Eurolandia, mon amour

1980ko hamarkadaren erditik aurrera, aparteko eztabaida luzeak ezagutu ditugu euroaren inguruan.  Ia paradisua zen Eurolandian sartu behar zen, kasik edozein modutan. Salatu genuen egoera hori baina eraginik batere gabe. Horixe omen zen apustu bakarra. Geroago zertxobait gehiago ikasi dugu eta kritika sendoago egin. Baina ortodoxiak bere horretan dirau. Ikus dezagun, gaingiroki bada ere, nola dagoen paradisu hura.

Mezua hauxe zen: 1999an, euroa martxan jarri zenean, uste zen Europako moneta batasuneko partaideen arteko desberdintasunak murriztuz joango zirela. Halaber, langabezia tasak bateratuko zirela beste aldagai makroekonomiko garrantzitsuak bezalaxe: lan-indarraren unitate-kostuak, produktibitatea edo lehiakortasuna, defizit fiskala edo eta gobernu-zorrak. Azkenean, aberastasuneko ezberdintasunak, per capita errentatan neurtuz, murriztuz ere joango ziren.

Hala ere, euroa martxan jarri eta lehen hamarkadan, 2009 arte, dibergentzia izan da nagusi, ez konbergentzia, eta partaide diren estatuen artean tentsioa areagotu dira. Izan ere, 1999tik 2009ra doan artean, S. Eijffinger eta E. Mujagic autoreek[1] txarren eta ondoen aritu diren estatuen egoera konparatu dute.

1999an, inflazioari dagokionez, inflazio tasa altuenetik baxuenera bi puntu zeuden; 2009an, 5,9 puntu. Hazkunde ekonomikoari dagokionez, Irlandaren eta Portugalen arteko ezberdintasuna, hamarkadaren lehen erdian, portzentajean, 4.8 zen; 2009an 6. Lehiakortasunari dagokionez, 1999an desberdintasuna 25 puntukoa zen; 2008an 66,2. Lan-indarraren unitatearen kostuei dagokienez, 5,4tik 31,8ra joan da, eta langabezia 10,1etik, 15,4ra.

Gobernu-zorrei dagokienez, Finlandiak gobernu-zorrik txikiena zeukan, Barne Produktu Gordinaren % 45,5; Italiak % 68,2. 2009an, Finlandiak %39,7 daukan bitartean, Italiak %100 baino gehiago. (Egoera are txarragoa da gobernu-defizitei dagokienez.)

Ondorioz, tentsioak nonahi azaldu dira, hala Europar Batasunaren barruan nola kanpoan, eta, bi autoreon ustez, segur aski, tentsio horiek areagotuko dira hurrengo urteetan.

Nonahi Greziaren kasua aipatu da. Baina oso sinplista da euroaren arazo sakona soilik Grezian jartzea[2]. Egia da Greziaren egoera tragedia bat dela[3]. Baina Italia, Irlanda eta Espainiar estatua antzeko egoeran daude defizit publikoari eta kanpo-zorrari dagokienez[4].

1980ko hamarkadaren azken urteetako Europar Batasunari (EBri) buruzko entzun ziren paradisuko oihartzun haiek fikziozkoak ziren. Erabat. Errealitatea oso gordina da, eta ‘nahikoa’ izan da banku erraldoiek (batez ere AEBetakoek), subprime zabor kredituen bidez, nahita bultzaturiko finantza-krisi bat izatea, EBko paradisuzko egitura osoa hankaz gora jartzeko. Ondorioz, eta lehen urrats gisa, Greziak diru laguntza behar omen du, gobernuak zorra kitatzeko.

Baina arazoa sendoagoa da. Hona hemen ahots argi eta esanguratsu bat, Randall Wray-rena[5]: “Badakigu Wall Street-eko guztiok ikusi zutela hori [krisia, alegia] etortzen. (…) Krisia ez zen akats bat… bazekiten enpresa [Goldman] produktu toxikoez beteta zegoela (…) 2001etik 2009ko azaro arte (…) Goldman-ek tresna finantzarioak sortu zituen Europar gobernuaren [Greziaren] zorra estaltzeko, kasurako moneten trukearen bidez edo zorra etorkizunera bultzatuz. (…) Beste hitzez esanda, Wall Street-ek, Goldman eta AIGren bidez, zorra sortzen lagundu zuen, gero litezkeen ordaintze ezari buruzko histeria sortzen arituz. (…)Haiek sortu zuten nahasketa hau eta ez dute soilik mozkina hartzen hortik, baizik eta susperraldia baztertzen ari dira, langabezia, gosea, bizitzaren deuseztapenak kausatuz… (…) Greziak, eta, oro har, Eurolandiak, baita gainontzeko munduak ere, guztiek, atseden bat behar dute Wall Street-eko erakundeen bidez gure ekonomiek jasotzen duten manipulaziotik eta deuseztatzetik (erakunde horiek mozkinak jasotzen dituztelarik, beraiek sortzen dituzten burbuila espekulatiboetatik). Atsedena enpresak,  etxe-jabeak eta gobernuak zorretan ehortzi izatetik, baita atsedena erakunde horiek sortzen dituzten krisietatik ere… [Hortaz], nahasketa hau sortu zuten Goldman Sachs-en eta antzeko finantza-erakundeen aurka gerra deklaratu behar da.” Eta Greziari buruz, ikus Wray-ri egindako elkarrizketa[6].

Gerla horretan tresna demokratiko eta legal guztiak erabili behar dira nahasketa finantzario hura sortu dutenen kontra. Bestela, behin eta berriz gauza bera egiten ahaleginduko dira.

Eta Euskal Herrian, zer? Estaturik gabeko Euskal Herrian arazoak areagotzen ari dira hala Iparraldean nola Hegoaldean. Politika mailan, euskal errepublika independente baten beharra gero eta beharrezkoagoa eta onartuagoa da abertzaleon artean. Eta ekonomiaz? Zer daukagu esateko euskaldunok subiranotasun ekonomikoaz?


Iruzkinak (2)

  • ESKISABEL SUKIA Begoña says:

    Bruselas, 2011koMaitzak 19Agur t’erdi Joseba : “Krisia eta lanaren arazoa” zure artikuloa

    Herria 2000 Eliza aldizkarian irakurri dut. Euskeraz idatzia eskertzen dizut baita ere. Gure aldizkari horrek euskarazko izena du, baina idazle gehienak espainolez idazten dute. Hemen Neerlandera eta Frantsesa dira baita ere arerioak, Flandriako biztanleak gehienak bi hizkuntzak hitzegin dituzte, baina Frankophonoak beste hizluntza ezabatu nahi dute eta oraindik gobernurik gabe jarraitzen dugu… Krisia aipatzen da baina gure egunerokoan ez dugu ikusten diru falta dagoenik, naiz eta hemen esaten dute pertsona asko dagoela hilabetea ezin osaturik; haur asko gosaldu gabe joaten omen dira ikastetxera eta han goizean esne beroa eskaintzen diete ikasketak egiteko gai izan daitezen.Gaur egun tentazio asko dauzkagu eta haur eta gazteak eskuetan telefonoa dutela ikusten ditugu eta beste hainbat tresna… Ez da erraza gaurko egunean atsegin bizitzen. Nik Burundi aldean ikasi nuen gutxikin pozik bizitzen. Han biztanleak gutxi zuten, baina denentzako zegoen, solidaritza bizi zuten…Eskerrik asko ematen diguzun mezu eta ikasbideengatik. Gaurko egoera ulertzen lagungarri izango dugu. Adiskidetasunez Begoña

     

  • joseba felix tobar-arbulu says:

    Mila esker zuri, Begoña.

    Maisu onak ditut, besterik ez. Sartu Warren Mosler-en eta Bill Mitchell-en blogetan. Hortxe duzu informazio pilo bat.

    Ez adiorik.

    joseba

Utzi erantzuna ESKISABEL SUKIA Begoña(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude