Irtenbidea ala beste burbuila bat puztea?

Gaur egungo politika ekonomikoak segituz gero, finantza-sistemak banku erraldoi batzuk kartel batean kontzentratuko ditu, ekonomiaren plangintzagile zentral gisa eta baliabideen esleitzaile modura aritzeko. AEBetako gobernuak banku horiei jadanik 9 x 109 dolar eman dizkie eta orain dela gutxi beste 2 x 109 (eta oparien emate hori ez da bukatu[1].

Jakina denez, merkataritza-bankuek beren kreditu-sortzeko ahalmena erabili dute ez ondasun eta zerbitzuen produkzioa hedatzeko, baizik eta higiezin errealetarako prezioak, akzioak, bonoak eta beste aktibo batzuk puzteko.

Higiezin errealeko burbuilak ez ziren baztertezinak, ezta ekonomikoki beharrezkoak ere. Bankuek eskuraturiko eta erabat desaraututako ahalmen politikoak burbuilak nahita jarri zituen martxan, Wall Street-ek merkatuak auto-erregulatzaileak izan daitezkeeneko fikzioa zabalduz. (Greenspan-en denboran, baita geroago ere.)

Horrela, merkatu libreen mitoak gobernua plangintzatik eta zergapetze-ahalmenetik alboratu zuen, baliabideen esleipena eta superabit ekonomikoa bankariei utziz, hau da, demokrazian barik oligarkian arituz.

Oraingo hitz potoloa erreskatea da. Baina, norentzat da erreskatea? Programa bera diseinatu zuen jendearentzat, hots, banku-lobbyarentzat. Zertarako erreskatatu? Burbuila-ekonomia berria sortzeko, ekonomia ‘erreala’ zorpetuz.

AEBetan Erreserba Federalak esaten du ‘likidezia’ hornitzen duela soilik “hoztutako merkatuetarako”. Baina arazoa ez da likidezia, solbentzia baizik, ekonomialari askotxok azpimarratu duten bezala.

Bankuek Altxor Publikotik jasotako dirua erabiliko dute, beren zabor-hipoteken kontra, ‘maileguak hartuz’. Orain bonoak garantizatuak egongo dira[2]. (Hauxe da alde ‘publikoa’, alegia, arriskua ‘sozializatzea’)

Badirudi gaur egungo politika ekonomiko ‘egokiak’ egoera are txarrago bilakatuko dutenak direla. Hots, are gobernu-diru gehiago luzatzea ondoko esperantzarekin: bankuek kreditu/zor gehiago kreatuko dute etxe-prezioak altxarazteko; kreditu/zor berriek burbuila ekonomia berri bat puzteko.

Wall Street-entzat, ‘merkatu libreak’ hauxe esan nahi du: mailegatze harrapariak arautzetik aske egotea; aberatsak ez zergapetzea; zergapetzearen zama lan-indarrean jartzea; eta ekonomia errealaren inguruan sektore finantzarioa biltzea, superabitak bereganatzeko.

Izan ere, AEBetan gaur egun plangintza ekonomikoa Wall Street-en esku dago. Hala ere, horren kontra, estatu sendo bat behar da rentier finantzarioen eta higiezin errealeko rentier-en boterea kontrolatzeko.

Hudson-ek aldarrikatzen duen moduan, irtenbidea zorrak kitatzetik igarotzen da. Bien bitartean, zor-deflazioak ekonomia are gehiago areagotuko du. Aktiboak aberatsenen eskuetara transferituak izango dira, sektore finantzarioaren bidez.

Edozein finantza-politika, azkenean, politika fiskalean oinarritzen da, hots, zergatze politikoan. Izan ere,  Altxor Publikoko diruari balio ematen diona zergak areagotzeko ahalmena da. Zerga sistema da giltza.

Oraintsu arte, ‘sistema’ Greespan-ek bultzaturiko burbuila-ekonomia izan da. Irtenbidea ote da are zor gehiago sortzea jadanik zorpean dagoen ekonomiarako? Aipatu bezala, AEBetan orain zor-burbuilako ekonomia erreskatatu nahi dute, ez produkzio eta kontsumorako ekonomia erreala.

Kontua da ez dela posible higiezin errealean beste zor are handiagoan sartzea. Inongo kapital berriko kopuruk ezin die bankuei induzitu kreditua hornitzeko: jadanik gain hipotekatutako edo eta gain zergapeturiko jendeari edo korporazioei bankuek ez dizkie kredituak luzatuko.

Hudson-ek dioenez[3], alternatiba orain dela mende bat eta erdi plazaratu zuten ekonomialari klasikoek: Adam Smith, David Ricardo, John Stuart Mill, eta batez ere Karl Marx. Ekonomialari horiek komunean zeukatena hauxe zen: interesak eta errentak estraktiboak zirela ikustea, ez produktiboak. Ekonomia politiko klasikoak (eta ondoko ekonomia progresistak) lurra nazionalizatzea nahi zuen (edo gutxienez haren errenta erabat zergapetzea, oinarri fiskal gisa). Halaber, gobernuek beren kreditua sor zezan nahi zuten, ez zuten utzi nahi eginkizun hori elite aberatsei, beroriek kreditu-sormena banku monopolioaren esku uzteko.

Kontuan izango ote dugu ekonomialari erraldoi haiek plazaratu zutena?


Iruzkinak (3)

  • Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariak mezu alarmista bota berri du.”Egoera konpontzeko politika egokiak izatea ezinbestekoa dela” adierazi du, hala ere ez du adierazi zeintzuk izan daitezkeen politika horiek. Ez dut ulertzen zelan bere mailako arduradun batek bota dezakeen horren mezu iluna, arazoari inolako irtenbiderik eman gabe. Zein da euren asmoa? zuk aipatzen duzun erreskate-estrategien zilegitasun publikoa bermatu nahi dute? edo egia al da ez dakitela krisialdi hau zelan bukatuko den?

  • joseba felix tobar-arbulu says:

    Unai,
    Agian hauxe izan beharko litzateke galdera:
    Politika egoki horiek, norentzat izango dira egokiak?
    Nik dakidalarik, NDFa ez da inoiz egon (ezta egongo ere!) langileen, jende xehearen eta herrien alde. Inoren alde egotekotan, beti egon dira boteretsuen alde.  Hortaz,…
    Nik ez dakit NDF-koek dakiten ala ez zertan datzan egungo krisia. Batzuek badakite, oso ongi gainera, zeren krisia beraiek induzitu baitute, beraiek martxan jarri baitute, geroago ‘erreskaterako’ behar izango diren diru-laguntzak eskuratzeko.
    Horixe da berria gaur egungo finantza-kapitalismoan. Krisia ez da ohiko kapitalismo industrialak ezagutu dituen krisi periodikoetako bat. Krisia Wall Street-eko nagusiek nahita bultzatu dute.
    Ohiko eskematxoak alboratu behar ditugu, eta ekonomia benetan plangintzatzen eta kontrolatzen dutenei  (Wall Street-eko jendeari, batez ere) aurre egin. Gai izango ote gara?
     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude