Bankuak: kontulari sozialak

AEBetako datuei so eginez[1], argi ikusten da FIRE sektorearen zorra ekonomian.

FIRE sektore (Finantza, Asegurua eta Higiezin Errela) ia guztia hasi zen kreditu-merkatuko tresnen gisa, zeina banku-kredituaren sormena den. Ekonomian kredituak daukan eragina kontuan hartzeko, bankuen rola eta bankuak erregulatzen dituztenen rola aztertu beharra dago.

Autore batzuk arduratu dira arazo horretaz. Hona hemen historikoki ezagunenak: Marx, Keynes, Schumpeter, Minsky,…; eta hona, aldiz, gaurko autore  moderno batzuk: G. Gardiner, M. Hudson, R. Werner, R. Wray, …

Autore moderno gehienak ados daude ondoko puntuetan: a) bankuen kontabilitatearen rolean; eta b) kontulari zuhurren rolean, azken hamarkadetan huts egin dutela. Baina, zeini egotz dakioke bankuen azken krisia? Ba ote dago biderik bankuak nolabait kontrolatzeko? Bankuak kontabilitatezko artxibo soilak ote dira? Ala kontrolatzaile hutsak?

Kredituak sortzen dituzten heinean, bankuak ote dira kreditu-krisien azken kausak? Ala kontulariak izatez gain, bankuak krontrolatzaileak ote dira? Bankuak kontalari hutsak ote dira ala gizartearen finantza-ildoa aktiboki markatzen dute?

Finantza-merkatuek negozio-zikloak moldatzen dituzte, kreditu-zikloak bultzatuz eta zor-hazkunde esponentziala areagotuz[2].

Orain badakigu ezen, alde batetik, errenta eta aberastasunaren, eta bestetik, zorraren arteko desoreka da finantza-krisiaren erroa. Ondorioz, kredituaren sormenari eta kreditu horren erabilerari so egin behar zaie, desoreka hori kontrolatu ahal izateko.

Hortaz, informazioa monitorizatu behar da kontabilitate arauak betetzen diren ala ez jakiteko, zorra aberastasunaren gainetik ez egoteko. Horretarako, nazioarteko estatistikei eta estatistika nazionalei begiratu behar zaie, baita finantza-merkatuko desarautzeari eta aktibo-prezioko inflazioari ere. Irabaziak eta mozkinak alde batetik, eta FIRE sektoretik datozen kapital irabaziak bereizi behar dira. Errentak analizatzerakoan, errentetan zor-deflazioak eragin handiago dauka barne produktu gordinari dagokion errenta-hazkundea baino. Beraz, errentaren jasangarritasunari begiratzerakoan, aktibo prezioko inflazioari segitzen dion zor-deflazioaren zeregina garrantzitsua da oso. (Aktibo prezioko inflazioa eta kontsumo-prezio inflazioa erabat ezberdinak dira: biak hartu behar dira kontuan.)

Bankuak ‘kontulari sozialtzat’ har daitezke, diruaren kreditu-izaera adierazteko, ‘diruaren kantitate-teoria’ren ordez ‘kredituaren kalitate-teoria’ berria proposatuz. Horrela, ondoko puntuak azpimarra daitezke:

(i) Dirua kredituaren kategoria bat da, beste kategoriak ere badaude;

(ii) sektore finantzarioaren, finantza-politikaren eta politika monetarioaren eragina ekonomia errealean ez du ongi islatzen diruaren eskaintzak, ezta interes-tasak eta kontsumo-prezioko inflazioak ere;

(iii) eragina islatzen da kreditu-eskaintza osoan (dirua barne) eta ondasun, zerbitzu eta aktiboen prezioetan;

(iv) dirua banku-kreditua da, hortaz kontabilitate kontzeptua, ondorioz

(v) bankugintza-sektoreko kontabilitate arauak garrantzitsuak dira ekonomiaren jardunean;

(vi) banku-kreditu sormenak zor-sormena inplikatzen du, hortaz

(vii) erregulatzaile baten eginkizuna giro egokia sortzean datza, non kreditua aberastasuna areagotzeko jomugatzat jartzen den eta zorra maila sostengarrietan kokatzen den;

(vii) oso garrantzitsua da konturatzea kreditu guztiak ez direla dirua eta ekonomia moderno guztiak ekonomia bikoitzak direla; izan ere

(ix) sektore errealarekin batera sektore finantzarioa dago, zeinak arriskuak ekartzen dituen eta kontsumoa eta inbertsioa murrizten dituen;

(x) sektore finantzarioak zorra sortzen du, zeina ez baitago parean zorra ordaintzeko ekonomia errealak daukan gaitasunarekin; eta

(xi) bankuek eta erregulatzaileek ez badituzte kontuan hartzen puntu guzti horiek, kreditu-krisia ekarriko duen zor globala gara daiteke.

Gainera, (a) maiz aberastasunaren eta zorraren hazkundeak ez dira sartzen estatistika nazionaletan, haien identifikazioa eta kontrola oztopatuz; (b) ezagutu dugun desarautzeak gizartearen kontabilitate arauak aldatu ditu, kreditu booma eta zor-hazkundea ahalbidetuz; (c) aktibo prezioak moneta politikatik kanpo egon ohi dira; hortaz, (d) aktibo burbuilak ofizialki ezinezkoak zirela uste zuten politika monetarioa martxan jartzeko zeuden arduradunek.

Beraz, arautze finantzarioa, aktibo prezioen analisiak, kredituen fluxuak kontuan eduki behar dira edozein politika monetarioa inplementatzerakoan, autore batzuek jadanik proposatu duten bezala[3].

Hori guztia kontuan hartuz, gai izango ginateke ikusteko ezen Obama presidenteak berriki proposaturiko programa[4] oso labur geratzen dela[5].

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude