,… zertarako eta, azken hauteskundeetan, Ortega jaunak enpresa erraldoien eta banku handien laguntza eskatzeko. Sandinistek erabateko porrota ezagutu dute, beste zenbait arrazoiren artean paradisura (lehengo Sobietar Batasunera) ‘fedearen bila’ joaten zirelako: “… we made pilgrimages to Moscow as if we were Muslins going to Mecca…” dio sandinista ohi batek[3].

Erromes mota asko dago, oraindik ere, gure artean.

Beste aldetik, ekonomi zientzia ideologia hutsa bilakatu dute neoliberalek. Fede berria da nagusi hala unibertsitatetan nola komunikabideetan zein ‘adituen’ artean. Zaborra barreiatu egin dute.

Idaztea eta eskribitzea (edo izkiribatzea) bereizi zituen gure Gabriel Arestik:  “Euskal Herrian idazle asko dago baina eskritore gutxi.”

Idatzi bai, baina zertaz?

Literaturaz? Poesiaz? Ongi. Eta bitartean, zer?

Bitartean gauza askotxo gertatzen dira munduan, baita gure Euskal Herrian ere.  Literatura, poesia, kultura, politika, konpromisoa, elkartasuna, … eta euskal gazteria.


[1]  Ikus  http://www.karmelaldizkaria.com/upload/pdf/karmel-2007-3-SORMENA_LITERATURAN_ETA_ZIENTZIA.pdf. Era berean, ikus Literatura zientifikoa eta sasizientifikoa, Hegats, 2002, 30 zenb. Halaber, ikus Zientzia eta sasi-zientzia, Ekaia, 2003, 17 zenb., 139-152 orr. Halaber, ikus http://es.scribd.com/doc/56577317/Zientzia-Sasi-zientzia-eta-Sorginkeriak.

[3] Ikus ere G. Belli-ren (2001) El País bajo mi piel izeneko liburu eder eta mamitsua. Halaber, ikus http://www.giocondabelli.org/tag/socialismo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude