Things that matter

Batek idatzi zuen moduan, “denbora librean irakaslea” izan naiz, salbuespen oso gutxi salbuespen, gotorleku espainiarra den UPV hartan; baina, tartean, barrenak bultzaturik, egiaren bila abiatu nintzen orain dela urte asko, egia zale amorratua bilakaturik hala ikerketan (neure maila apalean) nola eguneroko bizitzaren gorabeheretan.

Hortaz, idazteari ekin nion 1972an, denbora hartako Anaitasuna aldizkarian[1]. Harrez geroztik, hamaika artikulu, hainbat saio eta baita zenbait liburu ere idatzi ditut, beti Graham Greene-ri kasu eginez: “to write about things that matter”, alegia, gauza garrantzitsuei buruz idaztea. Izan ere, horrela esan zion Graham Greene[2] idazleak John Perkins hiperjamesbond pertsonaia errealari[3].

Zientzia da horrelako gai garrantzitsua. Horrelako arloan eman ditut urte asko, hala natur zientzietan (fisikan batez ere) nola gizarte zientzietan (ekonomian bereziki).

Bide luzetxo horretan, aparteko gidariak izan ditut, beraien lanak noski: C. Snow, A. Sokal eta J. Bricmont, R. P. Feynman, S. Weinberg, M. Hudson, R. Wray, W. Mosler, B. Mitchell, …

Aspalditik Snow-ek[4] bi kulturaren bereizketa salatu zuen: alde batetik humanitateak ditugu, beste aldetik natur zientziak. Kultura bakoitzak bestea enoratu du. Gizakia eta beronen mundua ulertzeko gehien eman duten bi arlo horiek elkarri bizkarra emanez egon dira.

Sokal eta Bricmont-ek[5] izugarrizko salaketa egin dute, zientzia, sasi-zientzia eta etengabeko eta zentzurik gabeko hitz-jarioa bereiziz[6]. Hona, kasu, hitz garbi batzuk[7]: “… zientziaren estudioen harrokeria epistemologikoa eta metodologikoa estudio horien gauza garrantzitsuetatik (alegia, zientziaren eta teknologiaren rol sozial, ekonomiko eta politikoetatik) desbideratzea besterik ez dira.

Feynman-i irakurtzea plazera da, baita barre eragitekoa[8] ere. Weinberg[9] maisua da, erabatekoa.

Azken bolada honetan, ekonomiari dagokionez, 2009tik aurrera, Wray[10], Mosler eta Mitchell-en inguruan ibili naiz: ekonomian ezagutzen ditudan autorerik onenen inguruan, inolako dudarik gabe.

Aparteko maisuak, beraz, eta guztiok, zeinek bere arloan, gauza garrantzitsuei buruz (things that matter, alegia) idatzi dute.


[2]The important thing is to write about things that matter.”

[3] Ikus John Perkins (2004) Confessions of an economic Hit Man.

[4] The two cultures and the scientific revolution (1959).

[5] Ikus haien Intellectual impostures: post-modern philosophers’ abuse of science (1998) eta Sokal-en web orria: http://www.physics.nyu.edu/faculty/sokal/index.html#papers.  

[7] Ikus “Science and sociology of science: beyond war and peace” (2001).

[8] Hamaika barre egin dut haren Surely you’re joking, Mr. Feynman izeneko liburuarekin(1986).

[9]  Ikus, besteak beste, Dreams of a final theory (1992) etaThe revolution that didn’t happen” (1998).

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude