AEBak eta Europa: berdintasunak eta ezberdintasunak (II)

AEBen gastu publikoaren mekanismoa honelakoa da: AEBek zergapetzen ez duten dirua gastatzen dutenean,  dirua jasotzen duenaren erreserba-kontua kreditatzen dute. Banku Zentraleko erreserba-kontua egiaztatze kontua besterik ez da.

Demagun etsenplu bat: Txina, kanpo-zorra eta defizit gastua, batera, ikustearren. Txinak bere  dolarrak eskuratzen ditu AEBetan bere ondasun eta zerbitzuak salduz. Txinari ordaintzen zaioenean, dolarrak AEBen Federal Reserve Bank-eko, i.e, AEBen Banku Zentralean Txinak daukan egiaztapen kontura joaten dira. Txinak AEBen Altxor Publikoko tituluak erosten dituenean, Fed-ek fondoak transferitzen ditu Txinak Fed-en daukan beraien egiaztapen kontutik Fed-eko haren tituluen kontura. AEBen Altxor Publikoko tituluak erregistratuak dira merkataritza banku normal batean aurrezki kontuak erregistratzen diren bezala. Hori gauzatzen duenean ‘zor nazionalaren gehiketa’ aipatzen da, nahiz eta egiaztatzen kontuan dagoenean ez den erregistratu zor nazional gisa. Gobernu federalaren dolarren gastua Fed-ek zenbakiak aldatzea da, norbaiten erreserba kontuan. Altxor Publikoan lanean dagoen pertsonari ez zaio ardura fondoak banku zentraleko erreserba kontuan dauden, operatiboki ez baitago ezelako desberdintasunik. Ez dago inongo loturarik gastuaren, zergapetzearen eta zor kudeaketaren artean. Operatiboki, horiek erabat desberdinak dira. AEBetakoa, Britainia Handikoa edo Japoniakoa bezalako edozein gobernuk bere zorra ordaintzen dueneko bidea berdina da: norbaiten titulu kontutik banku zentraleko erreserba kontura fondoak transferitzea. Astero gertatzen da hori, milioika dolarrekin. Horrek guztiak ez auka inolako muga operatiborik gobernu gastuan. Ez dago solbentzia edo kaudimen arazorik. Banku Zentralen konputagailuan ez dago inolako ordaintze ezaren baldintzarik.

EBn, aldiz, dena aldatzen da, zeren aipaturiko guztia estatu desberdinen gobernuaren mailara jaitsi baita, maila federala ez baitago. Ez dago inongo ordaintze ezaren arriskurik AEBetarako, Britainia Handirako edo eta Japoniarako, non zorra AEBenaren hirukoitza den eta Greziaren bikoitza. Afera fondoak transferitzean datza, norberaren banku zentraleko kontu batetik bestera, zein bere monetan subiranoa delako. EBn, ez. EBko estatu desberdinek ez dute subiranotasun monetariorik. EBZa da nagusi[1], ez dago inongo estatu federalik[2].

Txinari dagokionez, ez da ongi ulertzen AEBekiko nola metatzen dituen kredituak. Txinatarrek ondasunak AEBetara bidaliz irabazten duten dirua AEBetan kredituak dira, eta kreditu unitate horiek ez dira zuritzen. Hortaz, jabe txinatarrek ezin dute ezer egin horiekin, ez bada AEBetako produktuak erostea, eta hori egiten badute, unitate horiek mozkin bilakatzen dira AEBetako enpresentzat. Baina badago beste posibletasun bat, zeinak askotan urduritasuna sortzen duen: zer gertatzen da baldin eta txinatarrek  dauzkaten AEBetako tituluak saltzen badituzte? Atzerritarrek daukaten dolarren kopurua aldatzen ez den arren,  dolarraren prezioa jaits daiteke. Txinak AEBetako zorra saltzen badu, dolarraren balio-jaitsiera nabarmena izan daiteke. Baina, operatiboki ez dago inolako arazorik. Kasu, euroak erosten baditu Deutsche Bank-etik, AEB-ek haien dolarrak mugitu ditzakete Fed-eko kontutik Deutsche Bank-ek Fed-n daukan kontura. Arazoa izan liteke dolarraren balioa beherantz jo litekeela. Baina kontuan hartzekoa da ondoko puntu hau: une honetan AEBetako administrazioa ahalegintzen ari da Txinak bere moneta gorantz birbalioztatu dezan. Hori dolarrak saltzearen modukoa da. Hortaz, dolarrak saltzearen moduko bat bultzatzen ari dira AEBak, ezelako urduritasun barik .  Azter dezagun puntua: zer gertatuko litzateke, Txinak bere dolarrak salduko balitu? AEBen benetako aberastasuna ez da aldatuko, zeren edozein herrialdetako aberastasuna baita enplegu osoan barnean ekoitz dezakeen guztia gehi gainontzeko munduak herrialdeari bidatzen diona ken herrialdeak gainontzeko munduari bidaltzen diona (merkataritzaren termino erreala deitzen dena). Hori da ekonomian oso garrantzitsua izan dena eta orain askotan ahazten dena.

Beste gauza bat da zer gertatzen den banaketarekin. AEBn eragin zuzena ez dagoen arren, jaitsiz doan dolarrak AEBen barnean banaketari eragiten dion, esportazioekin profitatzen direnen arteko banaketa, baita inportazioekin profitatzen direnen artean ere. Hortaz, alde batetik AEBak ahalegintzen ari dira jende arrunta beldurtzen duena gauzatuz eta, bestetik, hori gertatzen bada, eskaera-banaketaren arazoa da, eta badaude barneko politikak hori gerta dadin nahi den bidetik, politika fiskal egokia erabiliz.

AEBren barneko neurri fiskalari buruz, honela dio Warren-ek: AEBetako neurri fiskalek errenta banaketan daukaten eraginari dagokionez, AEBen hazkundea, bataz beste, BPGaren %5a izan da azken sei hilabetean (elkarrizketa 2010.04.20an egin zen), langabezia handituz joan den bitartean. Baldin eta BPGa handituz badoa, eta gainontzeko munduko jendearen alokairuak jaitsiz joaten badira, orduan nork eskuratzen du benetako hazkundea? Ikusi izan duguna munduko historian benetako aberastasunaren  transferrik handiena izan da: errenta txikiko taldeetatik errenta handiko taldera. Hori AEBetan gauzatu da Alderdi Demokratikoa administrazioan egon denean: afera da gobernuan daudenek ez dituztela ulertzen jarduera monetarioak, moneta sistema eta nola funtzionatzen duen.

Gaur egungo egoera hobetzeko, hauek dira Warren-en proposamen zehatzak:

a)  AEBek daukan zergapetze atzerakoia aldatzea, kasu, lan egiten dutenen alokairuen gaineko zerga kentzea. Finantza-krisiarekin jendeak ezin izan du bere (kontsumo arrunterako) ordainketak egin.

b)  Banku bat finantzatzeko, gelditu dirua kentzen lan egiten duen jendeari, jendeak bere ordainketak egin ditzan, eta krisi finantzarioa konpontzen ahalegintzea behetik gora. AEBetan, eta nonahi, badago aparteko ahalmen bat erabili gabe. Langabezia hedatuz doa. (Mosler-en arabera, AEBetako langabezia % 10a da, langabeziaren definizio berrien arabera. Metodo zaharraren arabera, % 22ª da.)

c)  Zergak moztea eta jendearen errentak berrezartzeak ez du suposatzen ezelako gobernu-gasturik. Mito bat dago: gobernuari dirua bukatu zaio[3], gobernua porrotean dago, gobernu federalak fondoak eskuratu behar ditu, errentak eskuratu behar ditu zergak ordaintzen dituztenengandik, edo Txinatik maileguak hartu behar ditu eta hori gure seme-alabei atzera ordaintzeko utzi. Mito hori baztertu behar da lehenbailehen. Oztopo bakarra diru teoria gaizki ulertzea da, besterik ez.

d)  Zergak kentzeak erosteko ahalmena eta kostu baxuagoak ekarriko ditu, biak. Hortaz, ondorio inflaziogile txikiak ager daitezke gastuak hasten direnean. Baldin eta eskaera hasten bada prezio-maila mehatxatzen, puntu bat irits daiteke non zentzuduna izango den zergak altxatzea, baina ez Txinari ordaintzeko, ez gizarte segurantzari ordaintzeko, ez Afganistan-erako ordaintzeko (nahikoa da banku-kontuetan zenbakiak aldatzea), baizik eta eskaera hozteko. Ulertu behar da zergek funtzionatzen dutela eskaera agregatua erregulatzeko, ez gastuak finantzazeko. Aukerako politika fiskalak aukerako aldaketak suposatzen ditu zergetan, ez soilik aldaketak gastuetan

e)  Politika fiskalak zergapetzean aldaketak suposatzen ditu, ez soilik aldaketak gastuetan. Nola segurtatzen da gobernuan dagoen klase politikak zergak altxatuko dituela behar denean? Orain horixe egiten ari dira, hortaz, ez du ematen arazorik daukatenik zergak altxatzeko. Gainera, jendeak inflazioari beldur dio. Beraz, beti inflazioa kontrolpean edukitzeko ahalegintzen dira. Eta jendeak inflazioaren aurka ematen du boza. Demokraziaren hautua da.

Eta Mosler-ek dionez, “nik demokrazian sinesten dut.” Eta honela bukatzen du elkarrizketa:

Demokraziaren terminoetan langabeziaren eta inflazioaren arteko hautua ezin da erabili gaur egun EBn. Europako Banku Zentralari prezio egonkortasunari buruzko agindu bat eman zaio, eta boto emaileen lehentasunean  inflazioa ala langabezia hautatzeko posibletasuna alboratu da, prezio egonkortasuna hazkundearen eta enplegu osoko premisa delakoan! Harritzekoa[4].

Puntu honetara iritsiz, irakurleak jadanik badaki premisa hori beste gezur borobila dela. Eta horrela doa gure europar paradisu ofiziala, gezurretan fedea jarriz. Noiz arte?


[3]  Ikus https://www.unibertsitatea.net/ blogak/heterodoxia/zazpi-gezur-politika-ekonomikoan-1.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude