Mugarria, nazioarteko finantza sisteman

Gauza berri asko ikusten ari gara eta, segur aski, gauza gehiago eta interesgarriagoak ikusiko ditugu epe motz edo ertainean.

Hona hemen ekonomia berrirantz ematen ari diren lehen urratsen bi mugarri oso berezi. (1) Lehenean, hegemonia amerikarraren azken errituak ospatu ziren[1]. (2) Bigarrenean, Yekateringburg-eko bilera gauzatu zen[2].

Tartean Errusiaren eta Baltikoko Errepubliken porroten azalpena ezagutu dugu[3]   eta Islandiako egoera txartu da[4].

Yekareringburg herrian SOC-ko (Shangai Kooperazio Elkarteko) partaideak bildu ziren, Iran, India, Pakistan eta Mongolia ikuskatzaile gisa zeudelarik.

Helburu nagusia elkarrekiko laguntza lortzea izan da, AEBek, NATOk eta dolarrak (merkataritzako ibilgailu moduan) inolako rolik ukan gabe. Alegia, ‘finantza-sistema multipolar’ bat martxan jartzea izan dute helburu.

Izan ere, funtsezko arazoa dolarrari alternatiba bat topatzea da, AEBen ordainketa-balantzaren defizita ad infinitum ez hazteko. Eraiki behar den alternatiban inongo herrialdek ezin izango du beste edozein herrialde menpean hartu.

Hasiera batean SCO-ko herrialdeek eta BRIC-koek (Brasil, Errusia, India eta Txinak) zeinek bere moneta erabili nahi dute elkarren arteko trukeetarako, orain arte AEBek beretzat hartu duten kredituaz orain herrialde horiek profitatzeko. Horrela, kasu, Txinak aldebiko akordioak gauzatu ditu Argentinarekin eta Brasilekin salerosketak egitearren[5], baita Malasiarekin ere.

Aro berri bat sortzen ari da. Beharbada Lehen eta Bigarren Mundu Gerlen artean ezagutu zen truke tasa duala jarriko da martxan: ondasun merkataritzako truke tasa bat eta beste bat kapital mugimenduetarako eta inbertsioetarako.

Yekareringburg-en bildu ziren herrialdeek ez dute nahi dolar (‘paper’) gehiago jaso. Ondorioz, baldin eta Txinak, Errusiak eta lerrotu gabeko haien aliatuek beren bidea egiten badute, AEBak ez dira gehiagorik biziko beste herrialde horien aurrezkietatik (beraien dolar birziklatuak direla medio). Halaber, AEBek ez dute izango dirurik mugarik gabeko gastu militarretarako.

Herrialde horiek guztiek badakite, ongi jakin, gaur egungo finantza sistema polobakarrak nola funtzionatzen duen, zer-nolako abantailak dakarzkien  AEBei eta bazka librea zer den. Arlo teorikoa argi daukate. Oraingo arazoa praktikoa da. Izan ere, Errusiako presidenteak, Medveded jaunak, San Petersburgon (2009ko ekainaren 5ean) gauzaturiko nazioarteko forum ekonomikoan, Txinari, Errusiari eta Indiari munduko ordena multipolarra praktikan eraikitzeko dei egin zien[6].

Bestalde, Europak ez badu errotik aldatzen, AEBetako Washingtongo Akordioaren menpe mugitzen segituko du, hots, euroa dolarraren satelitea besterik ez da izango. Europar Batasuna ezin da idealizatu. Europar banku zentralak, ‘independentea’ denak, ekonomia finantzializatu du, banku hori erabat neoliberala delako. Plangintza ekonomikoa banku handien eta finantza-erakundeen esku dago. Ondorioa ezin argiagoa da: austeritatea langileentzat, murrizketa industriala eta langabezia, eta hartzekodunen eta zordunen artean ekonomia osoa polarizatzea.

Europako bankuak ez daude aurrezkien menpe, kreditu-sormen ‘askeen’ menpe baizik. Prozesuan burbuilak sortzen dituzte, zeintzuek aurrezkiak deuseztatzen baitituzte. Modu horretan, aurrezkiak gizarteko aberatsen %10ean kontzentratu dira, eta gainontzeko %90ek beraiek mailegatu egiten dituzte. Izan ere, finantza-sektorea ez da ekonomia ‘errealaren’ parte bat, kanpokoa da, erabat estraktiboa, harraparia, industria finantzializaturik geratu denetik. Gobernua bera finantzializaturik dago, finantza-sektorea babesteko. Irtenbide moduan, mailegatzea bera birzuzendu behar da, finantza berriz ere kapital eraketa zuzentzeko eta arlo produktiborako mailegatzeko.

Europar Batasunak, oro har, oraindik ez du lortu aipaturiko herrialde horiek guztiok duten maila teorikoa. Izan ere, ekonomia mailan eta finantza arazoetan Europa oso atzeratuta dago, atzeratuegi: Banku zentralaren rolak, Altxor Publikoarenak, diruaren estatu teoriak, zergapetzeak eta zerga politika europarrak, horiek guztiok ihes egiten diote Europari. Azken finean, euroaren rola zein den ez dago batere garbi Europan, baina beste zenbait herrialdetan, finantza arloa aldatzen ari da.

(Bestalde, politika mailan, ‘terrorismoaren’ izenean, izugarrizkoa da eskubide demokratikoetan jasotzen ari garen atzerakada. Lekuko ‘pribilegiatuak’ gu geu, euskaldunok.)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude