Aldaketa monetarioaren beharra

 AEBetako American Monetary Institute (AMI) urtetan egon da Stephen Zerlanga-ren gidaritzapean aldaketa monetario sakon bat proposatuz. Zerlanga-ren lanik nagusiena The Lost Science of Money da eta publikatutako artikulu askoren artean The need for monetary reform izenekoa.

Hona hemen azken lan horren punturik garrantzitsuenak[1]:

(a) Erreforma monetarioa kritikoa da oso. (b) Dirua sortzeko ahalmena harritzeko moduko boterea da, askotan indartsuago botere exekutibo, legegile eta judizialaren konbinaketa baino. (c) Ahalmen hori pribatuki kontrolatuta dagoenean erabil daiteke aberatsak areagotzeko. Eta garrantzitsuena: berak determinatzen du gure gizartearen norabidea, dirua nora doan erabakiz -zer finantza daitekeen eta zer ez-. Erabakiko al da azpiegiturarako? Ala joango al da gerlak finantzatzeko edo higiezin errealeko maileguetara, aktibo-prezioko inflazioa sortuz -hau da, higiezin errealeko burbuila-? (d) Hortaz, dirua jaulkitzeko boterea ezin da inoiz alboratu demokratikoki aukeratutako gobernutik, eta esku pribatuetan jarri, gaur egun AEBetako Fed-ekin gertatzen den moduan. (e) Izan ere, AEBetako diru-eskaintzaren gehiena ez du Gobernuak sortzen, banku pribatuek baizik, beraiek maileguak egiten dituztenean. (f) Fed-en erreserba frakzionalaren prozesuaren bidez, sistemak erosteko medioak sortzen ditu bankuek maileguak egiten dituztenean txeke-kontuetan. Hortaz, AEBetako diru gehiena interesa daraman ‘zor’ gisa jaulkitzen da[2]. (g) Gu (AEBetako hiritarrak) diru-sistema hori maileguz hartzen ari gara banku pribatuetatik, eta sistemaren jabe izan beharko ginateke, ez hura errentan hartzea. (h) AEBetako Gobernuak subiranotasun boterea dauka dirua jaulkitzeko eta bera gastatzeko ongizate orokorra sortzearren. (i) Aldiz, sistema monetarioa gaizki erabiltzen ari da espekulaziorako, bankugintzak historikoki egin duen moduan (ikus The Lost Science of Money liburua). (j) Diruak balioa dauka trebetasun-jendearengatik, baliabideengatik eta azpiegiturarengatik, batera lanean marko sozial eta legalaren barnean. Dirua beste guztiek funtziona dezaten beharrezko labaingarria da. Berez ez da aberastasuna, aberastasuna lortzeko ahalmena baizik. Dirua legean oinarritutako botere sozial abstraktua da, eta gobernuak zergak ordaintzeko onartzen duen edozer izango da dirua. Orain bera kontrolatzen duten korporazio pribatuek ez dute dirua kreatzen. (k) Zoritxarrez, diru-sormen pribatuaren esperientzia iruzurren, kudeaketa txarren eta are zitalkeriaren historia luzea izan da. Bankugintzaren abusuak begi bistakoak eta etengabekoak izan dira (ikus Zarlenga-ren liburua). (l) Diru-sormen pribatuak (bankuen erreserba frakzionalaren bidez lortua) inoiz ikusi ez den aberastasun-kontzentrazioa sustatzen du, zeinak prozesu demokratikoa deuseztatzen baitu. (Populazioaren %1ek baino gutxiagok aberastasunaren %50ko jabegoa dauka.) (m) Desoreka izugarri horrek sistema monetarioaren erreforma eta aldaketa eskatzen du. (n) Azpiegituren lanek kalitatezko enplegua hornituko lukete. (ñ) Batzuen iritziz, proiektu horiek gauzatzeko, gobernuak dirua maileguz hartu behar du edo zergapetu. Baina oso ezaguna da ezen gobernuak behar den dirua zuzenki sortu ahal duela, eta proiektu horietarako gastatu, inolako ondorio inflaziogilerik gabe.

Erreforma edo aldaketa monetarioak hiru atal ditu, zeintzuk batera hartu behar baitira, aldaketak lan egin dezan. Hona hemen atalok:

(1) Federal Reserve sistema AEBetako Altxor Publikoan sartu behar da, non diru guztia gobernuak sortzen baitu, diru gisa, ez interesa daraman zor modura. Diru hori aberastasun orokorra bultzatzeko gastatuko da. (2) Bankuek dirua sortzeko pribilegioa geldiarazi behar da, erreserba-sistema frakzionalarekin bukatuz. Iraganean monetizaturiko kreditu pribatu guztia AEBetako gobernu-dirua bilakatuko da. Orduan bankuak benetan bitartekari moduan arituko dira, aurrezki gordailuak onartuz eta mailegariei gordailu horiek maileguz emanez. Hau da, bankuek egin behar dute jendeak oraindik uste duena, ez benetan egiten dutena. (3) Diru berria azpiegituretan gastatu behar da, heziketan eta osasungintzan barne.

AIMkoek bultzaturiko Money Reform Plan delakoak zergapekoei aurreztuko die dolar kopuru izugarria. Izan ere:

(I) Erreformaren menpe, soilik AEBetako Gobernuak, ez banku pribatuek, dirua sortuko luke. Zarlengak eta AIMkoek proposatzen dutena 1930ko hamarkadan zenbait ekonomilarik proposaturiko Chicago Plan[3] Chicago Plan delakoaren antzerakoa da. (II) Plan berriaren arabera, gobernuak diru berria gastatuko du beharrezko diren azpiegituretan, baita heziketa eta osasungintzako azpiegituretan ere. (III) Aldiz, gaur egungo kontrol pribatuaren menpe, diru gehiena burbuila espekulatibora, Wall Street-eko jolasetara eta higiezin errealera doa.

Zarlengaren aburuz, gizarte-kontrolaren menpe, diru gehiago joango da aberastasun orokorra bultzatzera. Gainera, inflazioa alboratuko da, zeren aberastasun material erreala produzituko baita prozesuan.

Hona hemen, bada, krisitik ateratzeko proposamen zehatz eta sakona. Proposamena, noski, arlo teorikoan sartzen da, ez baitago beste erremediorik. Zarlengaren leloa hauxe da: Denboraren gainean, diru-sistema kontrolatzen duenak nazioa kontrolatzen du.

Eta Euskal Herrian? Zer esan dakieke Euskal Herri osoan aritzen diren banku eta aurrezki-kutxa guztiei? Zer egin daiteke horiekin guztiekin? Irakurleak du hitza.


[2] Diruaren kontua partida-biko kontabilitatean datza. Diru guztia gobernuaren balantze-orriko pasiboan teknikoki azaltzen da. Zentzu honetan, aktibo-pasibo den aldetik, diru guztia zorra ere bada.

[3]  Chicagoko Plan horretaz, ikus http://www.monetary.org/chicagoplan.html.

Iruzkinak (4)

  • Nik ez daukat zure esperientzia arlo finantzario-makroekonomikoetan. Zure mezua irakurrita, honako irtenbidea bururatzen zait: Euskal Herriko politikariek ez dituzte banku pribatuak kontrolatzen, beraien funtzionamendua Madrilgo legegileak ezartzen duelako. Gure artean dauden politikariek Euskal Herriko aurrezki kutxak “kontrolatzen” dituzte. Beraz, diru fluxua espekulaziotik ekonomia errealera bideratzeko, banku pribatuak gure ahalementik kanpo daude, baina ez ostera aurrezki kutxak. Eukal Aurrezki Kutxek izan behar dute euskal-hiritarren eta enpresen jo-muga. Erakunde horiei jokabide zehatza exijitu behar diegu. Beraiek mugidu behar dute dirua Euskal-Herriaren mesedetan. Zelan derrigortu aurrezki kutxak? sindikatuen parte hartzea behar dugu?

  • Zuk uste duzu moneta sistemaren aldaketa hori (edo besteren bat) gauzatuko dela epe motzean? eta epe luzean? zer espero duzu azaro honetan egingo den nazioarteko bilerataz?Europako Batzordeak (EB) aitortu du euroaren eremua atzeraldi ekonomikoan dagoela, eta 2009 arte hortik ez duela irtengo (ikusi Berria.info-ren albistea).Gaur goizean, lanera nindoala, Euskadi Irratian entzun dut Joaquin Almuniak, Europar Batasuneko Ekonomi eta Moneta arazoen ordezkariak, krisiari buruz esandakoa: “ez dakigu zehazki noiz bukatuko den krisia, ezta urte hauetan zelan garatuko den ere: inor ez da hori aurreikusteko gai”.Zelako agintari eraginkorrak ditugun… harritzekoa. Benetan, lasai egoteko moduan gaude.

  • joseba felix tobar-arbulu says:

    Kaixo Unai,
     
    Nire esperientzia arlo finantzarioa oso motza da, motza bi zentzutan. Aspaldian aritu nintzen Bernard Schmitt eta bere taldearekin lanean, 1990eko hamarkadan eta 2000ko hamarkadaren hasieran. Asko ikasi nuen haiekin. Baina 2005ean Michael Hudson topatu nuen, eta berarekin kontaktuan nago, e-mailez, ia astero. Honekin bai ikasi dudala. Haren web orria hementxe dago: http://www.michael-hudson.com/.
     
    (Prentsan dagoen liburu batean Schmitt-en eta Hudson-en arteko berdintasunak eta desberdintasunak aipatzen ditut kapitulu batean.)
     
    Nazioarteko bileraz, Hudson-ek nik baino hobeto esango dizu zer dela-eta gertatu da gertatu dena: ikus http://www.counterpunch.org/hudson11172008.html, batez ere bigarren partea: ‘The road to G-20’ delakorik azkeneraino.
     
    (Laster zertxobait aipatuko dut artikulu batean horretaz guztietaz.)
     
    Counterpunch aldizkari digital horretan dagoen artikuluan Hudson-ek argi diosku:
     
    The Treasury has given them trillions of dollars of aid, and even more as special tax favoritism, loan and deposit insurance guarantees. This can only continue as long as banks can make the inevitable collapse of compound interest schemes appear to be unthinkable. That attempt is what doomed the G-20 meetings this weekend, and it will doom any future U.S. administration that tries to follow in its footsteps.”
     
    Horixe da arazoa: interes konposatuen magia da kontua.
     
    Mila esker.
     

  • joseba felix tobar-arbulu says:

    Dear Unai,
     
    “Nire esperientzia arlo finantzarioa oso motza da, motza bi zentzutan”.
     
    Hona adierazpena (in Finantza-Kapitalismoa. Euskal Herrirako irtenbide ekonomikoa, prentsan dagoen liburuan, hirugarren kapituluan):
     
    Maila akademikoan egindakoak ez dit ezertarako balioa. Alderantziz, UPV-ko jauntxo txikiak nire kontra egon dira erabat, ezker abertzale zenbait ortodoxorentzat sozial demokrata hutsa (sic) izan omen nintzen bitartean. Ekonomiari buruz idatzitakoa eta argitaratutako lan guztiek ez bide dute deus balio. Okerragoa oraindik, UPV-ko jaunxkilek, beren lagun leialen laguntza ederrarekin batera, ifernura kondenatu nahi izan ninduten, irakasle oso sumisoak, mantsoak, otzanak eta kontrolatzeko errazak (eta inolako esperientziarik eta curriculumik gabe!) beren menpe aukeratuz eta ezarriz.”
     
    Izenak eta abizenak ezagunak dira, ezagunegiak. Haiek badakite, nik neuk ere.
    Hortaz, UPVko gotorleku espainol eta feudaletik kanpo bilatu nuen laguntza: lehendabizi Bernard Schmitt-en inguruan, geroago Michael Hudson-ekin.
    Ez adiorik, Unai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude