APOKALIPSIA edo GENESIA?

Lan-antolaketa eredu apokaliptikoa. Edo ekonomi
demokraziaren genesia. Hori da gure belaunaldiak sufridu behar duen zorigaitza.
Edo gainditu behar duen erronka.

Lan-antolaketa eredu mendebaldarra aldatu egin
da. Alvin Toffler-ek aipatu zuen bigarren olatua, industri iraultzaren
zurrunbiloa, ahultzen ari da gure mendebalde minduan. Gizarte industriala.
Fabrikaren molde klasikoa. Lantegi erraldoiak zibilizazio industrialaren ikono
gisa. Gure gurasoek gaztetan bizi izan zuten mundua. Kudeaketa eredu fordistaz
ari gara. Lan egitura hierarkikoetan gauzatutako prozesu produktibo zurrunak,
zeinetan gutxi batzuk pentsatu eta beste askok pentsatutakoa betetzen zuten.
Ekoizpen kateak eta automatizazioa. Langile espezializatua, masa-ekoizpena eta
masa-merkatua. Detroiteko Ford lantegiko langileak masa-merkatu horren
kontsumitzaile bihurtu ziren. Kontsumo gizartea eta Ongizate estatua.
Produktibitateak eta langileen soldatek erritmo berean hazi behar zuten.
Testuinguru honetan ezarri zen lanaren eta kapitalaren arteko paktu soziala:
bizitza osorako kontratu finkoak eta lan baldintza duinagoak. Horrekin batera,
sindikatuak, langile-klasearen erreferentea bilakatu ziren. Langile
klase egituratua. Gure gurasoek gaztetan bizi izan zuten mundua.

Orain, aldiz, errealitatea bestelakoa da: hirugarren olatua surfeatzen gaude.
“Gizarte post-industrial, zientifiko-teknologiko, zibernetiko, hiper-urbano eta
globalizatua”. Sistema fordista krisian dago. Izaera zurrunegia du. Merkatu
askeak, ekoizpen malgua eskatzen du. Enpresaren ekonomian, malgutasuna da ikono
berria. Malgutasuna eta lehiakortasuna. Enpresa eredua aldatu egin da eta
horrekin batera, soldatapeko lanaren izaera.

Hitz potoloak datozkigu burura:
post-modernitatea, post-fordismoa, toyotismoa, empresa kultura berria, just
in time
eredua, antolaketa malgua eta horizontala, erabateko kalitatea,
erantzunkizun soziala, empresa partehartzailea, talde-lana, langilearen garapen
pertsonal eta profesionala bultzatzea, gizarte zibilaren balio demokratikoak
lan munduan aplikatzeko lehen urratsa, industri demokraziarako ateak irekitzea,
autoeraketa, enpresarekiko identifikazio sentimendua, langileak enpresariaren
logika barneratzea, langileen inplikazio sozio-produktiboa, aldaketara etengabe
egokitzeko gaitasuna, management by stress, autoexigentzia maximoa,
energia emozionala eta intelektualaren xurgapena, autoesplotazioa,
desegituraketa psikikoa, inplikazio maila eutsiezina, langabeziaren eta
prekarietatearen itzala, indibidualismoa, lehiakortasuna, el prójimo no es
tu hermano, ni tu amante, es un competidor
, langile klasearen
desegituraketa, segurtasun materiala eta psikologikoaren galera,
ziurgabetasuna, etxegabeak, naufragoak.

Lan-antolaketa eredu apokaliptikoa. Edo
ekonomi demokraziaren genesia. Hori da gure belaunaldiak sufridu behar duen
zorigaitza. Edo gainditu behar duen erronka.


Artikulu hau XiriKZ hilabetekarian irakurri dezakezu (2007ko martxoaren 16ko XiriKZ). Idazkian bertan agertzen diren ideiak, bi liburuetatik atera ditut. Alde batetik, Oihana Garcia Insaustiren
Partehartzea enpresan” liburutik (Lanki ikertegia) eta bestetik, Joseba Azkarragaren
Mendebaldearen mintzo mindua” saiakeratik (Euskaltzaindia, 2006).

Bi lan horiek elkar lotuta daudela iruditzen zait: izan ere, enpresa kultura berriaren azterketak (eta kritika), egungo gizarte (post)modernoaren azterketaz (eta kritikaz) baliatu behar du nahitanahiez.

Beraz, izugarrizko aukera daukazu enpresa-gizarte binomioa aztertzeko: enpresa-kultura berriari buruzko
informazioa eskuratu nahi baduzu, irakurri Oihana Garcia Insaustiren
liburua; gizarte modernoaren ikuspegi kritikoan sakontzeko, irakurri Joseba Azkarragaren lana. Azkenik, enpresa kultura berriak demokrazi-ekonomikoa sustatzeko dituen potentzialitateak aztertzeko, eman begiratu bat HOBEST aholkularitzak bildutako idazkiei, batez ere Alfonso Vazquez-en honako lanari: “Conocimiento y cooperación”, GEZKI institutuak 2003. urtean antolatutako jardunaldietan Alfonso Vazquez-ek emandako hitzaldia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude