Baionan uda batez

Behin baino gehiagotan egona naiz Baionan. Halaber, behin baino gehiagotan egona naiz UEUko udako ikastaroetan, eta ez Baionan bakarrik. Hala ere, aitor dut Baionan eta uda batez izan zela buruan (eta bihotzean) gehien gogoratzen dudan udako ikastaroa. Egungo euskal poesiaren ingurukoa izan zen, 2003ko uztailean.

Gogoan dut, adibidez, nola aipatu genuen ikasle ginenon artean ikastaroa Euskal Literaturaren historiara pasatuko zela, bertan parte hartzen ari ziren idazleen kalitateagatik: “hemendik hamarkada batzuetara orain haur direnak edota oraindik jaio ez direnak harrituko dira jakitean nor eta nor bildu ziren Baionan uda batez” bota zuen gutako batek. Tira, ia hamarkada bat igarota, komentario haren espektatiba handixkoa ote zen zalantza dut orain.
Nolanahi ere, arestiko pasartea argi mintzo da bertako giroaz: oso interesgarriak izan ziren gure artean gertatu ziren eztabaidak eta solasaldiak, ordu lektiboetan nahiz bestelakoetan, ikasleekin zein irakasleekin. Maila pertsonalean, Joseba Jaka Beka eskuratu berria nuen nik eta, gogoan dudanez, mundu oso bat zabaldu zitzaidan zirriborratzen hasia nintzen liburuaren aurrean. Alde horretatik, aitor dut lagungarria izan zela Baionan uda batez egotea. Hitz batez adierazi beharko banu, ikastaro hark perspektiba eman zidala esango nuke.
Izan ere, perspektiba da UEUk 40 urteotan eman diguna. Mundua ulertzeko ikuspegi zabalagoa.

Edu Zelaieta Anta (UEUko Literatura Saila) / Argazkia: kretyen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude