Aro berria

Aro berrian gaude, inolako dudarik gabe, eta askotxok diotenez, ezkerra galdurik dago, batzuk paradisu galduaren bila (errezeta zaharrekin) eta beste batzuk hitzen zorabioan (nominalismoa nagusi, badakizue!).

Aipa ditzagun aro berri honetako zenbait puntu interesgarri[1]:

a)      Hainbat herrialdetan (Grezia, Baltikoko estatuak, Islandia) zor-deflazioa hedatu da, hortaz hartzekodunei ordaindu behar diete.

b)      Hartzekodunen ustez, zor guztiak ordaindu behar dira:  lan-indarrak eta industriak ordaindu behar dute.

c)       Klase finantzarioak ordainketa horiek erabiliko ditu lan-indarrari eta industriari mailegu gehiago luzatzeko, azkenak are zordunago bilakatuz.

d)      Hortaz, nazioarteko finantza-klasea, oligarkia finantzarioa berau, bankuen alde dago, lan-indarraren eta industria-ekonomia ‘erreala’ren kontra.

e)      Kontua da zerga zama aberatsengandik langileriarengana eta industria txiki eta ertainera pasarazi dutela.

Arazo teoriko nagusia hauxe da: bankugintzak edo banku-sistemak eta kreditu-sistemak nola funtzionatzen duten jakitea.

Baina arazoa, praktikan, bi arlo desberdinetan agertu da: alde batetik Europa zaharrean, bestetik Europa berrian. Lehen arloan (Grezian, kasu)  euroa da moneta bakarra. Bigarrenean (Hungaria, Errumania, Baltikoko estatuak, Islandia) moneta propioak erabiltzen dira, nahiz eta haien zorrak eurotan izendatuak izan.

Kontua da ea nola irabaziko duten truke atzerritarra ordaintzeko, ordainketa-balantzan azaltzen den desoreka eta defizita zuritzeko. Giltza politika fiskalean datza. Jabegoa zergapetu barik, higiezin erreala ‘askatu’ egin da, burbuila bat bultzatuz, eta atzerritar  merkataritza orekatzeko behar diren esportazioak produzitzeko barneko inbertsioa geldiaraziz. Horrela, zorrak handituz joan dira, gainera atzerritar monetatan (aipaturiko Europa berrian).

Europa ‘zahar’ horretan, jabetza-burbuila lehertu denean, higiezin erreala ekitate negatiboan azaldu da. Orain herrialde horiek ez dira gai atzerritar maileguak erakartzeko, iraganeko merkataritza defizitak finantzatzearren. Hortaz, soilik Nazioarteko Moneta-Fondotik (NMF) eta Europar Batasuneko herrialde sendoetatik (Alemania, Frantzia)  maileguak jaso ditzakete. Alegia, zor publikoa areagotzen da atzerritar monetan izendaturiko jabego pribatuen zorrak ordaintzearren. Hori ez da dinamika jasangarri bat. Okerrago oraindik, baldin eta gobernu nazional batek zor pribatuak bere gain eskuratzen baditu, eta baldin eta zor horiek atzerritar gobernuei edo eta nazioarteko hartzekodun erakundeei (kasu Nazioarteko Moneta-Fondoari) ordaindu behar badizkie, orduan Europak garrasi egingo du. (Antzeko gauza bat gertatu zaie post-sobietar ekonomiei Europar Batasunekiko (EB), Europa ‘berriko’ estatu horiek EBkiko aparteko menpekotasuna jasaten ari dira,  euroa dela kausa. EBn dolarrekiko aparteko menpekotasun bat jasaten ari gara, aspalditik gainera; euroarekiko antzeko menpekotasun bat  gauzatzen ari da post-sobietar ekonomietan. Europa zaharrak herrialde horiek merkatu neokolonial gisa hartu ditu.)

Gaur egungo finantza-gerla industriaren, lan-indarraren, lehengo Sobietar Batasuneko ekonomien eta Hirugarren Munduaren kontra da. Gobernuen aurka gerla da, gastu publikoaren aurka: oinarrizko azpiegituren, eskola eta irakaskuntza publikoaren, osasungintza eta beste zerbitzu publikoen kontra. Hori da hankaz gorako politika fiskal zehatz bat: herrialdeek beren interes ekonomikoen alde izan behar dute lehentasuna, ez atzerritar mailegari harraparien alde. Grezian, kasu, kontua ez da aberatsak zergapetzea, haien errenta aske uztea baizik, bankuen bahituran jartzearren, are atzerritar mailegatze gehiago erakartzeko, barneko ekonomia azpigaratua eta menpekotasunean utziz.

Grezia, Espainiar estatua, Portugal, Italia ordainketa-balantzaren krisian daude, zeren haien zorrak Alemaniako eta Austriako, baita Frantziako ere, hartzekodunei baitagozkie. Hortaz, euro gunean bi polo azaltzen dira argi eta garbi. Europa finantzarioki polarizatuta dago, gainera politika fiskal atzerakoi baten testuinguruan.

Herrialde baten zorra beste baten aurrezkiak dira. Hortaz, baldin eta balantza orriko pasibo aldeko zorrak ezin badira ordaindu, orduan baten batek galdu behar du – balantza orriko aktibo aldeko baten batek-. Hasieran, mailegu txarrak egin zituzten bankuek galduko dute.  Baina gobernuak banku horiei diru-opariak luzatzen ari zaizkie, zerga-ordaintzaileen kalterako, hots, lan-indarraren eta industriaren kalterako, edo eta erosle berriei enpresa publikoak saldu. Horrek gaizkiagotuko du Europaren egoera erabat.

Greziako irakaspenak mundu osoarentzat dira[2]. Izan ere, austeritatezko neurriak erabili izan da AEBetan, eta erabiliko da nonahi, gizarte segurantza eta osasun-zerbitzuak, pentsioak, zerbitzu publikoak eta gobernuaren gastu publikoak  mozteko. ‘Austeritatea’ da, eta epe luze batez izango da, modako hitza. Grezian gertatzen ari dena modeloa izango da beste herrialdeetarako, antzeko austeritatea bultzatzeko eta martxan jartzeko. Alegia, zientziaren izenean, zabor-ekonomia izango da nagusia nazioarteko politikan, eta bankariek ez dute izango inolako oztoporik beren bono-iragarpena betetzeko.

Opari greziarra tarp delakoaren antzeko bat da alemaniar eta europar bankarientzat, baita espekulatzaile globalentzat ere. (TARP: Troubled Asset Relief Program, hots, finantza erakundeetatik aktiboak erostea finantza-sektorea indartzeko.) Dirua beste gobernu batzuek emango dute (bide batez, barneko gastua moztuz), atzerritar bonodunei ordaintzeko, zeintzuek bono horiek erosi baitzituzten prezio oso baxuetan azken asteetan. Ustekabeko irabazi hori zerga ordaintzaileek pagatuko diete europar gobernuei (Alemaniakoari batez ere), NMFri eta are AEBetako Altxor Publikoari.

Baina bankariak ez dira leloak, badakite, ongi jakin, joko (eta jolas) finantzario horrek ezin duela luze  iraun. Hortaz, jokatzen ari dira epe laburrean  eta Greziaren atzean beste herrialde batzuk jasanen dute eraso berbera.

Hudson-ek dioenez[3], zor askotxo ezin dira zuritu. Zorrak egokitu behar dira merkatuaren balioarekiko, eta gobernuek beren zergapetze atzerakoia (lan-indarraren eta kapital industrialaren aurka) aldatu behar dute. Zergak lurraren eta monopolioen gainean ezarri behar dira, finantzaren, aseguruen, eta higiezin errealaren gainean .

Gainera, NMF ezin da irtenbidearen parte izan, arazoaren partea baita. Gobernuek aberatsak zergapetu behar dituzte. Alemaniak ez du hori egingo. EB-k ez dauka gobernu bat hori egiteko. (Hori gutxi balitz, europar ezkerrak ez daki zertan datza gaur egungo egoera.) Hortaz, zer egin daiteke?

Randall Wray-k zenbait proposamen egin ditu: alde batetik krisi orokorrari aurre egiteko eta, bestetik, Eurolandiako egoerari buelta emateko. Neoliberalismo finantzario gogor horren aurka, zeinak ekonomia osoa finantzializatu egin duen, gobernu sendoak behar dira, politika fiskal progresibo eta egoki eta zehatz bat martxan jarriko duten gobernuak, baita zerbitzu publikoetan inbertsio berriak egiteko gai direnak ere[4].

Eta Euskal Herrian? Estaturik gabeko lurralde honetan, zer egin daiteke? Jakitunak ote gara egoeraren larritasunaz? Ala pesimismo hutsa (sic) ote da kontu hau?

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude