Urrats ñimiño bat…

Obama-ren iritziz, (a) Wall Street beharrezkoa da ekonomia bigarren depresio batean ez erortzeko; (b) orain finantza-sistema osasuntsuagoa da; (c) Volcker araua erabili behar da, alegia, kontua litzateke gobernuak ‘babesten’ dituen finantza-erakundeek ez sortzeko beren estaldura fondoak eta enpresa pribatuak[1]. (Jakina denez, finantza-erakunde erraldoi horien garrasiak nonahi entzun dira.)


Hala ere, proposamen horrek islatzen duenari begiratuz, badirudi Obama-k ez duela ulertzen krisiaren muina. Hona hemen Randall Wray-ren ustez zein den funtsa[2]:


(1)     Finantza-oparia (20×1012 dolar baino gehiago) ez zen beharrezkoa, eta ez luke ezer egingo beste atzeraldi ekonomiko bat alboratzeko. Likidezia-krisia bide normaletik konpon zitekeen, FED-ek inolako mugarik gabe eta instituzio guztiei kredituak mailegatuz. Oraindik ere bankuak insolbenteak edo kaudimengabeak dira. Baldin eta banku kaudimengabeak bere horretan uztea nahi bazen, egin behar zen bakarra pazientzia edukitzea zen, ez opariak ematea.


(2)     Eta orduan, gailurreko 20 bankuak (nahasketa guztiaren erantzuleak) itxi egin behar ziren, itxierak ekonomian inolako eraginik izan gabe. Lagundu dezakeen gauza bakarra pizgarri fiskala zen, baina Obama-k ez zuen inolako aukerarik jende guztiarentzako (ez soilik Wall Street-erako) diru gehiago eskatzeko, diru hori erabil dezaten


(3)     Finantza-sistema ez da osasuntsuagoa gaur egun, are arriskutsuagoa baizik. Krisiaren aurka, sektorea sendotu da erakunde erraldoi kaudimengabe eta arriskutsuen esku utzita. Harrapari-instituzio horiek guztiak (Goldman, JP Morgan, Citi, Chase and Bank of America) itxita egon behar ziren.


(4)     Lobbystak arazo bat dira. Zer espero daiteke Wall Street-en eta administrazioaren artean ate irekita uzten baldin bada? Irtenbide bakarra dago: finantza-sektoreko enplegatuei debekatzea gobernuan enplegatuak izatea (baita aholkulari gisa ere) eta gobernu-enplegatuei debekatzea Wall Street-eko edozein erakundetan lan egitea.


(5)     Ez da nahikoa Volcker araua bankuei aplikatzea. FED edo/eta FDIC-ren (Federal Deposit Insurance Corporation) informazioa duen edozein erakunderi debekatu behar zaio inolako merkataritza-mota egitea. Mailegatu behar dituzte, tituluak erosi eta gero beraiei eutsi. (Salbuespen bat izan daiteke gobernu-zorra.) Haien aktiboak arrisku-estandarraren pean egon beharko lirateke. Arrisku guztiei aurre egin behar diete, ez aktiboak saldu. Estaldura arriskuak, via deribatibak, debekatuak egon beharko lirateke.  Gainera, beren buruak babesteko, ‘aseguru’-kredituak erostea debekatzea, baita ekitate-merkatuetan parte hartzea ere. Hori guztia onartzen ez duena finantza-erakunde ez-babestua izango litzateke.


(6)     Iruzurra handitu da 2008ko krisitik. Iruzur masiboa da eta ikertu egin behar da. Iruzur-erakundeak itxi egin behar dira. Lehendabizi kudeatzaileak kaleratu behar dira, hots, bota behar dira eta gero ikertu.


Hortaz, Obama-k emandako urratsa oso txikia da. Jakina da erreforma sendoago bat egiteko aparteko oztopoak daudela, hasi politikariekin, segi ekonomialariekin eta prentsarekin eta finantzako ‘ingeniaritza ideologikoarekin’ bukatu (jendeari aktibo-prezioko inflazioa onartzea esan diona).


Hona, berriz, Wray-ren ustez, zer egin beharko litzatekeen[3]: a) Banku kaudimengabeak ixtea.  b) Finantza-erakundeak salbatzeak ez du ekonomia salbatzen, hortaz, beste finantza-krak daihestezina da. Beraz, finantza-sistema murriztu behar da. c) Gobernuak arlo publikoan gehiago gastatu behar du. d) Gobernu-finantza ulertzen duen talde ekonomiko bat beharrezkoa da, bestela ekonomia  beste depresio handian sar daiteke.


Michael Hudson-ek ere ildo beretik Obama-ren proposamena kritikatu du[4], zeren bankuen mailegatzea, kontrolatzen ez bada, zorra areagotuko baita, kreditua finantza ekonomiari joanez eta ez ekonomia errealeari. Ondorioz, Wall Street are aberatsago bilakatuko da, AEBtako jendearen kalterako. Izan ere,  Hudson-en ustez[5], aktiko-prezioko inflazioak (FIRE sentoreari luzatuko kredituek sortzen dutenak)  Burbuila Ekonomia berriz ere martxan jarriko du, ekonomia errealaren kalterako. Obama-k uste du ekonomia suspertzeko, lehendabizi Wall Street-eko aktiboak suspertu behar direla. Baina horrek zor handiagoa suposatzen du, ekonomia errealetik etor daitezkeen errentekin ordinezinezko den zorra. Hortaz, berriz, burbuilaren leherketaren arriskuan egon daiteke. AEBetako Barne produktu Gordina igotzen ari da FIRE (Finance, Insurance and Real Estate) sektorerako, ez ekonomia errealerako. 


Ulertu nahi ez dena hauxe da: ekonomian bi sektore nagusi daude, FIRE sektorea eta ekonomia erreala, eta lehenak bigarrena irentsi du. AEBko ekonomia zor deflazioan dago. Bankuek,  haien estrategia kontrolatzen ez bada, atzerrian inbertituko dute (dolarraren aurka ari diren moneta ‘sendoetako’ herrialdeetan), ez barneko produkzioa areagotzeko. Wall Street-erako ‘ona’  dena ez da ona ekonomiarako. Goraipatzen den susperraldiak ordaindu behar den zorraren susperraldia esan nahi du. Zorra langileek eta jende arruntak ordainduko dute, ez bankuek.


Arautze finantzarioa, aktibo prezioen analisiak, kredituen fluxuak kontuan eduki behar dira gaur egun edozein politika monetarioa inplementatzerakoan, autore batzuek jadanik proposatu duten bezala[6]. Bestela jai. Okerrago, bestela, beste finantza-burbuila puztea.










 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude