Dolarrak: zer egin paper berdeekin?

Ekialde Erdiko herrialdeek beren petrolioarengatik, eta beste esportazioengatik, dolar pilo bar jasotzen dute astero, baita beren burtsa-merkatuetan eta beste jabegoetan AEBetako inbertsioak gehitzeagatik ere.

Zer egin daiteke dolar horiekin?

Oraintsu arte esportatzaileek beren esportazio-irabaziak aurreztu dituzte beren aktiboak metatuz. Baina errealista ote da dolarizaturiko aktibo gehiago bereganatzea?

Gaur egunean mundu osoko banku zentralek AEBetako Altxor Publikoko bonotan 2,5 x 1012 dolar inguru edukitzen dute eta beste 1012 dolar inguru sektore pribatuan, AEBetako dolar-zorrean.

Dolarraren truke-tasa jaisten den heinean, banku horiek galerak jasotzen dituzte, jabetzak beren monetatan izendatuta daudenean. Are okerragoa dena: ez dago inolako biderik AEBek beren atzerritar zorra kitatzeko. AEBen merkataritza defizita handituz doa, atzerritar gastu militarra orokor ordainketa-balantzaren defizitari gehitzen zaion bitartean. Horrek esan nahi du AEBak gainontzeko munduan gero eta dolar gehiago barreiatzen ari direla, beraiek berrordaintzeko inongo biderik edo interesik gabe. Hori dela eta, atzerritar herrialdeak dolar horiek ‘patata bero’ gisa hasi dira tratatzen, dolar horiek ahal bezain laster gainetik kentzeko.

Baina nola gauzatu daiteke hori? Ikus ditzagun zenbait datu interesgarri:

a)           Txina dolar-fluxu berriak erabiltzen ari da atzerritar lehengaiko aktiboak erosten ahalegintzen, lurra eta bere epe luzeko garapenerako behar dituen aktiboak.

b)           Ekialde Erdiko zenbait herrialde kanpoan produzitutako janarirako eta baliabideetarako epe luzeko eskari-akordioak erosten ari dira.

c)           Baina gero eta herrialde gutxiago daude lehiatsu dolar horiek onartzeko.

d)           AEBetako Gobernua barneko sektore mozkingarrietan atzerritar inbertsioak blokeatzen ari da.

e)           Azken horrek suposatzen du AEBetan egindako inbertsioa ondoko arlotan mugatzea: zabor-hipotekako merkatuan; preziotan erortzen ari den higiezin errealean; AEBetako banku eta finantza-erakundeak laguntzeko maileguan (horiek kaudimengabeziari aurre egiten dioten heinean eta beraien burtsa-merkatuko prezioak erortzen diren bitartean: etsenplurik nabarmenena 2007an Citibank-eko akzioen erosketa izan da).

Horrek guztiak esan nahi du Ekialde Erdiko petrolio esportatzaileek –eta Europako esportatzaile industrialek- beren petrolioa eta beste produktuak ere AEBetako kontsumitzaileei ematen dizkietela IOU (I owe you, hots, zor dizut) delako paperaren truke, zeintzuk arriskuan baitaude ez-gastagarriak eta, hortaz, baliorik gabekoak direlako.

Zorionez, badago aukera hobeago bat: Ekialde Erdiko gobernuek beren esportazio-irabaziak inbertitzea beren ekonomiak eraikitzeko eta garatzeko, eta ez AEBetakoa edo dolar-guneko beste herrialdeetakoak.

Gaur egun Txina ekonomia mistoaz ari da lantzen. Bide luze bat dago zerbitzu publiko eta pribatuetako lerroetan inbertitzeko, zeintzuk beharrezkoa baitira munduko eskualderik oparoena egiteko. Indiak, Txinak, Pakistanek (botere ekonomiko gisa eta are botere militar eran, gutxienez defentsa-helbururako), baita Errusiak eta Asia Zentralak ere, Shangai Kooperazio-Erakundea sortu dute, non Iran ere badagoen. Mundua multipolar bilakatzen ari da, behintzat AEBei erantzun defentsibotan.

Asia eta India munduko gune industrial handiak bilakatuz doazen heinean –agian Hego Ameriketako nazio nagusiekin batera-, lerratze hori politikoa da. AEBak lerratze horren kontra daude, hegemonia unilateralaren mehatxua delako.

(Hori dela eta, uler daiteke J. Elley brigada-jeneralak joan den apirilaren 2an esandakoa: Iraken aurkako AEB/Britainiar gerla “Ekialderatzearen norabidea oztopatzea” izan da, alegia, Txinarantz eta Indiaranzko botere ekonomiko eta politikoaren aldaketa oztopatzea, biok batera “Ekialde Erdiko petrolioaren bi heren inportatzen dituztelarik.”)

AEBek Ekialde Erdia erabili dute, amerikar finantza-ekonomia ahularen estualditik ateratzeko. 1972/73z geroztik AEBetako Altxor Publikoko funtzionarioek Ekialde Erdiko agintariei esan zieten ezen petrolioari kargatu ahal zietela nahi zuten beste (AEBetako barneko petrolio-enpresa nagusiei prezio-guardasola hornituz, zeinak beren kutxak aberastuko baitzituen), ondoko baldintzarekin: beren esportazio-irabaziak AEBetara birziklatzen ez bazituzten, hori gerla-ekintzatzat hartuko zutela. Horrek esan nahi du Ekialde Erdiak bere esportazio-irabaziak erabiltzeko, beren ekonomiak garatzearren, AEBen esfera diplomatikoarekin hautsi beharko duela. Bederen, eskualdeari ematen dio aukera AEBek Irakeko okupazioa buka dezaten –baita orain eraikitzen ari diren base militarrak ere-.

Hudson-ek proposamen bat dauka Ekialde Erdiko aldaketarako[1]: Eraikitzen ari diren AEBetako base militarrak erostea, merkatu-balioan. Horrela AEBei argi geratuko zaie 1971z geroztik, dolarraren eta urrearen arteko lotura apurtu zutenean, lortu duten bazka librea bukatu dela. Bereganatutako dolarrak gastatu behar dira, ahalik eta lasterren.

Eta Europa? Gai ote dira (gara) europarrak AEBei antzeko proposamen politikoa egiteko, kasu, Europan dauden amerikar enpresetan parte hartzeko?

Orain arte europar gobernuek ez dute izan potrorik (Hudsonek balls aipatzen ditu) hori egiteko. Eta hemendik aurrera?

Europaren etorkizuna europarren esku dago. Zoritxarrez, Europan banku zentrala (EBZ) da nagusi eta EBZko nagusiek Chicagoko monetaristei gogor eusten diete. Dolarraren menpetik irteteko,  ideiak garbi eduki behar dira (euroa zer den, dolarraren menpetasuna nolakoa den, euroa moneta politiko bilakatzeak zer suposatzen duen …), eta ondoren adorea ere beharrezkoa da, hots, balls ere behar dira.


[1]  Ikus How should the Middle East invest its oil profits, Counterpunch, June 2008: http://www.counterpunch.org/hudson06232008.html.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude