Gizarte Ekonomia eta Euskal Kulturgintza

Gaur nire urtebetetzea da, eta gaurko egunean opari asko jaso ditut. Hala ere, oparirik garrantzitsuena, egia esan, duela bi aste jaso nuen, unibertsitatea.net atariaren Otarrea atalean. Atal horretan, unibertsitate alorreko lan, txosten, apunte eta bestelako dokumentuak eskegi daitezke eta guztiontzat eskuragarri daude, guztiontzat ikusgai.

Duela bi aste, Lanki ikertegitik dokumentu garrantzitsu bat bidali zidaten: Gizarte Ekonomiaren printzipioak Euskal Kulturgintzako Erakundeetan ikerketa-lana. Naroa Olaldek, egun Emun kooperatibaren langileak, “Humanitateak eta Enpresa” (MU) ikasketak bukatzeko ikerketa-proiektu bat aurkeztu behar zuen eta Jon Sarasua Lankiko kidearen tutoretzapean, aipatutako lana kaleratu zuen.

Eta Naroak sekulako lana egin duela aitortu behar dut:

  1. Lehenik eta behin, Euskal Kulturgintzako erakundeak eta orokorrean, irabazi asmorik gabeko erakundeak (elkarteak eta fundazioak, kasu) Gizarte Ekonomia kontzeptuarekin lotzen dituelako.
  2. Irabazi asmorik gabeko erakundeak eta zehatzago, Euskal Kulturgintzako erakundeak, Gizarte Ekonomiarekin lotzeak ondorio zehatz bat duelako: erakunde horiek antolakuntza ekonomiko-empresarial bezala onartzeko bidea irekitzea. Azken finean, erakunde horiek enpresak dira. Hori bai: balore sozialak eta helburu sozialak dituzten enpresak. Enpresa sozialak (edo kasu honetan, kulturalak). Enpresa izaera hori onartzea erakundeon eraginkortasuna hobetzeko ezinbesteko baldintza da. Eraginkortasun soziala (edo kulturala). Enpresa-ekonomia kulturaren zerbitzura.
  3. Eta azkenik, Euskal Kulturgintzako erakundeak, Gizarte Ekonomiarekin lotzeak beste ondorio zehatz bat duelako: erakunde horiek autogestioaren printzipioekin ere lotzen ditu (pertsonen partehartzea enpresan).

Zalantzarik barik, “kontuan izan beharreko eta aurrerantzean ere ikertzen jarraitu beharreko gaia dela” baieztatuko nuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude