Kredituaren garrantziaz hitz bi

Kreditua ez da soilik Barne Produktu Gordinerako (BPG) erabiltzen -hots, besteak beste, kontsumo eta inbertsio zuzenerako-, kapital transakzioetarako ere -higiezin erreala, banku maileguak, deribatuak, akzioak, bonoak eta atzerritar moneta- erabiltzen baita. BPGri begiratzea, dirua eta kreditua gastatzen direneko zati txikiari begiratzea besterik ez da.

Michael Hudson-en arabera, AEBetako Fed-en estatistikek erakusten dute ezen AEBetan banku maileguen %70 hipotekak direla, baita akzio, bono, aukera edo opzio eta deribatuen prezioak altxatzeko maileguak ere, zeintzuek aktibo-prezioko inflazioa baitakartzate. Hau da, banku maileguak hein handi batean produktiboak ez diren arloetan usatzen dira.

Hortaz, gaur egun kredituak rol txikia dauka ondasun-prezioko inflazioan. Gainera, interesak ere ekonomia errealetik alboratu daitezke. Horrek produkzioaren eta kontsumoaren arteko fluxu zirkularra gutxitu egiten du.

Aipatu bezala, aktibo-prezioko inflazioa kontuan eduki behar da; baita prezio handiagoko maileguak ere, banku-maileguek higiezin errealaren, akzioen eta bonoen prezioak puztu dituzten heinean. Horrelako kreditu gehitzeak aktiboen prezioak puzten ditu, eta orduan bankuek prezio handituaren kontra mailegatzen dute, beren bezeroek interesak ordaindu ahal izateko.

Gaurko finantza-kapitalismoa dela kausa, egindako zor txarrek aurrezki txarrak inplikatzen dituzte balantze-orriaren aktibo aldean. Galtzaileek -bereziki finantza-erakunde handiek- laguntza publikoa eskatzen dute, sistema salbatzeko, ekonomian aparteko zorrak utziz. Ondorioa aurrezkien eta inbertsioen desindustrialtzea da, hain zuzen ere, liburu-testuetan agertzen denaren aurkako efektua.

Galdera hauxe da: zein salbatu behar da, industria eta bizitza-standarden hazkundea ala gaur egungo finantza-eskaera postindustrialen hazkunde esponentziala?

Jakina denez, kapitalismo industriala ondasunak ekoizteko inbertsioetan oinarritzen da, prozesuan mozkina lortuz, zeina birziklatua den produkzio-medio berrietan eta merkatu berrien garapenean.

Baina hori guztia finantza-kapitalismoak pikutara bidali du. Kapitalismo industriala eta berari historikoki lotuta egon diren erreformak eta neurriak (lan-indarra eta industria era progresibo batez zergapetzea, zerbitzu publikoak -garraio, komunikazio, energia, oinarrizko azpiegiturak,…- garatzea, eta banku- eta finantza-sistema industrializatzea) desagertuz doaz. (Finantza arloan, helburua argi zegoen: interes-eskariak ordaintzeko ahalmenaren azpian egon behar ziren, kapital inbertsiorako kreditua luzatuz ekitate-jabegoaren arabera, eta ez zorren arabera.)

Oraingo joera alderantzizkoa da: zergapetze progresiboa alboratu da, hala zama nagusia lan-indarrean eta industrian ezarriz nola finantza-lobby-en kapital irabaziak askoz gutxiago zorpetuz soldatak eta korporazio-mozkinak baino. Finantza-presioak direla medio, mundu osoko gobernu mota guztiak arlo publikoa saltzen ari dira, ekonomiek produkzio-medio berrietan inbertitzen ez duten bitartean.

Politikariek ekonomia salbatzea aipatzen dutenean, ekitate negatiboaz ari dira. Alegia, arazo nagusia ondokoa da: higiezin errealeko zorrak eta zorpetutako korporazioen zorrak nola ordaindu. Kontua ez da soilik ea gaur egungo Burbuila Ekonomia salba daitekeen, baizik eta ea salbatua izango litzatekeen!

Izan ere, interes konposatuko matematikak argi erakutsi zien ekonomialari klasikoei ezinezkoa zela ekonomiak ongi funtzionatzea halako baldintzetan. Logika gardena da: zordunen ordaintzeko ahalmenaz haratago, aurrezkiak ezin dira maileguetan birziklatuak izan interes-tasa finkoetan. Hori gertatzen bada, krisiak, enpresen itxierak, murrizketa ekonomikoa eta hartzekodunen eta zordunen arteko polarizazioa azalduko dira.

Gaur egun kreditu gehiegi dago inbertsio zuzenera bideratu gabe. Finantza-kapitalismoa hain harrapari bilakatu da ezen kapitalismo industrialerako mehatxua den. Merkatu librea kreditu librerako sormenaren sinonimoa da, eta lan-indarraren (eta industriaren) gaineko zerga-aldaketa. Superabit ekonomikoa zor-zerbitzu bezala bukatzen da, ekonomia zor-morrontzaren statusera murrizteko mehatxatuz.

Gaur egungo finantza-arazoa bukatu ondoren, erraza izanen litzateke adieraztea industria nola berregitura daitekeen. XIX mendeko ekonomialari klasikoek jadanik esplikatu zuten: errenta ekonomikoa zergak ordaintzeko erabili behar da, ez maileguen gaineko interesak pagatzeko. Zergak rentier-en bazka librearen gainean jarri behar dira, ez industriaren eta lan-indarraren gaineko kostu gisa gehitzeko. Halaber, lurraren errenta formala zergapetu behar da, oinarrizko azpiegiturak eta natur monopolioak arlo publikoan birkokatu behar diren bitartean. Horrek alboratuko luke jabego eskubideak banku-mailegutan kapitalizatzea, eta kreditu eta aurrezkiak erabilera produktiboetara zuzenduko lituzke.

Banku-lobby-ek higiezin errealetik, kapital irabazietatik, interes-ordainketatik, eta beste errenta-bereganatzeko aktiboetatik zergak alboratu dituzte, lan-indarrean eta industrian ezarriz. Merkataritza-bankuek bazka libre erraza bereganatzea nahiago dute, existitzen den jabegoaren kontra kredituak luzatuz, bereziki mailegu hipotekarioak eta korporazioak bereganatzeko kredituak. Ondorioa higiezin erreala eta akzio-prezioak puztea izan da.

Irtenbide bakarra hauxe da: lan-indarraren eta industriaren gaineko zergapetze gogorra bukatzea. Horretarako, kreditu-sormena Altxor Publiko nazionalean birkokatu beharko genuke; aldaketa horrek merkataritza-bankuei ahalbideratuko die aurrezki-banku gisa funtzionatzea. Logika hauxe da: kreditua libreki sortzeko eskubidea errenta-bereganatzeko pribilegioa da. Historikoki gobernuek kredituak sortu dituzte azpiegiturazko inbertsioak eta gastu soziala finantzatzeko. Altxor Publikoak sorturiko kredituek buka dezakete merkataritza-bankuek azken bi hamarkadetan puztu dituzten aktibo-prezioekin, eta inbertsio ukigarrira zuzenduak izan.

XXI. mendeko kapitalismo berria finantzarioa da oso. Gaur egungo Burbuila Ekonomiak ez dauka inongo zerikusirik ohiko eskemekin. Hortaz, hamaika eginkizun daude zergagintza berri, aurrerakoi eta progresibo bat martxan jartzeko. Aurretik, alta, finantza-kapitalismoaren jardueraz ohartu behar da, lan-indarraren eta industriaren gainean dauzkan ondorio erabat negatibo eta kaltegarriei aurre egiteko. Bestela, jai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude