Estatu terrorismoa eta beste

UEUk liburu berri bat argitaratu du : “Ezagutzaren politikak : zientziaren kultura berrirako oinarriak”. Bertan, beste batzuen artean, artikulu interesgarri bat topatu dut. Joseba Tobarren “Globalizazioa, espekulazioa eta postkapitalismoa”. Globalizazioa, estatu terrorismoa eta bestelako kontuak topatu ditzakegu artikulu horretan.


 


Gustatu zait Tobarren artikulua. Artikulu dibulgatiboa iruditu zait, irakurteko erreza eta hainbat ideia garrantzitsu aipatzen dituena. Ekonomia ez da neutrala eta Josebak ekonomia bera nazioarteko politikarekin lotu du. Esaterako,


 




  • Globalizazioaren bi aurpegi: gerla eta pobrezia. Josebak Chossudovsky-ren liburuak (Pobreziaren globalizazioa) eta bere webgunea (www.globalresearch.ca) aipatzen ditu. Beste kontuen artean, Munduko Bankua eta Nazioarteko Moneta Fondoaren politikak aipatzen dira: herrialdeen barne politika ekonomikoa eta fiskala “zuzentzen” dituzte, kanpo-zorra areagotuz, eta azken finean, langile klasea eta klase ertaineko jendea txirotuz. Autoreak bi erakunde horiek lan indarraren kontrako politikak abiarazten dituztela esaten digu.



  • Globalizazioa eta Estatu Terrorismoa. Hainbat indar “sasi-iraultzaileen” atzean, estatu-terrorismoa dagoela esaten digu Tobarrek: “globalizazioak ez ditu estatuaren hainbat zeregin deuseztatu. Eta irakurleak argi eduki behar du estatuaren atzean estatu-terrorismoa dagoela eta egon dela (kontuz beraz, “nafar” estatuaren errekuperazioa aipatzen denean)”. Artikuluan hainbat adibide aipatzen dira: Italiako Brigada Gorriak, Genoban egin ziren manifestazio anti-globalisten zenbait elementu biolentoak (Black Bloc taldea) eta Al Kaeda. “Estatuaren besoak luzeegiak dira”. Gure herrian antzeko prozesuren bat ematen al da? (Hori nik galdetzen dut, ez Tobarrek).



  • Ondoren, Josebak Pentagonoaren Estrategia Berriaren inguruko gogoeta egiten du. “Militargintzaz diharduen dokumentu interesgarri bat plazaratu berri du Pentagonoak”. Dokumentu horrek Amerikaren aurkariak ez diren herrialdeak ere jo-puntuan jartzen ditu, Txina eta Errusia besteren artean. Horiek modu “ofizialean” agertzen dira; modu “ez-ofizialean”, Frantzia, Alemania eta Japonia. “Horrela, Amerikari dagokionez eta aparteko ironian, Estatu batuek ekonomia militarra prest daukate Amerikari bere kontsumo-ondasunezko zati handi bat hornitzen dion herrialdearen kontra, alegia Txinaren aurka, erabiltzeko”.


  • Iran izanen da hurrengoa? “Iraken kontrako gerlarekin gertatu zen moduan, Iranen aurka etor daitezkeen erasoak petrodolarraren makroekonomiari daude lotuta; Iranek proposatutako petro-euroaren sistemak dolarraren nagusitasuna kolokan jartzen du, zeren sistema berri horrek euroa hartzen baitu petrolio salerosketarako moneta nagusitzat”. Euroa versus Dolarra. Hori da Iraken aurkako gerlaren benetako arrazoia eta hori izan daiteke Iranen aurkako erasoen arrazoia. Ez petroleoa, ezta terrorismo islamdarra ere.

Josebaren testuak, inperio estatubatuarren rola aztertu ezezik, nola ez, teoria makroekonomiko berriaren oinarriak ere aztertzen ditu (postkapitalismoaren giltzarria, Josebaren ustez). Tartean, finantza kapitalismoaren eskizofrenia izugarria. Irakurtzeko moduko artikulua beraz.


 


 


 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude