Superinperialismoa eta finantza ingeniaritza

Ikasi genuen ingeniaritza industrialak gero eta pisu eta eragin gutxiago dauka gaurko mundu ekonomikoan. Gaur egun agintzen duena dirua da, dirua da nagusi, eta ondorioz, ingeniaritza finantzarioak gailurra jo du.

Michael Hudson ekonomialariariak 2003an egindako zenbait elkarrizketatan oinarrituta[1], finantza ingeniaritza berri hori ulertzeko, zenbait zantzu azaltzen ahaleginduko gara. Hona hemen horrelako batzuk.

Hudsonek erakusten duenez, AEBek beren zordunaren statusa erabiltzen dute gainontzeko mundua esplotatzeko. AEBek urre estandarra utzi zutenetik, munduko banku zentral desberdinak behartu zituzten AEBetako kanpo-ordainketen balantzaren defizita finantzatzeko; horretarako, banku zentral horien dolarren superabita erabiliz, AEBetako Altxor Publikoko bonuak erostera behartuta daude. Bonu horien bolumena ikaragarri handitu da, AEBek ordaintzeko izan zezaketen nahia edota asmoa erabat gaindituz.

Europako, Asiako eta Ekialdeko banku zentraletara joan diren dolar guztiak (AEBetako inportazio-desorekaren ondorioz), AEBetako Altxor Publikora besterik ezin dira joan. Banku zentral horien gainean jarritako murrizketak zirela-eta, diru horrek ez dauka beste leku batera joateko aukerarik, herrialde horiek behartuta zeuden AEBetako bonuak erostera edo, bestela, merkataritzaren bidez lorturiko dolarren ahultasuna onartzera.

Orain arteko inperialismo ekonomikoa honela ulertu da, alegia, edozein korporaziok beste herrialde batean inbertitu ahal zuen eta handik mozkinak atera. Baina hori aspaldiko kontua zen. Gaur egungo superinperialismo ekonomiko berria soilik AEBetako gobernuaren eta atzerriko banku zentralen artean azaltzen da (Hudson, 2003, Super Imperialism. The Economic Strategy of American Empire[2]). Nazioarteko inperialismo finantzario berria AEBetako gobernuaren eta ordainketa-balantzako superabitak dauzkaten herrialdeetako banku zentralen artean gauzatzen da.

Gaur egungo finantza ustiaketa aspaldiko lan-indarrarena baino hamaika bider handiagoa da. Hala ere, Hudsonek dioenez, «gaur egun marxistak ez daude gehiegi kezkatuta finantzarekin». Ohiko marxistak ez ditu kezkatzen gero eta garrantzitsuagoa den finantza munduak. Dirudienez, nahikoa dute beren bulgata merke, zaharkitu eta aspergarria nonahi eta nolanahi errepikatzea.

Europak eta Asiak dirua maileguz ematen diete amerikarrei, birtualki inongo interesetan, amerikarrek haiengandik nahi duten beste erosteko, amerikarren IOU («I owe you») delakoen bidez.

Jende arruntak bere buruari ondokoa galdetzen dio: «Zer dela-eta ez dute europar eta asiar banku zentralek beren barneko kredituak eta merkatuak hedatu?» Beren kontsumoa eta inbertsioa handitu dezakete, eta ez itxarotea AEBek haien kontsumo-ondasunak eta kapital-ondasunak erosteko, dolarren kopuru izugarrien truke. Azkenean, zertarako balio dute gure banku zentralek baldin eta Washingtongo Itunari jarraitzen badiote, baita Munduko Bankuari eta Nazioarteko Moneta-Fondoari ere?

Washingtongo Ituna bi modu desberdinetan erabiltzen da:

(a) Herrialde zordunetan, AEBek (Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Moneta-Fondoaren bidez), akordio hori behartzen diete herrialde horiei, azken hauek beren interes-tasak altxa ditzaten, atzerritar inbertsiogileei diru gehiago ordaintzeko. Zordunak diren herrialde horietan esturazko programak hedatzen dira: alokairuen eskasiak, zerbitzu sozialak murriztea, kanpo-zorrak ordaintzeko haien jabetza publikoa saltzea; eta

(b) Kreditudun herrialdeen aurrean, AEB munduko herrialderik zordunenaren antzera aritzen dira, baina beren interes-tasak altxatzeari uko eginez edo eta beren giltza-industriak saldu barik.

Edozein banku zentralek, Washingtongo Itunari jarraituz, eta Chicagoko eskolakoei segituz, defizita %3koa onartu behar du, AEBetako banku zentralaren defizita mugarik gabekoa den bitartean. (Hori dela eta, Hudsonek Europari eta Txinari beren Altxor Publikoak erabiltzea gomendatzen die, dolarra ez den beste moneta batzuetan oinarritutako bonuen bitartez kredituak luzatzeko.)

Hudsonen iritziz, krisia azalduko da Europak, Asiak eta Hego Amerikak dolarretan oinarritutako sistema apurtuko dutenean, sistema horri ezetza esango ziotenean. Izan ere, AEBek argi, garbi eta ozen esana dute ez dituztela ordainduko beren dolarreko zorrak, eta ez daukatela inongo asmorik hori egiteko[3].

Europak eta Txinak AEBetako Altxor Publikoko aurrekontu defizitak finantzatzen duten artean, amerikarrek ez dute betekizun hori bete behar. Bien bitartean, AEBetako defizit federalak etengabe areagotu dira, hain zuzen ere, kanpo-ordainketen balantzaren defizita dela-eta. Zenbat eta handiago izan ordainketen defizita, orduan eta dolar gehiago joaten dira atzerritako bankuen zentraletara, geroago AEBetako Altxor Publikoko tituluak erostearren birziklatzeko. Honek hauxe esan nahi du, alegia, AEBetako gobernuaren defizita (baita Iraken gastatzen ari dena ere) atzerriko gobernuek finantzatzen dutela. Hortaz, hona ondorioa: Europak eta Asiak dolarra utzi behar dute eta beren finantza sistema sortu eta erabili. Bestela, AEBek Europan, Asian eta beste erregio batzuetan ondasunak erosten dituzte paper-kredituen bitartez, AEBetako Altxor Publikoko IOU delakoen bidez. Era honetan, Altxor Publikoko bonuak erosiz, herrialde horiek guztiak AEBetako gobernuaren aurrekontuaren defizita ere finantzatzen dute. (Izan ere, David Hale ekonomialariak zioenez, 2003. urtean Europak eta Asiak AEBetako defizit federalaren %60 finantzatuko zuten[4].)

AEBek atzerriko ondasunak inportatzen dituzte, dolarrak mundu ekonomian puztuz inolako quid pro quo hornitu barik. Modu honetan, AEBetako Altxor Publikoa nazioarteko zor handia kudeatzeko gai da, ordainketa balantzako defizita erabiliz, ez soilik beren kanpoko merkatu defizita finantzatzeko baizik eta beren barruko aurrekontu federalaren defizita ere finantzatzeko.

AEBetako IOU direlakoek munduko oinarri monetarioan parte hartzen duten heinean, ez dira berrordainduak izango. Hortaz, mundu osoaren gaineko zerga berezi bat martxan jarri da. Zerga hori Europak eta Asiak ordaintzen dute AEBekiko beren ordainketa-balantzako superabiten bitartez, beren banku zentralek beharra baitaukate dolar kopuru handiak onartzea.

Inperialismoaren teoria zaharrek ez dute gehiagorik balio. Esplotazioaren erarik sakonena, kuantitatiboki, gobernuen artean gertatzen da gaur egunean. AEBek gainontzeko mundua esplotatzen du atzerriko banku zentraletan metatutako dolarren bitartez. Are gehiago, superinperialismo berriak bereziki herrialde aberatsak esplotatzen ditu, alegia, superabit ekonomikoa bereganatu dutenak, Willy Sutton lapurrak bankuak, hots, dirua zegoeneko erakundeak, lapurtu zituen bezalaxe.

Gaur ekonomia osoa finantza-ekonomia bilakatu da, unibertsitateko testuak erretorika hutsa diren bitartean eta ikasleak hipotesi, argudio, teoria eta hitz-jario gehiegitan galtzen diren artean. Fartsa akademikoa lotsagarria da: errealitatetik erabat kanpo eta matematikazko jokoak etengabe aipatuz. Gaur egun finantza ingeniaritza da nagusi, eta horretaz jabetzeko oso autore gutxik merezi dute gure arreta. Haien artean Michael Hudson.


[1]  Ikus http://www.counterpunch.org/shaefer04232003.html; http://www.counterpunch.org/schaefer07122003.html;

http://www.counterpunch.org/schaefer08302003.html; eta http://www.counterpunch.org/schaefer10202003.html.

[2]  Liburua interneten eskura daiteke:  http://www.michael-hudson.com/ —–> Super imperialism —> Complete book in pdf (https://michael-hudson.com/wp-content/uploads/2010/03/superimperialism.pdf).  (Ikus bereziki liburuaren azken bi kapitulu.)

[3] Ikus http://www.counterpunch.org/shaefer04232003.html.

[4] Ikus http://www.counterpunch.org/schaefer07122003.html.

Iruzkinak (5)

  • karmele says:

    Esan eta egin! Bloga interesez irakurtzen ari naiz, baina horrek ez du esan nahi gai izango naizenik Unairen moduko ekarpenak egiteko.Joseba zure azkeneko bi testuak irakurri ditut, eta oso interesagarriak iruditu zaizkit. Bereziki bigarrena, nahiz eta pixka bat beldurgarria den diozuna.Kontu bakar bat daukat aipatzeko (eta ez dauka bereziki zer ikusirik ekonomiarekin): “fartsa akademikoa” diozu, eta ematen du horren inguruan hausnarketarik baduzula… Pozik, irakurriko nuke “egia akademikoek” ekonomia arloan (edo zientzian oro har), zure ustez, zelan mugatzen duten ikerketa-lerro/gai berrien lanketa.Animo!

  • Unai del Burgo says:

    Joseba,
    zure artikulua irakurri ondoren zalantzak argitzeko garaia heldu
    zait (hartu ezazu nahi beste denbora erantzuteko, Karmelek jadanik etxerako lan batzuk bidali dizkizu eta):
    Uste
    dut zuk deskribatutako sistema ulertu dudala: nazioarteko
    merkatal transakzio gehienak (edo guztiak) AEBetako dolarretan egiten
    dira. Estatu esportatzaileak horretara behartuta daude. Zergatik?
    AEBren inposaketa militarrarengatik. Egoera horrek AEBak mundua
    ekonomikoki (edo hobeto esanda, finantzieroki) menperatzea
    ahalbideratzen du. Paper inprimaketaren bitartez ondasunak,
    petroleoa… nahi duten ondasun edo zerbitzu guztiak eros ditzakete;
    ondoren, beren merkatal defizita estaltzeko, titulu publikoak
    jaulkitzen dituzte, dolar erreserba izugarriak dituzten estautuek
    gerora titulu horiek erosi ditzaten: estatu horiek ez dute beste
    aukerarik, bestela dolarraren balioak behera egingo luke.

    Zer
    egin daiteke dolar sistemaren aurka? Josebak
    bi irtenbide aipatu dituela uste dut:

    Barnera
    begira, Europar eta Asiako banku zentralek beren barneko kredituak
    eta merkatuak hedatzen badituzte, Dollar System delakoa hautsi
    dezakete (irakurri F. William Engdahl-en artikulua, AEBetako dolar
    sistemaren inguruan
    ). Zalantza: horrek nazioartean, eremu batek
    (adibidez, Europa), beste eremu bat menperatzea eragotziko luke
    (behintzat maila garrantzitsu batean)? Hau da, barne merkatuen
    sustapenarekin, eremu autogestionatuak sortuko lirateke (Europar
    Batasuna, Asiako herrialdeak, MERCOSUR…)?

    Maila
    transnazionalean, nazioarteko transakzioak dolarra ez den beste
    moneta batean gauzatu daitezke (eurotan, adibidez). Batzuen ustez,
    hori izan da Iraq-eko gudaren arrazoi nagusienetarikoa (irakurri
    Joseba Tobar Arbuluren artikulua, “zertan zetzan Iraquen aurkako
    gerra hura?”
    ). Joseba, hona hemen nire galdera: nazioarteko
    transakzioetan euroa maila orokorrean erabiliz gero, ez genuke
    AEBrekiko menpekotasun harremana Europar Batasunarekiko menpekotasun
    harreman berri batekin ordezkatuko?

  • Karmele,

    Mila esker eta, mesedez, ez izan beldur!

    Gizarte zientzietan azaltzen diren “teoria” askotxoren funtsa benetan lotsagarria da. Ikus, hasiera gisa edo, Alan Sokal-en ekarpena (http://www.physics.nyu.edu/faculty/sokal/index.html).

    Euskaraz, hona hemen ahalegintxo bat: “Zientzia eta sasi-zientzia” (Ekaia, 2003, 17. zenb., 139-152 orr.).

    Ekonomian aspaldian salatua izan da jarrera bera; kasu, errealitatearekin inolako loturarik gabe maiz erabilitako modelo matematikoak eta abar. Ikus, beste autore askoren artean, Michael Hudson-en  honako lantxo hauek:

    a) “Does Economics Deserve a Nobel Prize?” Commonweal 93 (Dec. 18, 1970).

    b) “The Use and Abuse of Mathematical Economics,” Journal of Economic Studies 27 (2000):292-315.

    Azken autoreak erabiltzen dituen argudioak eta ondorioak kontuan harturik (“economics [is turned] into something akin to science fiction” delakoa), euskaraz zertxobait plazaratzeko asmoa dut hemen aurki: “Matematika eta ekonomia” izeneko artikulutxoan.

    Okerrena, aldiz, hauxe da, ekonomia erabat aldatu dela, finantza kapitalismoan bizi baikara, eta akademian ohiko ekonomia industriala, ohiko “teoriak”, ohiko eskemekin aritzen dela. Horren kontra gaude hemen. Pixkana, baina eten gabe, fartsa hori argituko dugu. Ez izan inolako dudarik, ekonomialari onak baititugu laguntzaile.

  • Unai,

    Oso ongi. Baldin eta blog honek dudak, zalantzak eta eztabaida pizteko balioko badu, primeran. Lortua izango dugu geure helburua.

    Zure zalantzek, beste artikulu bat idaztea merezi dute. Dena den, hona hemen erantzunen zantzu batzuk:

    a) Inposaketa batzuen aurrean gaude: Inposaketa militarra Bigarren Mundu Gerla eta gero, inposaketa politikoa Nazio Batuen Erakundean beto eskubidea dela bide, eta, okerrena, inposaketa teorikoa nonahi[1]. Izan ere, monetarismoaren bidez eratu da Europar Batasuna. Eta statu quo-ko ekonomialariak, teorilariak ez dira gai izan (orain arte bederen!), beste proposamen bat aurkeztea.

    b) Ikus, aldiz, Michael Hudson-en honako lan hauek:

    – (1977) Global Fracture: The New International Economic Order (New York: Harper and Row)

    – (1992) Trade, Development and Foreign Debt: A History of Theories of Polarization v. Convergence in the World Economy (London: Pluto Press, 2 vols.).

    Global Fracture” delako horrek, gutxienez, “eurolandia” AEBtik askatzea suposatuko luke. Eta nazioartean haustura hori eredu bat izango litzateke (izan liteke!) beste zenbait eremutan moneta komun bat jaulki eta gero, bertako Altxor Publikoa behar den moduan erabiltzea eta AEBetako Altxor Publikoaren menekotasunetik libratzea. Gai izango ote dira EBko agintariak (eta ekonomialariak eta teorialariak) hori egiteko? Hau da, gai izango ote dira teorikoki monetarismotik askatzeko? Dudatan nago. Ortodoxia oso finkatuta baitago. Nahikoa da gure unibertsitateetan eta fakultateetan irakasten denari begiradatxo bat ematea.

    c) Eremu autogestionatu bat sortuko ote den ez dut aurreikusten. Oraingoz dolarren atzaparretik askatzea beharrezkoa izango litzateke, ez nahikoa noski. Dena den mikroekonomian ‘autogestioa’ nola ulertzen den argitu beharko litzateke. Nire iritziz, aspaldiko irtenbideak motz geratu dira. Nahiago nuke creditary economics[2] delakoaren bide berritik zertxobait proposatzea.

    d) Euroa, yena, dolarra, eta eremuan eremuko x moneta erabili behar dira. Zein bere espazio propioan. Menekotasuna azaltzen da, moneta propio erabili barik, dolarra erabiltzen delako (AEBetako Altxor Publikoaren bidez).

    d) Noski, EBrekiko balediko menekotasunarekin bukatzeko haustura globala (Global Fracture) beharrezkoa da: eremu bakoitzean eremuko moneta propioa erabiltzea. Gauza bat da jakitea zein ote ziren Iraken kontrako gerlaren arrazoiak, eta beste bat, euroa jartzea gaur egun dolarrak daukan egoera berean.

    e) Irak-eko gerlari buruz beste artikulutxo bat plazaratuko dut blog honetan. Oraingoz hauxe, tesi bezala: euroa nazioarteko moneta gisa erabiltzeak dolarren atzaparretik nolabaiteko askapena ekarriko luke. Baina euro horien ibilbide osoari begiratu behar zaie. Hau da, euro horiek dolarretan kanbiatzen badira, berriz ere, gauza bera gertatuko litzateke[3].

    [1]  Ikus http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-10-27&orria=004&kont=008. Itzuliko gara gai honetara hurrengo batean.

    [2]  Ikus, besteak beste, ondoko web orri hau:  http://credec.daastol.com/index.html.

    [3] Ikus http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-11-10&orria=004&kont=009, eta abendu honetan BERRIAn azalduko den artikulkua: “Azken buruko mailegu-emailea: inozoentzako azken iruzurra.Euroari buruzko gai horretara itzuliko naiz laster.

Utzi erantzuna Unai del Burgo(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude