Euroaren paradisua: zein irtengo da lehena?

Euroa eta Eurolandia berriz dabiltza espekulatzaileen zurrunbiloan. Warren Mosler-ek dioenez[1], euroak bukaera zoriontsu bat beharko luke, baina ezin da lortu. Jolas bukaerak esan nahi du autoritate fiskalak defizitean jartzea, baina eurogunean EBZ da nagusi eta horrek dena baldintzatzen du.

Mosler-en ustez, herrialde bakoitzaren zor/BPGa frakzioak % 20 baino gutxiago izan behar du. Eta hemen dago beste arazo bat zeren EBn, nonahi bezala, agintean daudenek  ez baitute ulertzen ezen aurrezki monetarioak inbertsioaren kontabilitatezko erregistroa besterik ez direla: inbertsioek aurrezkiek ‘sortzen’ dituzte[2]. Ez direla behar aurrezkiak inbertsioak finantzatzeko[3].

Euroa martxan jarri zenean, EBZk ez zituen bere gain hartu kide ziren herrialdeen zorrak, herrialde bakoitza zorpetik libre hasteko bide berria. Orain, aspaldiko zama horrekin aurrera jo behar du herrialde bakoitzak, zeinek bere zorrarekin.

Greziako krisiaren ondoren, Irlandakoa etorri da. Laster Portugaleko eta Espainiako etorriko dira. Izan ere,  bonoen merkatuek jadanik argi gorriak piztu dituzte[4]: Espainia eta Portugal, biak, Irlanda eta Greziaren parean jarri behar direla nazioarteko diru-laguntza jasotzeko.  Hitz lauan esateko,  euroa ezegonkortuko da, eta hori ekiditeko, (a) EBk diru laguntza behar izango du kanpotik, ala, (b) EBk barrutik Espainiari eta Portugali diru laguntza luzatu behar zaie, Greziari eta Irlandari egin zitzaien moduan.

Hortaz, Grezia eta Irlandaren ondoren, Espainia eta euroa bera salbatu behar ditu EBZk. Guztiak salbatuak izan behar dira. Europako Batasuneko (EB) herrialdeek ez dute euroa hondatzen utziko. Alemania ezin daiteke bilaka EBko periferiako herrialdeen funts iturria. EBZ izan behar da iturri hori. Halaber, EBZ izan behar da gordailu asegurua, gordailua sinesgarri eta egingarria izateko.

EBn nolabait funtsak emateko, erdiguneko autoritate batek (erakunde batek) egon behar du. Jadanik EBZ hainbat herrialdetako gobernu bonuak ari da erosten bigarren merkatuetan. EBZk hori egiten segituko duen bitartean, herrialde-kideek ‘solbenteak’ izaten jarraituko dute. Baina, noiz arte horrela?

Hori dela eta, Mosler-ek zenbait proposamen egin zituen EBrako[5]. Bi hitzetan, EBZ urtero per capita-ko banaketa bat gobernuei ematea kide diren estatuek beren zorrak zuritzeko, hasieran berehalako BPGaren %10ko banaketarekin. Hori egiteko, noski, aldez aurretik ulertu behar dute, banaketa hori ez dela inflaziogilea, alegia, ulertu behar da eskariaren aldeko inflazioa gastuaren funtzioa dela, eta proposaturiko banaketak ez duela gobernu-gastua gehitzen. (Ekonomia da gobernu-funtsak behar dituena, bere zergak ordaintzeko. Gobernariek eta ekonomialariek alderantziz uste dute: gobernuak ekonomiaren funtsak behar dituela gastatu ahal izateko. Funtsean diru-teoria ez ulertzean dago gakoa.)

Zoritxarrez, EBn egin den guztia deflaziogilea izan da eta da, langabezia barreiatuz: gobernuek ezin dute eurorik gastatu, alderantziz, austeritatea da hitz magikoa eta EBZ gero eta autoritate nagusiago bilakatu da terminoak eta kondizioak ezartzeko[6].

Are okerragoa dena:  hazkunde negatiboa ere jasangarria izan daiteke, ‘insolbentziarik’ gabe, baldin eta EBZk segitzen badu fondoak barreiatzen.

Hortaz, zergatik ez dute uzten herrialde horiek eurogunea? Noiz arte egongo dira herritarrak jasaten egoera tamalgarri eta traumatiko hori? Ezina ote da EB beste era batera antolatzea?

Arazorik garrantzitsuena teorikoa da: diru-teorian dago giltza. Eta agintariek eta ekonomialariek ez daukate garbi arazoa non datzan. Izan ere, EBn inflazioa txiki samarra izanik eta interes-tasak baxuak, zer dela eta da arazoa egoera hori? Esan bezala, diru-teoria ez ulertzean dago kontua. Gehienen ustez, gobernuek gehiegi gastatu dute eta orain herrialdeek prezioa ordaintzen dute. Ondorioz, austeritatea nonahi. Bapo.

Bapo? Zaborra! Lehendabizi zabor intelektuala maila teorikoan. Gero, zabor soziala, EBn gero eta abiadura handiagoaz zabaltzen ari dena, EB aparteko eskuindarren eta neoliberalen paradisua bilakatuz, bankari handien probetxurako[7].

Tartean, euroaren zaindariak, EBZk, segitzen du bere estrategiarekin, bonuak erosiz[8], orain Portugalekoak, baldintzak eta betebeharrak ezarriz.

Etorkizuna? Mintza bedi Paul Krugman Nobel sariduna: Espainia euroaren presoa da[9]. Eta harritzekoa dena: “Spain would be better off now if it had never adopted the euro.” Horrelakoak entzun behar ziren orain dela urte asko. Baina denbora hartan, EB erabat onuragarria zen, EBtik kanpo ezereza besterik ez zegoen. Hamaika entzuteko jaioak gara. Gogorragoak entzungo eta irakurriko ditugu hemendik aurrera!


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude