Hausturarantz

Hasieran hitza zen…

Haustura globala izeneko artikuluan, Michael Hudson-i jarraituz, honela zioen laugarren puntuak (1):

“Nazioarteko Diru Funtsa (NDF), Mundua Bankua (MB) eta Munduko Merkataritza Erakundea (MME) ordezkatzeko, nazioarteko erakunde berriak antolatzea.”

Are gehiago, Hudson-ek berak, NDFk eta Mundu Bankuak daramatzaten politiken aurka, jadanik 1999an, erakunde biak ordezkatuko lituzkeen Mundu Banku berrirako proposamena egin zuen. Hona Nazioarteko Erakunde berri horren zenbait ezaugarri: barneko autosufizientzia finantzatzea, batez ere janari ekoizpenean; barneko monetatan luzaturiko maileguak areagotzea; nazioarteko zorrari erantzuna ematea, garapen ekonomikoa bizkortuz eta auto-dependentzia bermatuz; barneko merkatu bideragarria antolatzea; jendearen bizitza estandarda altxatzea; egitura teknologikoak modernizatzea; fiskalitate egokia antolatzea; barne- ko ahalmen produktiboa areagotzea eta mailegatzeko politika berri bat (2).

…eta hitza praktika bilakatu zen Venezuelan

Oso interesgarria den mugimendu berri bat azaldu da Venezuelan (3). Badirudi NDFtik kanpo aritzen hasiko dela, eta parte hartzeko hainbat estatu prest daudela.

Teorikoki oso garbi zegoena, alegia NDFri eta Munduko Bankuari egindako kritika zuzena eta sakona, gaur egun praktikan jarri da Hego Ameriketako zenbait estaturen inguruan, Venezuela liderra delarik (4). Praktikak Wall Street-en izua sorrarazi du (5).

Historia bukatu dela aldarrikatu izan denean, eskuin eta ezker parametroak pikutara joan bide zirenean, hemen dugu, berriz ere, beste maila desberdin batean, beste baldintza ezberdinetan ohiko gatazka, eguneratua baina. Eguneratua zeren baldintza ekonomikoak, eta batez ere finantzarioak, berriak baitira. Egungo kapitalismoa ez da XIX. mendean ezagutu zena, ezta Lehen eta Bigarren Mundu Gerren ondotik hainbat teorilarik ikertu zutena. Egun super inperialismoa da nagusi, egun dolarra da nagusi: gaur egun Ameriketako Estatu Batuetako Altxor Publikoak agintzen du (AEBetako Armadarekin batera, noski).

Baldintza berriei hala teorikoki nola praktikan erantzuna eman nahi zaie. Bejondeigula.

Etorkizunean, zer?

Jakina datekeenez, oso mugimendu interesgarria egon zen 1960ko hamarkadan lerrotu gabeko herrialdeen artean (6). Eraiki nahi zen esparru ekonomiko berriak NDFren agindutik ere alde egin nahi zuen. Izan ere, orain beste mugimendu oso interesgarri bat azaldu da (7). Orain badirudi NDFtik kanpo aritzen hasi da. Teorikoki oso garbi zegoena, alegia NDFri egindako kritika, gaur egun praktikan jarri da.

Orain, berriz ere, beste modu batera, baina ideia eta helburu bertsuekin, Venezuelan hasiko denari begiratu behar zaio.

Zer egingo dute Hego Ameriketako hainbat estatuk? Zer egingo dute Txinak eta Errusiak? Nola jokatuko du Europar Batasunak? Hasitako mugimenduari atxiki ala NFDrekiko eta Mundu Bankuarekiko menpekotasunean segi? Ikusteko dago.

Bien bitartean, iker dezagun, azter dezagun egoera berri hori. Baliteke Europak aukera berriak izatea (8), eta, EBren «barruan» gaudenez, baita gure Euskal Herriak ere. Etorkizuna irekita dago. Historia, malgré eux, ez da bukatu. Hasi besterik ez da egin, baina baldintza berriekin. Etorkizuna gorriz jantzita dator. Baina kolore gorri hori erabat berria da. Gorria eta separatista. Aspaldian bezalaxe.

(1)            Ikus https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/haustura-globala.

(2)            Zehaztasunetarako, ikus http://www.michael-hudson.com/ —> links —> the gang8 discussion list.

(3)            Ikus http://www.iht.com/articles/2007/03/01/business/imf.php.

(4)            Ikus http://www.venezuelanalysis.com/articles.php?artno=2031; http://www.venezuelanalysis.com/articles.php?artno=2002; http://www.venezuelanalysis.com/articles.php?artno=2000; http://www.venezuelanalysis.com/articles.php?artno=1981.

(5)            Ikus http://www.counterpunch.org/lendman05052007.html.

(6)            Ikus H. Köchjer, The Principles of Non-Alignment. The Non-aligned Countries in the Eighties – Results and Perspectives. Liburua  hementxe lor daiteke:  Google Print.

(7)            Ikus http://www.iht.com/articles/2007/03/01/business/imf.php.

(8)            Ikus https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/2006/12/01/euroaren-etorkizuna-altxor-publikoak-eta-banku-zentralak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude