Euskal edizio digitalak

Edizio digitalen zalea naiz. Aritz Garateri gertatzen zaion moduan nik ere papera maite dut baina edizio digitalek duten freskotasuna dut gustuko. Berriak eguneratuak daude, momentuan dakizu gertatu dena etab. Hori oso ondo dago baina hala ere, ezberdintasun nabariak daude egunkarien web atarien artean.


Nik Berria, Gara, Noticias de Álava, El Mundo, El Correo, El Diario Vasco, Público eta La Razón irakurtzen ditut gehienbat. Web atarietan, oso aukera interesgarria iruditzen zait berriak komentatzeko aukera egotea. Suposa dezaket irakurle askok nik bezala pentsatuko dutela komentario pila bat biltzen direlako. Alta, Madrileko prentsa da hori egiteko aukera ematen diguna: ez Garak, ez Berriak. Ez dut uste horretarako programa bat egokitzea zaila denik. Público eta El País dira nire ustez, programa errazenak dituztenak besteak zailak ez izan arren. Berria amaitzen den puntuan, datu minimo batzuk sartu behar dira eta nahi den komentarioa. Errez, zailtasunik gabe. Honetaz gain, irakurle eta kazetarien arteko interakzioa sustatzeko erreminta oso interesgarria dela deritzot.


Beste gabezi sumatu dut azkenaldian. Komunikabide gehienek bideoak txertatzen hasi dira haien atarietan. Agentziek salduta berriarekin bat datoz eta askotan informazioaren osagarri dira. Berrian gutxitan baina bideoren bat aurkitu dut,Garan ordea are gutxiago. Gertatu denaren berri emateko egokiak direla iruditzen zait eta nik gutxienez faltan sumatzen ditut.


Horregatik, asko pozten nau Berriak eman duen aurrerapausoak. Bi bideo aurkitu ditut eskegiak, lehenengoa, Herri Urratsaren prestakuntzarekin erlazionatua. Bigarrena, Rafa Diezek Martin Ugalde foroan emandako hitzaldiari buruz.

Iruzkinak (8)

  • Kaixo Iñaki. Argiatik zure bloga jarraitzen dugu. Gaurko artikuluko titularrak interesa piztu digu, baina testua irakurtzean pena eman digu Argia.com euskal edizio digitalen artean ez duzula aipatzen ikustean. Are eta gehiago, komentatzen dituzun xehetasunak ikusirik. Argian ia bi urte daramatzagu bideoak sareratzen, geuk geuk editatuak (ez inolako agentzien bidez lortuak). Interesa baduzu, begiratu honako helbide hau: http://www.argia.com/bideoak. Bestalde, zure artikuluan aipatzen duzun erantzuteko aukerari buruz, 2005ean gure web gune osoa berritu genuenean, aukera hori ere gehitu genuen gure artikulu guztien amaieran.Nahi duzunerako badakizu non gauden eta ea gure bideoak zer iruditzen zaizkizun.

  • Earra artikulua Iñaki, baino ahaztu egin zaik komentatzea euskeraz aspaldi bidea zabaldu ziala Argiak, bai notiziak mundu guztiak komentatzeko moduan jarriz, baita bideoak egiten ere. Nekez ahaztuko zaidak Evo Moralesi egindako elkarrizketa paperean irakurtzeaz gain bideoan ikusi nianeko zirrara. Geroztik ikaragarrizko lana egiten ari dituk.

  • Nik be uste dot kontu honegaz (bideoak eta jentiaren esanak jartziarenaz) aspaldi hasi zirala argiakuak. Halandabe egixe da, gitxi aurreratu dabe medio tradizonalek Interneten… zoritxarrez!

  • Arratsalde on guztioi:
    Lehenengo azalpen bat zor dizuet irakurle guztiei eta bereziki, Elisabeth Pombo Argiako koordinatzaileari. Atzo artikulua argitaratu ondoren Elisabeth Pomboren erantzuna jaso nuen. Nire hanka-sartzeaz jabetu nintzen orduan. Akatsa onartu, erantzun eta barkamena eskatu nien.
    Arratsaldean, artikulua kentzea erabaki nuen egin nezakeen gauzarik onena zelakoan. Horregatik, ezkutatu egin nuen, bistatik kenduz. Gero gertatutakoa nire blogean azaldu nuen, post batean.
    Gaur arratsaldean artikulua berriz bistan  jarri ei da. Ez dakit zer gertatu den baina besterik gabe, bistan dago. Hau dela eta, oraintxe bertan, atzo bistatik kendu nuena agerian jarriko dut.
    Hala ere, jakinarazi nahi dut hurrengo posta Sareko Argiari eskainiko diodala. Egin dezakedan gauzan artean onena dela uste dut; Iñigok gomendutako monografiko moduko bat.
    Ulertuko duzuelakoan, mila esker guztioi.Iñaki Landa

  • Kaixo lagunok:

    Berria.info-ri dagokionez, bi ohar:

    – Berria-n ere aspalditik lantzen ditugu bideoak, gehien gehienak guk ekoiztutakoak. Horrek lan handia ematen du eta mugatzen du eskaintza. Laster indartuko da ildo hori, gainera.

    – Ekainaren 21rako, Berria eta Berria.inforen 5. urtemuga dela eta, webgunea berriztuko da (hau ‘primizia’ bat da), eta albistei komentarioak egiteko aukera zabalduko da. Beste egunkari digitaletan ez dut estimu handia aukera hau, baina espero dut Berria-n hobeto joatea. Denborak esango du.

  • Kaixo Iñaki. Nire asmoa ez zen inondik inora belarrondokorik ematea, ez dut biolentzia atsegin. Baina onartuko dut honelakoek pena ematen didatela, lan asko egiten ari baikara. Euskal gizarteak hori ikustea gustatuko litzaidake, gure lanaren emaitzak kontuan hartuak izan daitezela, guztion artean hobetu dezagun eta gizarteari benetan interesatzen zaiona interesatzen zaion moduan eman diezaiogun. Besarkada bat,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude