Bakartxo Arrizabalaga: “Lehen sorkuntza frantsesez da eta euskara beti bestearen menean bizi da”

Baionako UEUko Udako Ikastaroen barruan “Testu pragmatikoen itzulpena fr-eu konbinazioan” izeneko ikastaroa izango da gaur eta bihar Bakartxo Arrizabalaga Labrousse itzultzailearen eskutik. 25 urteko esperientzia du, batez ere administrazio publikoan.

IKUSI BIDEOA

Bakartxo Arrizabalaga1

Ikastaroa antolatu duzue eguneroko langintzako arazorik ohikoenen gainean gogoeta egiteko eta…
Bai. Ideia zen arazoetatik abiatzea. Hain zuzen ere, egunerokoan gogoeta egiteko tarte gutxi izaten da eta talka egiten digunean zerbaitek, ahal beste gainertik pasa eta aitzina egiteko joera izaten da; baina talka horiek, oztopo horiek, zerbaiten adierazgarri izaten dira. Gogoeta tarte bat hartu eta horren bila gabiltza. Zer erraten digute gure arazo horiek gure itzulpengintzaz? Aitzina egiteko, zer egiten ari garen ulertzeko, eta gure langintza hobetzeko, hobeki ulertzeko.

Zein arazo dira ohikoenak frantsesetik euskararako itzulpen lan horretan?
Lehenik eta behin arazo nagusia izaten da batez ere frantsesetik euskarara itzultzen dela eta ez beste norabidean. Horrek mendekotasun bat ekartzen dio euskarari. Lehen sorkuntza frantsesez da eta euskara beti bestearen menean bizi da eta horrek maiz ekartzen du halako frantses moldeen imitazio bat, mendekotasun bat. Eta gero arazoa izaten da ere euskal estiloa ez dela lantzen, baizik eta frantses estiloaren menean garela eta maiz frantses estiloari lotuegi aritzen garela. Besteak beste euskal estiloa landu ez delako, estilistika azterketa eskas zaigu. Ez da halakorik eginik eta horretan filologoei dei egiten diet, bere lana egin dezaten itzultzaileen lana egitera etorri ordez. Guk eskertuko genieke baldin eta lan horiek, hizkuntzalaritza lan horiek eginen balituzkete. Kontzientzia eza izaten da maiz euskararen estiloaz eta nola behar den euskaraz idatzi. Idazketa gutxiegi da gaur egun euskaraz. Itzulpena, idazketa oso molde berezia da eta beharko genuke beste oinarri hori landuagoa ukan. Hori da arazoa gehienetan. Guztia itzulpen bihurtzen dela eta ez luke hola behar.

Ikastaro honen helburua itzulpen estrategia sistematizatzea da.
Bai, noski. Testu bat ematen zaigunean, lehenik ematen zaigu atzorako egin dezagun eta, beraz, tarrapatan hartzen dugu testua eta hirugarren lerroan hasten dira arazoak. Hori gerta ez dadin aitzinetik hausnartu behar da: zer da hau? Zertarako? Zein funtzio du? Norentzat da? Eta horrek guztiak baldintzatzen du gero egin behar dugun lana. Ez da berdin itzultzen karrikako norbaitentzat, edo enpresa batentzat edo erakunde batentzat, edo ikasleentzat edo irakasleentzat. Herri txiki batentzat edo Euskal Herri osoarentzat. Hori kontuan hartu behar da. Eta baita ere nolako testua den, nork idatzia, eta zein funtzio duen. Hori guztia lanari ekin aitzinetik gogoetatu behar da. Lanaren lehen pausoa ez da itzultzen hastea, baizik eta azterketa hori egitea. Gero azterketa proiektu bat bilakatzea esku artean dugun testu hori.

Nola landuko duzue hori guztia. Zein ta erabiltzen ari zareten metodologia?
Nire asmoa mintegia egitea zen eta hala da. Eta, beraz, elkarren artean landuz egiazko testuen gainean. Egiazko testuak aztertuz. Egunerokoa aztertuz eta bakoitzaren esperientzia kontuan hartuz. Hurbil hurbiletik, egunerokoari atxiki.

Baina eguneroko lasterketatik kanpo.
Bai. Denborarekin. Eguneroko eromena eskuartean hartuz eta gogoeta egiteko denbora hartuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

− 2 = 2