Oso liburu interesgarria plazaratu zuen Ulises Moulines-ek orain dela zenbait denbora[1]. Gaia nazionalismoa da, baita separatismoa ere. Separatistontzat liburu ederra benetan.
Beste aldetik, Hudson ekonomialariak dioenez, “Today, of course, nationalism is about the only way to protect populations from globalism”[2].
Aspalditik izan dugu kezka hau. Alegia, subiranotasun politikoak behar ote duen moneta propioa. Idatzi ere, hainbat artikulutan eta liburu oso batean gaia ukitu dugu[3]. Baina Euskal Herriak, (oro har eta monetarioki) bitan bananduta egon denez, (hegoaldean pezeta eta Iparraldean libera), ez politikoki ez monetarioki ez du izan aukera historikoa bere moneta propioa (edozein zelarik bere izena, ogerlekoa, euskoa edo dena delakoa) jaulkitzeko. Are gehiago, ekonomialari gehienek utopiatzat hartu dute egon zitekeen aukera hori. Bakan batzuek, aldiz, oso argi izan dugu ekonomia ongi kudeatzeko, norberaren monetan edukitzea (Banku Zentral baten bidez jaulkia) beharrezko baldintza dela; ez nahikoa noski. Euskaldunok Europar Batasunean sartu gintuzten, batzuei, hegoaldekoei, inolako kontsultarik egin gabe. (Iparraldekoak EBn egon dira hasiera-hasieratik).
Zaila izango litzakete, hic et nunc, moneta propioa jaulkitzea. Jendeak ez luke onartuko, nahiz eta teorikoki litekeena izan. Orain euroa da gure moneta, eta euroak Europar Banku Zentralak (EBZ) jaulkitzen ditu eta EBZk EB osoaren moneten kopurua kontrolatzen du. Baina euroak Espainiako zein Frantziako banku zentralek ere erabiltzen dituzte. Euskal Herrian ez dugu inongo banku zentralik[4].
Beste aldetik, independentzia politikoa daukan Letonian gertatzen ari dena ere ikusi dugu[5]. Itsukeriak (EBrekiko eta euroarekiko itsukeria) Letoniako ekonomia zulo batean sartuko du neoliberalismoaren bidetik. Badakigu zein den EBren politika: batez ere defizit publikoa murriztea inflazioa kontrolatzeko, langabeziari aurre egin gabe.
Hala eta guztiz ere, nazionalismoaren manifestua gomendatzen digu Ulises Moulinesek, separatismoaren manifestua egokiagoa izan daitekeenean. Eta Hudson-ek, hainbat neurriren artean, norberaren defizit publikoa kontrolatzearren, maileguak luzatzeko, moneta propioa eta kreditu-ekonomia proposatzen dizkigu. Hortaz, gauden egoeran gaudela, euroak jaulkitzen dituzten erakunde guztiei neurri batzuk proposatzen dizkie ekonomialari amerikarrak[6]: defizit publikoak beste era batera erabiltzea, EB hori AEBetako Altxor Publikoaren menpe ez egoteko, eta europar gunean industriarako eta zerbitzu publikoetarako (ez espekulaziorako) inbertsioak gauzatzea, horretarako behar diren kredituak luzatuz. Horretan datza, hemen eta orain, subiranotasunaren muin eta beharrizan ekonomikoa eta monetarioa.
Ez hori bakarrik. Jakina datekeenez, politika fiskala subiranotasunaren beste ezaugarri garrantzitsua da. Esan bezala, EBk aurrekontu defizita murrizten du erabat (AEBek egiten ez dutena, beste aldetik). Eta EBn sarturik egonda, aurrekontu publikoak neurri oso zehatz batean egon behar du. Hori aldatuko ez den bitartean, jai dugu, jai dugu europar guztiok, euskal hiritarrok barne.
Zerga kontuan antzekoa esan daiteke. EB osoan oso zergapetze atzerakoia dago martxan. Hor daukagu borroka teorikorako eta praktikorako beste arlo garrantzitsu bat. Oro har, Haustura globala artikuluan ikusi genuen moduan[7], lan askotxo dugu benetako euskal separatistok EB barruan burutzeko. Gaur egungo EB estatu desberdinen eraketa da, baita kapital handiaren eraketa ere: enpresa handiek eta banku erraldoiek beren nahietarako sortu eta antolatu dute EB. Kontua da gune hori beste inperio baten menpe dagoela[8].
Konkretuki, eta guri dagokigunez, kanpo determinazioa dela-eta, Euskal Herria bere zazpi probintziekin herri soil eta bakarra da eta soilik berari, ez beraren edozein zatiri, dagokio nazioarteko mailan onarturik dagoen autodeterminazio-eskubidea. Barne determinazioan, aldiz, gure herriak dauzkan berezitasun guztiak kontuan hartu behar dira. Aspalditik barnerako konfederazioaren antzeko bat proposatu dugu, hiru gune berezietatik abiatuz. Izan ere, atzo honela ikasi bagenuen: “3 + 4 = 1”; gaur horrela da kontua: “1 + 1+ 1 = 1”. (Atzoko egia eta gaurko egia, biak, biharko egiak bilakatuko dira Euskal Konfederazio berrian. Izan ere, horrela izan behar baitu gure herriaren eraikuntza bateratu berriak).
Konfederazioaren kontzeptua argi edukiz, hots, estrategia garbi egonez, politika mailan taktika bereziak erabil daitezke Euskal Herriaren bateratasuna lortzearren. Euskadi bateratu horri, eta soilik horri dagokio autodeterminazio-eskubidea. Ez haren eskualde bati edo besteri.
Independentistok, separatistok, badakigu biharko Euskal Herri subiranoa gaurko baldintzetatik eraiki behar dela. Hortaz, ez dago inolako kontraesanik ondoko bi ikuspunturen artean: a) gaurko eszenategi desberdinetatik abiatu nahi (eta behar!) izatea; eta b) bihar-etziko egoera berria argi edukitzea. (Kontua ez da printzipio mailan gelditzea, hots, zeruan bertan, alegia, hitzontzikeria merkean, baizik eta biharko eta egungo eginkizunak lotzea).
Bitartean, hamaika kontsulta burutu daiteke Euskal Herriko esparru batean zein bestean, hala Iparraldean, nola Nafarroa garaian edo eta Baskongadetan. Kontsultak egitekotan, lotesleak izan behar dute, noski. Baina gauzatu daitezkeen erreferendum desberdin horiek ez dira izango autodeterminazio-eskubidea, sentsu strictum, gauzatzea. Ezer izatekotan, esparru konkretuan egindako kontsulta moduko zerbait izango litzateke, besterik ez.
Autodeterminazioa ez da hiru esparrutan erabakitze ahalmena praktikan jartzea. Horiek, onenean, esparru desberdinetako kontsultak izan litezke. Soilik hiru esparru desberdin horietan lan asko egin ondoren, Euskal Herri osorako dagokigun eta erabat demokratikoa den autodeterminazio-eskubidea gauzatu ahalko da. Hortaz, “1 + 1+ 1 = 1” da gaur egungo baldintza. Gero “1 = 1” tautologian murgilduko ginateke. Ez dago beste biderik, ez dago beste aukerarik, ez dago hori baino demokratagorik den ezer. Lot gakizkion lanari.
[1] Manifest nacionalista (2002, editions La Campana). Aurten euskaraz plazaratuko du Txalaparta editorialak.
[2] Hudson-en e-mailetan.
[3] Ikus Euskal Herria bere gain. Euskal Herriko subiranotasun monetarioa eta ekonomikoa aztergai, 2000, Enbolike.
[4] Puntu hau jadanik ukitua dugu: http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2005-09-06&orria=006&kont=016.
(2016an gehitutakoa: ikus 2004an BERRIAn argitaratua: Euskoak, euroak eta abar…, https://es.scribd.com/doc/256157796/Euskoak-euroak-eta-abar)
[5] Ikus web honetan bertan horren inguruan idatzitakoa: Letonia eredua ote?
[6] Jadanik web honetan aritu gara puntu horietaz: Nazioarteko Ordena Ekonomiko (NOE) berrirantz.
[7] Ikus web honetan plazaratutakoa: Haustura globala.
[8] Ikus Hudson-en Super imperialism liburua, batez ere azken bi kapituluak.
joseba says:
https://es.scribd.com/doc/256157796/Euskoak-euroak-eta-abar
Euskoak, euroak eta abar…
«Abertzale batek ere ez du[ela] inoiz moneta berri baten gainean hitz egin» idatzi du Txontxu Campos-ek.
Agian abertzale batek ez. Baina ezkerreko abertzale den honek, inongo autonomismoz sinesten ez duen eta erabat separatista den honek hamaika hitzaldi, prentsa-artikulu eta liburutan hitz egin du ogerlekoaz eta euskoaz. Sabinoaz ere, diru gisa, hitz egin ahalko nukeen, izen baten azpian ez baitago ezer. Balediko Euskal Herri independente baten diru nazional gisa, gutxienez 1993tik 2002ra, hau da, euroa benetan martxan jarri arte, diru nazional horren garrantziaz hamaika biderrez aritu izan naiz. Kontua da ezker abertzale separatista honek ez dituela nahasten moneta eta aktiboak, egungo ekonomista gehienek (guztiek?) egiten duten moduan.
Euskal Herriaren independentziaren alde dagoen honek dibisa nazionala defendatu du, Euskal Herri osoan ekoizten dena ongi neurtzeko. Kontua da gure artean nominalismoa —zaharkitua eta oso atzerakoia dena— dela nagusi. Eta ekonomistek ez bide dakite eurotan ere gaur egun ongi neur daitekeela Euskal Herri osoan ekoizten dena, baldin eta egungo bankugintza modernoa modu egokiz erabiltzen bada. Hau da, batetik bankuaren bitartekaritza monetarioa eta finantzarioa nahasten ez badira, eta, bestetik, kontuan hartzen baldin bada monetak aktibo/pasiboak direla, eta ez aktibo hutsak. Horri hauxe gehitu behar zaio, alegia, langabeziaren eta inflazioaren aurka —hots, kapital finkoaren amortizazioaren kontra— hirugarren departamentu bat eratzea.
Okerragoa dena ondokoa da, espainol ekonomista batek independentzia monetarioa aipatu duela, berak euskoa aktibo bezala aipatuz, eta hemengoak kikildu egin direla, esanez ez direla independentista, estatus berezi baten aldekoak baizik. Independentista garenok, baita independentzia monetarioaren alde gaudenok ere, eta egungo bankugintzaz arduratzen garenok badakigu, ongi jakin ere, moneta baten izenaren azpian ez dagoela ezer.
Joseba-Felix Tobar Arbulu
Ingeniaria
(BERRIAn, 2004.03.03an argitaratua)