Finantza lan-indarraren aurka

Europar banku zentrala eta Europar Batasuneko estatu desberdinetako presidenteak gastu publikoa murriztea eskatzen eta aldarrikatzen ari dira etengabe. Nonahi, baita Europan ere, ekonomia ‘errealaren’ kontrako finantzaren gerla bat ikusten ari gara. Gaur egungo aurrekontu orekatuaren aldarrikapenak, praktikan, aurrekontu defizitak ez edukitzea esan nahi du -Keynesen ustez, ekonomia suspertzeko behar ziren defizitak, hain zuzen ere-. Jaitsiera ekonomiko batean, aurrekontu orekatu batek sektore pribatuan  murrizketa bat esan nahi du[1].

Joan den ekainean, Munduko Bankuak Austeritate doktrina berria berraipatu zuen: aberastasunerako bidea austeritatearen bidez (sic). Greziako krisiarekin, aberatsak zergapetu barik, langileak zergapetu behar direla behin eta berriz irakurri dugu. Izan ere, ekonomiak ‘egonkortzeko’ aurrekontu orekatu baten bidez, lan-indarra pobretu behar da, alokairuak jaitsiz, gastu publikoak txikituz, heziketa eta osasun publikoetan eta oinarrizko azpiegituretan ez inbertituz. 

Horixe da eguneroko menua. Horren azpian dagoen sasi-teoriak honela dio: aurrekontu defizitek mailegu gehiago esan nahi du, zeinak interes-tasak altxarazten dituen. Uste da interes baxuek herrialdeak lagun ditzakete, baldin eta mailegatzea kapital produktiboaren eraketan erabiliko balitz. Baina hori ez da gaur egun finantza-merkatuetan gertatzen dena: interes-tasa baxuek soilik merkeago eta errazago egiten dute espekulatzaileen kapital-irabazi gehiago lortzea, ekonomia bera zor handiagora eta sakonagora eramanez. Eta zor handiago hori baten batek ordaindu behar du.

Gainera horrek islatzen du funtsezko ignorantzia, alegia, interes-tasek nola funtzionatzen duten ez jakitea. Egun banku zentralek interes-tasak determinatzen dituzte kredituak sortzean. Europar Batasuneko banku zentralaren arabera, estatu ezberdinetako banku zentralek ezin dute hori egin. Europako gobernuek behartuta daude merkataritza bankuetatik maileguak hartzera.

Ideia argi dago: finantza-krisi artifizial bat sortzea da helburu, geroago segurtasun sozialetan eta pentsioetan ‘greziar estiloko’ murrizketak aplikatzeko, ekonomia bera ‘salbatzearren’. Horixe da gaur egungo politika neoliberala. Estrategia zoro horrek Europa apurtuko luke, ala Europar Batasunak Baltiko estatuek duten pobrezia-mailara eraman. Horren aurka, zenbait ahots altxatu dira: izan ere, jende askoren ustez, Grezian gertatzen ari dena ez da soilik herrialde baten krisia, Europako Batasunerako eta eurorako funtsezko arazoa baizik. Batzuen aburuz, Europako Batasunak mugitu behar du Europako Estatu Batuen antzeko erakunde batera, ala eurotik Grezia bota. Kasu, J. Stiglish Nobel saridunak[2] dioenez,  Robert Mundell Nobel saridunak aspaldian moneta bakar batek funtzionatzeko behar zituen baldintzak plazaratu zituen. Europak ez zituen bete baldintza horiek, eta oraindik ez ditu bete.  Stiglish-en ustez, Europako herrialde txikiek beren aurrekontu defizitak gutxitu behar dituzte. Hipotesi gisa, bi proposamen aurkezten ditu: (a) Alemania euro-gunetik ateratzea edo euro-gunetan bitan banatzea, ala (b) behar diren erreforma instituzionalak gauzatzea, batez ere maila  fiskalean, zeina euroa martxan jarri zenean egin behar baitzen.

Mezuak ezagunegiak dira jadanik: ‘Oparotasunak austeritatea behar du’, ‘Banku zentral independentea da demokraziaren ikurra,’ ‘Gobernuak familiak bezalakoak dira: hauek aurrekontu defizita orekatu behar dute.’ Horixe da gerla fiskalaren eta finantzarioaren erretolika berria.

Kontua da ez dagoela nahikoa superabit ekonomiko eskuragarririk finantza-sektoreari berak egindako mailegu txarrak ordaintzeko, baldin eta pentsioak eta segurantza soziala ordaintzen badira. Orduan, baten batek  amore eman behar du. Krisi fiskala adineko populazioaren demografiaren hazkundean jarri nahi izan da arazoa, ez esponentzialki hazten den zor globalean, zaborrezko maileguetan eta gobernuen diru-laguntzen bidez zuritzen diren finantza-iruzurretan. Ekonomiaren mailegu txarrak baten batek bereganatu behar ditu – eta bankariek nahi dute ‘ekonomiak’ galerak bereganatu ditzan, finantza-sistema salbatzearren. Finantza-sektorearen ikuspuntutik, ekonomia kudeatu behar da banku-likidezia preserbatzeko, ez finantza-sistema ekonomiaren zerbitzuan egoteko.

Hortaz, zorra ordaintzeko, gobernuaren gastu sozialak, arlo guztietan (banku-diru laguntzak eta finantza-laguntzak izan ezik) moztu behar dira. Mitoa hauxe da: zorra ordaindu daiteke, bankuak berriz ere mailegatu ahal izateko, hots, ekonomia zamatu are zor handiagoarekin, zor-deflazio handiagoa sortuz.

Gobernuaren plangintza demokratikoa -ekonomia mistoaren giltza, berau- alboratu izan da, eta banku zentral independenteen esku utzi da plangintza garrantzitsu hori. Gainera, azken horiek merkataritza-bankuen lobistak dira, zeintzuek beren produktua saltzen duten: zorra.

Finantza-erakundeen arazoa ondokoa da: nola lortuko duten jendeak zorrak ordaintzea, zorrak ordaintzeko ahalmenik gabeko ingurunean. Hartzekodunak ordainduak izango dira ekonomiaren bizkarrean. Egon daitekeen superabit ekonomikoa haientzat izango da, ez kapital inbertsiorako, enplegurako edo/eta gastu publiko eta sozialerako. Gobernuek dirutza behar dute bankuei diru laguntzak emateko, beraien mailegu txarrak zuritzearren. Baina ezin dute mailegu gehiago luzatu zorraren estutzeagatik. Hortaz, zor txarren galerak lan-indarrari eta enpresei pasatu behar zaizkie.

Sasi-argudioa hauxe da: gobernuen diru-laguntzek bankuei ahalbidetuko diete berriz ere maileguak luzatzea, Burbuila Ekonomiaren Ponzi mailegu-hartzea berriz puzteko. Baina ez dago biderik burbuila berriz martxan jartzeko, ezin baita mailegu gehiago jasan: aktibo prezioak ekitate negatiboan[3] erori dira eta  zor-deflazioak merkatuak  eta korporazio-mozkinak murriztu ditu.

Hudson-ek dioenez[4], ekonomia osoa murrizteaz gain, helburu nagusia hauxe da: azken bi mendeetan mendebaldeko zibilizazioak lorturikoa, hots, ongizate sozialeko egoera erabat suntsitzea. Baldin eta finantza-sektorea erreskatatu nahi bada, segurtasun sozialean, heziketan, osasungintzan eta beste gastu publiko eta sozial batzuetan moztuz, merezi ote du horrelako triskantza egitea?

Jakitun ote gara egoera berriaz?


[3] Ekitate negatiboa: Mailegu bat segurtatzeko aktibo bat egoten da. Aktiboa maileguaren balio baino txikiagoa denean, ekitate negatiboa azaltzen da.  Kasurako, etxe bat erosteko hipoteka bat erabiltzen da. Hipoteka etxearen balioa baino handiagoa denean, ekitate negatiboan dago etxea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude