Sareko abangoardia

Euskal edizio digitalei buruz hitz egin nuen aurreko ostegunean eta hanka-sartze handienari saria irabazi nuen. Edizio digitalei buruz hitz egin eta hara non, Argia ahaztu egin zitzaidan. 1919 urtean jaio zen beraz, argitalpen historikoa dugu. Eguneko beharrizanetara egokitua, Euskal Herriko gertaeren aktualitatea jarraitzen du.



Harluxet hiztegi entziklopedikoak abangoardia horrela definitzen du:


iz. 1. MIL. Talde armatu batean, aurrean doan zatia. 2. Artean, politikan, herri-mugimenduetan, etab.etan aitzindari gertatzen dena. Bigarren adierarekin geratuko naiz sarean, euskal hedabideen artean, abangoardia delako. Egun, Berria eta Gara baino askoz garatuagoa du bere web orrialdea, Berriaren primizia jakin arren. Nabigatzeko orrialde erosoa da eta erabilpena are gehiago errazteko, gunearen mapa daukagu. Dena dela, abangoardiak gutxiengo baten gauza dira eta sarean erreferentzia gune izateko, ahalegin  berezia egin behar da.


 


Horretaz gain, orrialdea osatzen duten bideoak produzitzen dituzte: elkarrizketak, erreportajeak etab. Sareko Argiak euskal edizio digitalen munduko arlo kulturala betetzen du. Dena dela, azken egunetan internetak irratiaren freskotasuna hartu duela irakurri dut nonbait. Baieztapen honekin bat nator eta horregatik, edukien berritze azkarragoa dut faltan botatzen.


 


Eduki mamitsuak dira eta nik, Sakonean  dut gustuko. Atal honen kasua ez bada ere, zati batzuk  luzeegiak izan daitezke eta horrek arazo bat dakar: begiak nekatu eta irakurketa abandonatzea. Formatu idatziek eta digitalek luzera ezberdinak behar dituzte. Horregatik, El Mundok, adibidez, daraman dinamika dut gustuko. Aldrebeseko piramideari heltzen diote, eta berri luzeak laburtu egiten dituzte irakurketa laguntzeko. El Mundok bere edizio digitalean izen emate gehiago lortzeko egiten duenaren susmoa daukat baina irakurketa laguntzen du beraz, egokia deritzot. Artikulu eta erreportajeen irakurketa errazteko beste era bat letra handitzea izan daiteke.


 


“Azken titularrak” atalean jarioak dituzte baina nire aburuz, ez daude behar bezain beste Euskal Herriko gertaeren aktualitatea jarraitzeko. Atzo arratsaldean adibidez, ez nuen Frantziako atxiloketen inguruan ezer ere ez aurkitu (G-8 mugimeduaren inguruko  albiste bat dago, Indymediatik jasota). Ez da egunkaria baina aktualitatea jarraitzeko euskal prentsa jario moduan jartzea ondo legoke. Bestalde, hasierako orrialdeko zerbitzu bat asko gustatu zait. Berri guztietan erantzuteko aukera dago baina horretaz gain, Pello Urzelaik Sarean zer? post-ean azaldutako zerbitzua dago. Berria ikuspuntu ezberdinetatik irakurtzeko aukera dago hainbat hedabideetara hiperbinkuloa dagoelako.


 

Propagandak gainera, ez zaitu nekatzen eta hau guztia dela eta, Sareko Argia euskal edizio digitalen abangoardia dela deritzot. Gauzak hobetzeko gaitasuna duen abangoardia.  Etorkizunean jarraitu beharreko bidea.  


 

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude