Enkarterriko kronika

Erdaraz idatzi zuen Pio Baroja zenaz baliaturik, hona hemen Enkarterriri buruzko kronika laburra. Guk ere, Pio Barojaren antzera, errepublikar Enkarterri nahi eta bultzatuko dugu Euskal Herri osoko Errepublikaren barruan,  “eulirik gabe, fraiderik gabe eta karabinerorik gabe” noski.

Txapelaundien kontua da eskuartean dagoena. Dudarik ez. Baina talde literarioaz haratago doa gurea. Izan ere, Errepublika berri horretan, ekonomia arloan honelako helburuak ditugu aztergai: inflaziorik gabe, langabeziarik barik, kapital espekulatzailerik gaberik eta kanpo-zorrik barik.

Errepublika hori martxan jartzeko, ez dugu inolako sekretupeko erakunderik asmatuko. Alderantziz, proposatzen dena erabat gardena da, irekia, zientzian oinarritua, laikoa, eta Enkarterriz haratago Euskal Herri osora hedatzeko prest izango dena. Kideak separatistak, erabat independentistak izan beharko dira, hots frantziar eta espainiar estatuetatik separatistak; horra, bada, baldintza bakarra taldekidea izateko.

Hemengo euskalduna, txapelaundi bihurtuz, Enkarterriren independentziaz, eta berau hedatuz, Euskal Herriaren independentziaz arituko da etengabe, pozik eta alai, Spinoza zaharrak nahi zuen moduan, ezelako paradisuren bila, inolako malenkonia historikorik gabe.

Inguru eder eta garbia nahi dugu, bakezaleak gara etxean eta ausartak ametsetan, kontzientzia nazional eta euskalduna dugu, ez gara frantsesak, ezta espainolak ere. Kantak dioenez, ez gara zaldunak, ezta aberatsak ere, euskaldunak gara, jende xumeak.

Indibidualkeria mota guztien gainetik, eta taldekeria guztien azpitik, abertzaleak gara eta, era berean, munduko hiritarrak, euskal hiritar eta enkarterritar garen heinean.

Soilik euskara erabiltzen dugu barrurako eta lingua franca kanporako, ingelesa alegia. Baina egia esan, txapelaundiak linguistikatik kanpo ibiltzen gara.

Estaturik gabeko herri honentzat, estatuek dirauten bitartean, euskal estatu bat eraikitzen ahaleginduko gara. Gero gerokoak…

Enkarterri: atzo, gaur eta bihar

Enkarterri bere osotasunean hartuko dugu. Ibaizabal eta Kadagoa ibaien arteko Enkarterri bitan banatua azaltzen zaigu: (1) Alonsotegi, Gueñes, Gordexola, Zalla, Balmaseda, Sopuerta, Galdames,  Artzentales, Turtzioz, Karrantza, Lanestosa; eta (2) Barakaldo, Trapagaran, Sestao, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Zierbena, Abanto, Muskiz.

Atzoko Enkarterrin aipatzekoa da toponimia eta euskararen arrastoak; gaurko Enkarterrin euskaldunak eta ia euskaldunak dira nabarmenekoak; biharko Enkarterri izango dugu aztergai Euskal Herri osoaren etorkizunean.

Hona hemen, erdara batuan zoritxarrez!, gure Enkarterri-ri dagokion informazio interesgarria[1].

Atzoko Enkarterri: euskara aztergai

Eztabaida luzea, zenbaitetan mamitsua, askotan aurreiritziz betea, gehienetan ideologia bati zein besteri lotua. Batzuek dena frogatu dute betiko, den hori edozein delarik.

Gurea ez den Fernández Palacios-ek egindako lana[2] benetako mugarria da Enkarterriko toponimoak eta euskal toponimoen aztarnak ikertzeko.  Irakurtzen dakienarentzat nahiko argi dago, iluntasunak iluntasun, gaiaren muina. Bejondeigula.

Gaurko Enkarterri

Euskaldun askotxo bizi gara berton, nahiz eta sakabanaturik egon.

Hona hemen zenbait datu[3]: B (biztanleria, 2005eko erroldan), E (euskaldunak, 2001eko datuen arabera) eta IE (ia euskaldunak, 2001eko datuen arabera).

Enkarterri osoan: B: 294. 503; E: 35.012; IE: 71.809.

Enkarterri  zentzu hertsian (hots, Alonsotegi, Gueñes, Gordexola, Zalla, Balmaseda, Sopuerta, Galdames,  Artzentales, Turtzioz, Karrantza, Lanestosa) %13,8a da euskalduna.

Abanton %16,2a; Barakaldon %9,8a; Muskizen %15,7a; Ortuellan %14,4a; Portugaleten %12,7a; Santurtzin %12,1a; Sestaon %11,2a; Trapagaranen %14,9a; Zierbenan %14,8a.

Biharko Enkarterri

Biharko Enkarterrik Bizkaian kokatzen segituko du, nahiz eta Bizkaiko bizkaieratik kanpo egon. Baina Bizkaiaz baino haratago doa. Hain zuzen ere, Euskal Herriaren etorkizunarekin egongo da lotuta.

Euskalkia euskara batua izango da. Bera AEKn eta beste zenbait euskal erakundetan, Ikastoletan eta D ereduko eskola eta institutuetan erabili eta hedatuko da. Enkarterriko HITZA erabiliko da BERRIAz gain. Euskal Unibertsitatea bultzatuko da lehengo UEUren bidez, eta euskal idazle (on)ak sortuko dira nonahi.

Politikan Euskal Herri osoarekin batera arituko da, euskal konfederazio berri batean parte hartuz. Konfederazio horrek Basgondadak, Nafarroa garaia eta Iparraldea izango ditu oinarri. Baskongadetan, Bizkaiaren barruan kokatuko da Enkarterri, baina estatus berezia edukita.

Politikaz haratago, ekonomiari ere begiratu behar diogu. Interes tasak banku zentralek jarri dituzte azken ehun urte, batez ere monetaren atzerritar truke-tasak egonkortzeko. Hala ere, 1990ko hamarkadatik, banku zentralek diru-merkatua kredituz bete zuten interes-tasak jaisteko, eta, beraz, merkatu-prezioa eta aktibo, bono eta higiezin errealen tasa-kapitalizazioa puzteko. Hyman Minsky-k egoera horri finantza-zikloen Ponzi fasea deitu zion[4] non bankariak, zorren merkatariak izanik, batez ere, eskuratzen dituzten aktiboekin eta merkatuan saltzen dituzten pasiboekin jolasten ari baitira etengabe.

2005erako, sistema hain gainkargaturik ezen sektore publikoak mailegu txarrak egindako mailegu emaileei dirua eman baitzion. Horrela, kreditua inbertsio ukigarrian, hots, lanpostu publikoetan eta enpresa txiki eta ertainetako lanpostuetan erabili barik, kredituak sorturiko aktibo-prezioko inflazioak, ondorioz, langabezia ekarri du.

Finantza-kapitalismoan bizi gara eta egoera eta aro berriari aurre egin behar diogu.  Horretarako, agian laster argitaratuko diren lanak[5] lagungarri izan dakizkiguke. Hala biz!


[2] Ikus Lengua e Historia del Asón al Cadagua (épocas prerromana y romana: http://biblioteca.ucm.es/tesis/ghi/ucm-t26714.pdf.

[4] Ikus The Financial Instability Hypothesis, http://www.levyinstitute.org/pubs/wp74.pdf.

[5] Ikus Finantza kapitalismoa, 2 bol, Utriusque Vasconiae.

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude