German Velayos: “Erleak ezinbestekoak dira gure elikadura-eredua eta mundu mailako biodibertsitatea mantentzeko”

Loreen polinizazioa gertatzea ezinbestekoa da gure elikadura-eredua mantentzeko, baita mundu mailako biodibertsitatea ere. Baina polinizazioaren arduradun diren erleak, desagertzen ari dira. Testuinguru horretan antolatu du UEUk “Erlezaintza ikastaroa: egungo egoera eta etorkizuneko erronkak”. German Velayos Gainza da ikastaroko arduraduna.

IKUSI Nerea Pagaldairi gaiari buruz egindako bideoa

German

Ohartzen al gara orokorrean erleen garrantziaz?
Jakinaren gainean bagaude, baina ez dakit zein puntutaraino ohartzen garen erleen garrantziaz. Berdina gertatzen da eskala handiagoetan; biodibertsitate krisi bat dagoela badakigu, baina ohartzen gara honen ondorio posible guztiez? Ez da lan erraza, ezta ezinezkoa ere. Jarrera kontua da. Arazo bat konpontzen hasiko gara arazoa dagoela onartzeko gai garenean eta honi aurre egiteko neurriak egingarriak direla ohartzean. Ikastaro honen bidez erleen munduan, eta ahal den heinean, Euskal Herrian dauden erle, erlauntza eta erlezainen egoera eta erronketan murgilduko gara. Honen bidez, erleen egoera publikoarena berarena egin nahi dugu. Espero dugu, behin ikastaroa pasatuta ikasleei galdera hau egin eta baiezko erantzuna ematea.

Desagertzeak zer ekarriko luke?
Erleen kasura jo dugu duten garrantzia ekologikoarengatik. Dakizuenez, udaberrian batez ere, lorez lore joaten dira nektarra hartzera, gero eztia eta argizaria ekoizteko, beste produktu askoren artean. Hala ere, loreek ez diete nektarra debalde ematen. Loreen estaminen konformazio estrategikoak, erlea nektarra hartzera doanean, honi polena itsastea ahalbidetzen du. Horrela, loreak polinizatzen dituzte batetik bestera mugitzean. Hau gertatzea ezinbestekoa da gure elikadura-eredua mantentzeko, baita mundu mailako biodibertsitatea ere. Horren harira, hainbat adierazpen katastrofista egon dira historian zehar. Ezagunena Albert Einsteini egozten zaion hau: “Gizakia lau urte bitartean desagertuko litzateke erregina hilko balitz. Erle barik ez dago polinizaziorik, belarrik, animaliarik ezta gizonik ere” . Zilegi da horrelako baieztapena egitea? FAOren arabera 100 laborantza-espezieren ekoizpenak munduan banatzen diren mantenugaien %90a osatzen du. Espezie horietatik 71 erleek polinizatzen dituzte. Europan laborantzek, aldiz, erleenganako dependentzia handiagoa dute; izan ere, ekoizten diren laborantza-espezieen %84a erleen bidez polinizatzen dira.

Besteak beste, erleak desagertzeko arrazoien inguruan hitz egingo duzue ikastaroan. Zeintzuk dira faktore nagusiak?
Askotan aldaketa klimatikoari egozten zaio erru guztia, erantzun erraz baten bila. Eta hala da, aldaketa klimatikoa gertatzen ari da eta espezien desagerpena edota migrazioak eragiten ditu. Ikastaro honetan, alabaina, pausu bat urrunago joango gara. Erleek gure eremuan egunero aurkitzen dituzten arazoak landuko ditugu, nahiz eta beste mordoa egon daitezkeen. Asiako liztorra batetik. Liztor honek, beren beste ahaide hurbilen moduan, beste intsektu batzuk jaten ditu: inurriak, tximeletak, landare-zorriak… Zoritxarrez, erleak ere bere menu barruan daude. Barroa akaroa ere hor dago. Erlearen kanpo-parasito bat da, erlearen odolaz elikatzen dena. Gainera, jaioberriei ere eragiten die, malformazioetatik hasi eta heriotzaraino. Kutsadura ere bai. Loreek jaulkitzen dituzten molekula kimikoak erabiltzen dituzte erleek loreak aurkitzeko, guk bidaiatzean GPSa erabiltzen dugun moduan. Aire-kutsadurak molekulen sakabanaketan eragiten du, eta ondorioz, esandako molekula kimikoak aurkitzea zailagoa da erleentzako. Eta, azkenik, pestizidak. Erleak akaba ditzakete, izan ere, erabiltzen diren pestizidek erleen neurona-arteko loturetan eragin eta horien jokabidea eraldatzen dute.

Erlezaintzaren eta erleetatik eratorritako produktuek ere euren lekua izango dute. Zer da zehatz-mehatz landuko duzuena?
Erleak protagonista hartu eta bere inguruko guztiak landu nahi ditugu. Horregatik, animaliaren egoeraz hitz egiteaz gain, gure kulturan izan duten, duten eta izango duten erabilera hurbildu nahi diogu jendeari. Gure helburu nagusietako bat, erleen problematika eta egungo ekoizpena uztartuz, ikasleek erlezaintzaren inguruko iritzi propio bat eraikitzea da. Horretan laguntze aldera, bigarren eguneko praktikak lanbide hau ezagutzen utziko digu. Izan ere, erlauntzak bisitatuko ditugu eta beste gai askoren artean erle-produktuen inguruan hitz egingo digute; hala nola, eztia, polena, propolia, erregina-jalea, argizaria, erle-pozoia…

Zein da ikastaroaren helburua?
Helburu nagusia ikasiz disfrutatzea bada ere, honako hauek jarri ditugu gure helmugatzat: erleen garrantziaz ohartzea, erleen galera eragiten duten faktoreen aurrean zein neurri hartu ezagutzea, erleetatik eratorritako produktuak eta hauen onurak ezagutzea; eta erlezain berriak erakartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

70 + = 80