Fire: sua ote? Inflazioa, langabezia eta FIRE delakoa

Oraindik keynestar askotxok uste du aurrezkiek inbertsioa eragiten dutela. Errealitatea, alta, bestelakoa da: produkzio medioetan zuzenki inbertitzen ez diren aurrezkiak akzio, bono eta higiezin errealetan inbertitzen dira. Tituluetan edo jadanik existitzen den jabetzan inbertitzeak ez dauka enplegurako efektu positiborik. Hala, finantza sistema sinbiosian dago ekonomia “errealarekin”. Sistema bakoitzak bere hazkunde-dinamika dauka. Sistema finantzarioak interes konposatuan[1] esponentzialki hazteko joera du: aurrezkien hazkunde esponentzialak ekonomia errealaren hazkundea gainditzera jotzen du [2].

Bestalde, aurrezkien bolumen metatuak Keynesek analizatu ez zuen dinamika baten bidez hazten dira: kapital irabazien dinamikan hain zuzen. Jabetza eta finantza tituluak garestitu egiten dira denborarekin. Prezio handitze horren kausarik garrantzitsuena hauxe da: aktiboen bolumen fisikoa astiro hazten da, fondo mailegagarrien finantza-bolumena esponentzialki hazten den bitartean. Horrela mailegaturiko kredituak ez du kontsumorik edo inbertsiorik handitzen. Alderantziz, zorrak sortzen ditu, haien zamek merkatuak murrizten baitituzte. Aurrezkiak eta zorrak batera hazten dira, aurrezki garbian inolako hazkunderik gabe.

Aurrezki berria finantza instituzioek zor-zerbitzuko irabaziak mailegu berrietan birziklatzen dituztenean sortzen da, mailegu horien kargek etorkizunean are errenta gehiago xurgatzen dutelarik. Ondorioz, errenta nazionalarekiko aurrezki gordina (eta beraz, zorra) handitu egiten da.

FIRE sektorea (Finance, Insurance, Real Estate) handituz joan da ekonomia “errealaren” kaltetan. Sektore horrek errenta husten du interes, errenta eta monopolio-irabazi forman, eta horiek gero eta gehiago ordaintzen dira interes eta finantza kuoten modura. Horrela aurrezki eta birmailegatze ziklo berria martxan jartzen da, FIRE sektorearen beraren bidez, ez gainontzeko ekonomiaren bitartez. Interesak zenbat eta gehiago hazi kreditu emaileen eskuetan, orduan eta arinago handitzen da fondo mailegagarrien eskaintza, “interes konposatuen magiari” esker. Errenta hori maileguz ematen da eta interes berria handitu (“interesa interesaren gainean“).

Aipatu bezala, hazkunde hori gehienbat finantza-tituluak eta leku-tituluetako jabetza erostearren mailegatzen da, ez kapital eraketa hornitzearren. Finantza-dinamika horrek areagotu egiten du aktibo-prezioko inflazioa, zeinak bere aldetik kapital ondasunetan zuzenki inbertitzeko pizgarria murrizten baitu, errazagoa baita kapital irabaziak lortzea industria-mozkinak irabaztea baino. Gainera, zenbait herrialdetan industria sektorean ez bezala, higiezin errealeko sektoreak ez du mozkinik deklaratzen –eta beraz, ez du errenta-zerga ordaintzen.

Aurrezkiak eta zorra beren testuinguru instituzionalean ikusirik, bankuek eta inbertsiogileek aktibo-prezioen inflazioarekiko eta zor deflazioarekiko duten jarrera argi azaltzen da. Izan ere, mailegu luzatze eta kreditu gehienak mailegu hartzaileen bidez zuzentzen dira kapital merkatuetara, horiek jabetza edo finantza tituluak erosten baitituzte. Ekonomiaren aktiboak zorrarekin eta berorren interes-zamarekin kargatzen diren heinean, kreditu hazkunde horrek ordainketa interesak kentzen ditu. Hori dela-eta, maiz aktibo-prezioko inflazioak zor deflazioa ekartzen du. Bestalde, finantza-erakundeek luzaturiko kredituen bidez, erosleek jadanik existitzen diren aktiboak erosten dituzte, ez ondasun eta zerbitzuak.

Zor amortizazioa aurrezki gisa defini daiteke, NIPA National Income and Product Accounts delakoak egiten duena. Berrordaintze horien gehiengoa kreditu hartzaile berriei luzatzen zaie mailegu modura. Keynesek uste zuenaren aurka, aurrezkiak mailegatzen diren heinean (eta ez inbertitu), haiek etorkizuneko errenta kontsumotik eta inbertsiotik desbideratzen dute, zor zerbitzua ordaintzearren. Zentzu honetan finantza erako aurrezkien hazkundea zor orokorrari gehitzen zaio, eta hortaz, zor-deflazioan eragina dauka. Hori gertatzen da bankuek, aseguru konpainiek edo beste finantza-erakundeek aurrezki ia guztiak maileguz luzatzen edo berrinbertitzen dituztenean.

Esan bezala, gero eta aurrezki eta kreditu berri gehiago erabiltzen dira mailegu berrietan, higiezin erreala, tituluak eta bonoak erosteko. Hau da, helburu espekulatiborako, eta ez inbertsio eta enplegu berri zuzena sortzeko. Hala, gauzak okertu egiten dira, finantza-irabaziak tasa txikiagoan zergatzen baitira, finantza-sektoreko lobby politikoen botereari esker.

Bien bitartean, burbuilatik zenbat eta irabazi gehiago lortu, orduan eta boteretsuagoak bilakatu dira haien onuradunak. Beren botere ekonomikoa botere politiko bilakatu dute, zergak are gehiago jaisteko eta finantza espekulazioa desarautzeko -horrekin batera iruzurrak, kontabilitate praktika ustela, eta zergak ez pagatzearren itsasoz beste aldetiko paradisu fiskaleko guneak erabiliz-.

Beraz, gaur egun, mozkina lortzeko inbertsio aukera gutxi daude. Aurrezkien hazkunde esponentzialak aukera horiek gainditzera jo du, eta beraz, mailegatu egiten da. Mailegatze hori autojustifikatu daiteke, tarte baterako gutxienez, aktibo prezioak altxatzen diren heinean. Adibidez, etxe-erosleek eta inbertsiogileek jabetza erosteko zorretan jartzeak merezi duela ikusten dute. Hori prosperitate-tzat hartzen da, nahiz eta prosperitatea finantzarioa izan eta ez industriala. AEBetan eta Britainia Handian maileguen %70 inguruk higiezin errealeko hipoteken forma hartzen dute. Horrela, aurrezki berri gehienek eta kreditu-sormenek mailegu hartzaileei etxeen eta bulego-eraikinen prezioak altxatzeko aukera ematen diete. Ondorioa hauxe da: etxea lortzeko kontsumitzaileek ordaindu behar duten prezioa areagotzea.

Aktibo-prezioen inflazioak eta zorrak gidaturiko deflazioak ondorio kaltegarri zuzenak dituzte hala jende xehearengan nola industrian. Ondasun eta zerbitzuetan dirua gastatzen denean produktuen prezioak igo daitezke: ondasun-prezioen inflazioa da hau. Baina aktiboetan (tituluetan, bonoetan eta higiezin errealean) dirua gastatzen denean, soilik aktibo horien prezioak altxatzen dira. Egun, aktibo-prezioen inflazio mota hori handituz doa, ondasun-prezioen inflazioa kontrolatzen den bitartean. Hortaz, kapital irabaziak (espekulaziotik datozenak) eta industriatik (inbertsio ukigarri zuzenetik datozenak) datozen mozkinak bereizi behar dira.

Inbertsiogileek errazago lortzen dituzte prezio-irabaziak, hots, kapital irabaziak, tituluetan, bonoetan eta higiezin errealean inbertituz, alegia, FIRE delakoan enpresetan eta beste produkzio-medioetan inbertituz lor daitezkeen mozkinak baino. Ondorioz, aurrezkiak eta kreditua inbertsio zuzen berritik desbideratzen dira. Eta, langabezia azaltzen da.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude