Fire: sua ote?

FIRE delakoa akronimoa da: Finance (finantza), Insurance (asegurua) eta Real Estate (ondasun higiezinak) batzen ditu. FIRE sektore bereziak gaurko ekonomian daukan eragina Hudson-ek ikertu du sakonki[1]. Eragina hain handia izanik, esan daiteke Fire ekonomian bizi garela.


Kontsumoaren eta inbertsio berriaren arteko aspaldiko eskeman, enpresek a) kapital ondasunetan inbertitutako mozkinak lortzen zituzten; eta b) enplegatuei ordaintzen zieten, beroriek produzitutako ondasunak erosteko, eginkizun horretan beren errenta erabili zutelarik. Geroago gobernuaren rola kontuan edukiz, beste eskema bat azaldu zen: maiz gobernuek gastatzeko zeukaten ahalmena ekonomian sartu zuten, aurrekontu defizitak erabiliz, enpresariei eta enplegatuei zergak jarriz, eta gastu publikoa ekonomiari gehituz (Keynes-en ekarpena berau).


Orain, aldiz, makroekonomian egoera berri batean bizi gara. Aurrezkiak, oro har, ez dira inbertsio zuzenean erabiltzen. Aurrezkiak inbertituta daudeneko sistema erabat konplexuagoa da gaur egun. Izan ere, aurrezki gehienak maileguz ematen dira. Hortaz, ekonomian bi sektore nagusi azaltzen dira: a) ohiko sistema, non irabazitako mozkinak inbertitzen baitira kapital ondasunetan eta ondasunak produzitzeko eta zerbitzuak hornitzeko lan-indarraren enpleguan; eta b) interes, dibidendu, errenta, finantza-kuotak eta monopolio irabazien forman azaltzen diren rentier delakoen mozkinak. Azken irabazi horiek askoz handiagoak dira irabazitako mozkinak baino.


Ekonomian sektore berri bat eratu da, FIRE izenekoa zeinak erabat aldatu baitu ohiko ekonomiaren funtzionamendua[2]. Produkzio eta kontsumo gastuak ekonomiaren ordainketa-fluxuen ehuneko 0,1 baino gutxiago dira. Egungo transakzioak burtsa-balioak, bonuak, banku-maileguak, finantza-aukerak, deribatuak eta atzerritar diru transakzioetarako dira. (Kasu, finantza-transakzio horien eguneroko balioa AEBetako urteko errenta nazionala baino handiagoa da.)


Aurrezki-tasa Keynes-ek aurreikusi zuenaren kontra mugitzen da. Izan ere, egungo ekonomia finantza-burbuila gisa ikus daiteke, Keynes-ek deskribatutako Depresio Handiko deflaziogilearen kontrakoa. Hortaz, kreditua (eta, beraz, zorra) sortzen da burbuila puzteko, ez kapital eratze zuzena finantzatzeko. Hedapen monetarioa eta ondasunetako eta aktibo merkatuetako prezioak asimetrikoki mugitzen dira. Ondorioz, aktibo-prezioko inflazioa batera doa ondasun-prezioko geldialdiarekin eta lan-indarraren gastatzeko ahalmenen deflazioarekin.


Keynes-ek ezin aurreikus zezakeen egoera berri hori. Izan ere, orain aurrezkiak erabiltzen dira zor-eramaileko interes berriak sortzeko: aurreztaileek eta finantza erakundeek beren errenta, dibidendu eta kapital irabaziak balio-titulu gehiago erosteko erabiltzen dituzte, edo mailegu gehiago luzatzen dute edota jabegoa erosten dute (eta ez output korrontean gastatu). Modu horretan handituz doan zor orokorrak (eta zor horri balantza-orriko kontra-partidan orekatzen dioten aurrezkiek) interes-zamak jasaten ditu, errenta zor-zerbitzuetara desbideratuz: aurrezkiak ez dira zuzenki gastatuak izan, ez kontsumoan ezta inbertsio zuzenean ere.


Jakina denez, ekonomia nazional bat bereizten dituen erakundeak hauexek dira: aurrezkia eta inbertsioa zuzentzen dituen jabego eta finantza erakundeak eta merkatuak moldatzen dituen zerga-politika publikoak. Politika horiek FIRE sektorearen ezaugarria determinatzen dute. Aipatu bezala, egun edozein ekonomiatan ezaugarririk handiena jabego eta finantza-sektorearena da: sektore horren errenta, interes, monopolio-errenta, eta kapital irabaziak (gehienak higiezin errealeko irabaziak) ikaragarri handitu dira errenta nazional beste osagai osoen gainetik.


Ikasliburu gehienetan ez dituzte finantza politika eta politika fiskal berri hauek aztertzen. Keynes berak ere gizabanakoak irabazitakoen zati bat aurrezten zuela planteatu zuen, baina ez zen konturatu finantza-erakundeek beren errenta osoa aurrezteko joera zeukatela. Are gehiago, denboraren poderioz, interes, dibidendu eta errentaren fluxu horren proportzio handia (handituz doana berau) gero mailegu berrietan erabiltzen da, kapital ukigarriaren eraketan inbertitua izan barik.


Hortaz, aurrezteko bi joera desberdin bereizi behar dira: 1) ondasun eta zerbitzuak ekoitziz, lan-indarrak eta enpresa industrialak irabazitako errentatik datorrena; eta 2) FIRE sektoretik datorrena, irabazitako zor zerbitzutik eta errenta-karguetatik. Horrela, ekonomia bi zati ezberdinetan bananduta dago, FIRE sektorea gainontzeko ekonomiatik bereizita egonik: a) produkzio eta kontsumo ekonomia, kapital finkoa eta lan-indarra osatzen dituena; eta b) ekonomikoki jabego eta finantza-sektore handiagoa, rentier-errenta jasotzen duena (finantza-zerbitzuko kuotak ere barne).


Nahiz eta aurrezki netoa ez handitu, funts mailagarrien bolumena areagotuz doa. Funts horiek, interes, dibidendu, tituluak eta jabegoen eta tituluen jabeei dagozkien errenta gisa daude metatuta. Errenta horiek finantza erakundeei (aseguru konpainiak, pentsio- eta mutua-funtsak) dagozkien heinean, irabazi horiek aurrezteko joera ia %100koa da. Egia da bankuek beren gordailuei interesak ordaintzen dizkiela, aseguru-eta pentsio-funtsak beren politika-sustatzaileei ordaintzen dieten modura. Hala ere, interes eta dibidendu horien gehiengoa kontuetan uzten dira metatzeko. Ondorioz, esponentzialki handitzen den interes konposatuko[3] aurrezki-kurba azaltzen da.


Gaur egunean aurreztearen arazoa ez da soilik kopuru hori ez dela gastatzen. Gero eta aurrezkien proportzio handiagoa berriz mailegatzen da, edo tituluetan, dibidendu-eramaileko burtsa-balioetan eta errenta-eramaileko jabegoetan inbertitzen da; horrela ekonomia, oro har, interes-eramaileko zorren jabego bilakatzen da. Aurrezki horiek beren kabuz hedatzen dira, beraien interesak mailegu berriak eta beste errenta-eramaileko aktibo bilakatzen diren heinean, esponentzialki hazten den kurba gisa handituz. Kurba esponentzial hori interes konposatukoa da. Bien bitartean, zorraren hazkundea pari passu hazten da.


Hurrengo artikuluan ikusiko dugun moduan, bi joera desberdin horiek kontutan edukiz, FIRE sektorearen ondorio zuzenak azaltzen dira ekonomian: aktibo-prezioko inflazioa eta zorrak induzitutako deflazioa, biak batera.


  


 


 


 






[1] Ikus http://michael-hudson.com/ —> Articles —> Saving, Asset-Price Inflation, and Debt-Induced Deflation.



[2] Ikus hiru sektore horien eskemak Hudson-en artikuluan bertan.



[3] Ikus http://home.ubalt.edu/ntsbarsh/Business-stat/otherapplets/CompoundCal.htm.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude